“Herria da gorputza, hizkuntza da bihotza” Urepeleko artzainaren, Fernando Aire Xalbadorren, esaldia da. Haren Odolaren mintzoa lanean jasotzen da, eta Mikel Laboaren ahotsak zabaldu zuen. Eta hizkuntza gorputza balitz? Nola azalduko luke gorputzaren adierazpenak etengabeko eboluzioan dagoen hizkuntza baten jaiotza?
Ikuskizun horren abiapuntua munduko hizkuntza guztien historia unibertsala da, baina euskara batuaren historia partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez. Xabi Paya kultura-sortzaileak idatzi du gidoia, eta Aukeran taldeak egin ditu koreografiak.