Lehen hiru biretan 100.000 ikusle erakarri ondoren, Gure Zirkua prest da laugarren urteari ekiteko; oraindik ere pandemiak baldintzatuta, baina iaz urratutako bidetik zirkuaren magia zabaltzeko gogo betez.

Covid-19 birusaren eraginez Gure Zirkuak erabat moldatu behar izan zituen iaz aurreikusitako ibilbideak eta helburuak; eta ondorioz, 2020an bete ezin izan zituen xede eta konpromisoei helduko die taldeak 2021ean.

Batetik, Euskal Herri osora iristeko asmoa du aurten Gure Zirkuak. Pandemia tarteko, zirku ibiltaria ez zen iaz hain ibiltari izan, eta karpa ez zen Gipuzkoako mugetatik atera. Asko izan zirenez ikuskizunaz gozatu gabe geratu zirenak, taldea sekula baino lehenago hasiko da aurten emanaldiak eskaintzen, urtean zehar Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara iristeko asmotan.

Bestetik, osasun agintariek ezarri dituzten segurtasun- eta garbiketa-neurriak betetzeko helburuz, Gure Zirkuak beste karpa bat erabiliko du aurten: lehen urteetan erabilitakoaren “ahizpa handia”, lehenbiziko hark eskaintzen zuen goxotasuna galdu gabe, baina 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatzea ahalbidetuko duena.

Hala, Gure Zirkuak ilusio handiz iragarri nahi ditu 2021eko birako lehen emanaldiak, Errenteriako Agustinak auzoan eskainiko dituenak, apirilaren 8tik maiatzaren 2ra:

Sarrerak salgai daude, jada, interneten,www.gurezirkua.eus webgunean.

Honez guztiaz gain, eta Errenteriako Udalarekin elkarlanean, herriko ikastetxeetako ikasleek Gure Zirkua bisitatzeko aukera izango dute eskolako jarduera gisa apirilaren 12ko astean, zirkuaren atzean dagoen lana eta erantzukizuna ezagutu ahal izateko.