Gutun Zuria 2021 - Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia
2019an argitaratu zenetik, handia izan da Miñan liburuak egin duen ibilbidea. Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek idatzia, lehenak letra-idatzira pasa zuen bigarrenak ahoz kontatu zion istorio lazgarria. Gineako Errepublikan jaio zen Balde, eta haren anaia txikiaren bila abiatu zen Afrika iparrerantz. Hala, Gibraltarko itsasarterainoko bidaia kontatzen da liburuan. Saio berezi honetan, Arzallusek Ibrahima elkarrizketatuko du, liburukoez ez ezik, ondoren, Europara jauzi egitea lortu zuenean, gertatutakoen inguruan. Migrante baten istorioa lehen pertsonan kontatua, ohiko komunikabideetako titularren azpian dagoen letra txiki joria ezagutzeko parada bakana.
Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983)
Ikasketak Seaskako ikastoletan egin ondotik Leioara joan zen kazetaritza ikastera. Nagusiki bertsolaritzan aritzen da egun, baina tarteka kazetaritza lanetan ere bai. Aipagarriak dira Argia aldizkarirako egindako elkarrizketa eta kronikak eta Euskadi Irratiko "Goizean Behin" saioko zutabeak, zeinengatik Rikardo Arregi saria eman zioten. Ibilbide oparoa du bertsogintzan, eta 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen. 2018an hasi zen Irungo Harrera sarean migranteei laguntzen, eta han sortu zen Ibrahima Balderekin idatzitako liburua, Miñan (Susa, 2019).
Ibrahima Baldé (Guinea, 1994)
Hamahiru urterekin aita galdu zuen, eta haurride zaharrena izanik bere bizkar gelditu zen familiaren ardura. Kamioi gidari izan nahi bazuen ere, bere anaia gazteak Europarako bidea hartu zuela jakin zuenean haren arrastoen atzetik abiatu zen, hura etxera itzularazi nahiz. Bide horretan Afrika iparralde osoa zeharkatu zuen, egoera gordinenak biziz, azkenean Europarako bidea hartu arte. 2018an iritsi zen Euskal Herrira, eta gaur egun Madrilen bizi da mekanikako formakuntza bat eginez.
Goizalde Landabaso (Bilbao, 1970)
Kazetaria eta idazlea da. Kazetari gisa, EITBko Radio Euskadin lan egiten du, "Hágase la Luz" saioa zuzentzen eta aurkezten. Egunkari eta aldizkarietan kolaboratu du, eta hainbat aldiz epaimahaikide izan da literatura-sarietan. 2000. urtean Korte bat, mesedez kronika-lana argitaratu zuen (Alberdania, 2000). Orduz geroztik Jat (Elea, 2005), Bränskint (Txalaparta, 2011), Babeserako kopia (Elkar, 2015) eta 1.362 km euri (Elkar, 2019) argitaratu ditu.
SARRERAK
3€ / 2€ AZ TXARTELAREKIN (BI SARRERA ESKURA DAITEZKE TXARTEL BAKARRAREKIN).
2€ 14 URTETIK BEHERAKOEK ETA 65 URTETIK GORAKOEK.
AZ INFO-N: MARTXOAREN 9TIK 17RA.
LIBURUDENDAZ-EN: MARTXOAREN 18TIK 27RA.