"80 amandre", helduentzako ipuin kontaketa Dorleta Kortazar Alkozen eskutik

Eibar 2021(e)ko Apirilak 21
  • "80 amandre", helduentzako ipuin kontaketa Dorleta Kortazar Alkozen eskutik

“Eskoriatzan jaio nintzen (Gipuzkoa), Deba ibaiaren sorburutik oso gertu. Agian, horregatik behar izaten dut noizean behin, errekak legez, itsasorainoko bidea egitea.

Berba hitza maite dut, berbak dira nire lanerako tresna eta horregatik zaintzen ditut tentuz. Nik sortutako ipuinak, tradizionalak eta egile berrienak kontatzen ditut, helduentzat, haurrentzat eta nerabeentzat. Kontatzen dudanean, bestelako mundu bat posible dela sinesten dudalako.

Diote, begiekin eta batez ere irribarrearekin kontatzen dudala, gozo, xamur, euskara garbian eta zainduan.

Ipuinak kontatzea bezainbeste maite dut entzutea, irakurtzea eta batez ere ikastea; estatuko eta nazioarteko ipuin kontalari erreferenteen eskutik jaso dut formazioa.”

80 AMANDRE

80 amandre behar omen dira aintzinako emakumeak egungoekin lotzeko, hori zioen behintzat Jorge Oteiza handiak; 80 amandre besterik ez, antzinaroa gaur egunarekin lotzeko.

Nik 4 amandre nahikoa izan ditut munduan nire txokoa aurkitzeko, 4 amandre besterik ez, ipuin bihurtu eta saio honetan elkartu ditudanak.

Ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi duten emakumeen istorioak dira hauek. Esku zailduak, sabel puztuak, begirada galduak, eta batez ere irribarrea begietan duten amandreak, amamak, amonak, amatxiak, amumak…

Finean, nire amandreak zure amandreak ere badirelako.

Plaza mugatuak!. Gogoratu! apirilaren 15etik aurrera, izena eman behar da Liburutegian, posta elektronikoz (liburutegia@eibar.eus) edo telefonoz (943708437). 

Eibarko Udala

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana