Serge

Vitoria-Gasteiz 2021(e)ko Apirilak 22
  • Serge
    Argazkia: Gorka Lasa eta Ander Morea (Kipula studio)

Atzo enarak itzuli baziren, gaur joan egin dira. Udazkena da Sergeren bihotzaren leihotik begiratuta ikus daiteken paisaia, euritsua eta orbelez estalia. Udazkena da disko berria entzun ondoren uzten duen gorputzaldia. Aldarte berarekin sortu eta zaildutako lana da honakoa: urte zail honek baldintzatutako ondorioak jasan ditu musikariak eta barruko malkoak isurtze aldera, sormena bihurtu du ihesbide zintzo. Etxeko leiho ondoan, bere talaiatik begira, inguruan gertatzen denari hitzak eta doinuak jarri dizkio. Orain, Leihotik mundura partekatu nahi duena.

Lan berriarekin pauso erraldoi bat eman du Sergek. Gari Berasaluzeren olerki sortarekin ondutako Enarak itzuli dira estreinako diskoarekin abiatu zuen bere bakarkako hegaldia. Orain, aldiz, norbere iparrorratza erabiltzearen hautua egin du, bere odol eta izerdiz idatzitako abestiekin, gainezka egiten zieten sentimenduekin, askoz ere proiektu pertsonalagoan. Edonola ere, Berasaluzeren olerki bat berreskuratu du, lehen aldi hartakoa, Amaitu gabeko puzzleak izenez diskoan txertatu duena.

Debuteko lanean bezalaxe, Zestoako Gaztain estudioan aritu da grabatzen Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, ekaina eta uztaila bitartean.

Zortzi dira Leihotik mundura osatzen duten abestiak: Aintzira izoztuak, Dena itzaliko bagenu, Mezua, Maleta prest, Gorde itzazu malkoak, Amaitu gabeko puzzleak, Keak iraun bitartean eta Bukaeraren hasiera.

Entzulea konplize eta bidaide hartzeko adina indar duten istorioak dira, luma delikatuarekin eta poetikoarekin idatziak. Zalantzarik gabe, inoren barrenak inarrosteko gai den emaitza plazaratu du.

Sergeren abestiei mina darie, loa kentzen duen min garratz hori. Nostalgiara daramana, oroitzapen tristeetara igeri egiten duena, bat-batean apurtu den orainaldi horren hormara, bukaeraren hasierara… Musikariaren barne borroka intimoa sorrarazi du horrek guztiak. Izan ere, gordinegia da askotan bizitza, eta hori da une honetan kudeatzea tokatu zaiona. Bere doinuek, ordea, badute argi izpirik behelaino artean. Itxaropenari zabalduta dagoen leihoa ere bada mundura atera duena, udaberrian berriro enarak itzul daitezen. Baldin eta inoiz joan badira…

Esperantza hori diskoaren azalak ere erakusten du, eta Sergeren alabetako batek eginiko marrazki koloretsuan oinarrituta dago. Eraikuntzak diruditen zutabeak dira, hainbat leihoz hornituak, baina kolore bizi-biziekin. Aitak bere musikarekin nagusiki proposatzen dituen malkoei eta hostoei kontrapuntua eman nahian.

GONBIDAPENAK:

Lagun bakoitzak 2 gonbidapen bakarrik eska ditzake.

Gonbidapenak eskuratzeko 3 bide egongo dira apirilaren 15etik aurreraGoizeko 10etatik aurrera irekiko dira hirurak:

  1. Bibe plataforman
  1. Telefonoz eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara
  2. oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita:
    • E-posta idatzita ez da ziurtatuko gonbidapena, baieztapen-mezua jaso arte.
    • Emanaldiaren egunean bertan 14:00etan itxiko da aukera hau.
  • Telefono edo email bidez jasotzen diren datu personalak Bibe plataforman sartuko dira. Behin jarduera amaitutakoan, datu guztiak ezabatu egingo dira.
  • Gonbidapena paperean inprimatuta edo edozein gailu mugikorretan eraman daiteke.
  • Gonbidapenak agortu arte.

OHARRAK:

  •  (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da jarduera hau, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.
  • Jarduera hau doakoa da, baina edukiera mugatua izango denez, GONBIDAPENAK AURREZ ESKURATU beharko dira Oihanederren webgunean; horretarako EMANALDIA BAINO ASTEBETE lehenago irekiko da aukera, eta hasi baino ordubete lehenago itxiko.
  • Jarduerara 10 minutu lehenago etortzea gomendatzen da.
  • Jarduera hasi eta 5 minutura gonbidapenek duten balioa galduko dute.

 


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana