"Womanology. Colección José Ramón Prieto"

Bilbao 2021(e)ko apirilaren 30(e)tik 2021(e)ko irailaren 5(e)ra
  • "Womanology. Colección José Ramón Prieto"

Gizartea eta erakundea batzeko borondate irmoarekin sortu zen museoa, eta, sorreratik bertatik, arlo pribatuko dohaintza ugari jaso izan ditu. Kontu horren harira, erabat zentzu beteko ideia da Bilbon sortutako arte-bilduma berealdikoa erakustea, gure erakusketa-programan erdiz erdiko lekua duen bildumazaletasuna aldarrikatzearekin bat datorren proiektua. Gainera, nazioarteko bilduma izateak abagune aproposaren ideia indartu egiten du.

José Ramón Prietoren bilduma arte garaikideko multzoa da, emakume artisten lanekin soilik osatu dena. Artistetako gehienak bildumagilearen belaunaldi berekoak direnez, horien esanahiarekin mimesi estu bat iradokitzen du. Hala ere, ez zen horren bila ibili; alderantziz, azken hiru hamarkadetan museoetan, azoketan eta biurtekoetan aurkitu zituen artisten artean sigi-saga ibiliz iritsi zen hori; era batera edo bestera bildumagilearen esperientzia eta oroitzapenekin lotuta zeuden. Museoko ikusleek erakusketa berezi honen bidez ezagutzeko aukera dute orain. Lourdes Fernández arte-historialaria izango da komisarioa, kultura eta arte garaikidearekin lotutako proiektu garrantzitsuen zuzendari izana, hain zuzen. Erakusketan 35 artistaren 45 lan daude; batzuk hurbilekoak eta beste batzuk nazioartean proiekzio handikoak, hala nola Marina Abramovic, Ana Laura Aláez, Louise Bourgeois, Carmen Calvo, Ángela de la Cruz, Donna Huanca, Jenny Holzer, Cristina Iglesias, Barbara Kruger, Elizabeth Peyton, Dora Salazar, Monika Sosnowska, Tatiana Trouvé, Azucena Vieites edo Kara Walker. Ikusgai dauden lanen artean, Dora Salazarren Ehuntzea II pieza ere badago, bildumagileak museoari duela gutxi dohaintzan emana.

Prieto bilduma ezin da zehaztu arte estilo batekin edo antzeko estilo gutxi batzuekin; aitzitik, pop arta, kontzeptualismoa, minimalismoa, informalismoa, abstrakzio geometrikoa, povera artea, konstruktibismoa, neobarrokoa, espresionismoa edo fotorrealismoa bezalako lengoaia desberdinei egindako erreferentzietan zehar dabil ibilian. Gainera, era guztietako diziplina artistikoen erakusgarri da: pintura, eskultura, marrazkia, grabatua, argazkia askotan performancetik eratorria, mihiztatzea, bideo-instalazioa, soinu-obra eta joskintza daude bertan, eta "konstelazio" moduko batean erlazionatzen dira. Bildutako lanek gogoeta zabala mamitzen dute gai hauen inguruan: generoaren eraikuntza, mundua behatzeko begirada femenino berezkoa izatea, sexualitatea, denboraren iragankortasuna, artearen esanahia, bizitza modernoko idealaren porrota, erlijioa, edo heriotza. Multzo koherentea osatzen dute, eta, azken batean, inguruan daukagun errealitateaz berriz pentsatzera gonbidatzen gaitu.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2021(e)ko apirilaren 30(e)tik 2021(e)ko irailaren 5(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non

Euskadi, auzolana