"Grekoa, Velázquez eta Goya. Carmen Marañón-Fernández de Araozen bildumako margolanak""

Bilbao 2021(e)ko maiatzaren 13(e)tik 2021(e)ko irailaren 5(e)ra
  • "Grekoa, Velázquez eta Goya. Carmen Marañón-Fernández de Araozen bildumako margolanak""

Obra Gonbidatua programaren 64. edizioak jendaurrean erakutsiko ditu, lehenengo aldiz, Carmen Marañón-Fernández de Araozek (Donostia, 1912Madril, 2005) bildutako hiru margolan, arte espainiarreko hiru figura unibertsalek sinatutakoak: Grekoa, Velázquez eta Goya. Carmen Marañónek, Gregorio Marañón (Madril, 1887-1960) doktorearen alabak, kultura-ekimen ugari sustatu zituen bere bizitzan. Horien artean, nabarmentzekoak dira Gregorio Marañón Fundazioa eta Toledoko Errege Fundazioa.

Marañón doktorea aditu handia izan zen endokrinologian eta medikuntzaren beste diziplina batzuetan; era berean, joan den mendeko espainiar humanista eta intelektualik nabarmenetakoa izan zen. Arte-bilduma interesgarria osatu zuen, zeinaren ale bikainenetako bat Francisco de Goyaren Tormesko itsumutila (c. 1808-1810) izan zen, eta, besteak beste El Greco y Toledo (Grekoa eta Toledo) saiakera ezaguna argitaratu zuen 1956an. Urte hartan bertan, San Fernandoko (Madril) Arte Ederren Errege Akademian sartzeko eman zuen hitzaldiaren gaia Kretako margolaria izan zen, hain zuzen ere.

Urte batzuk geroago, beraren alaba Carmenek aipatutako Goyaren mihisea jaso zuen oinordetzan. Alejandro Fernández de Araoz politikariarekin Espainiako Bankuko gobernadorea izan zen Bigarren Errepublikan ezkonduta zegoen Carmen, eta senarrarengandik heredatu zituen Grekoaren Asisko San Frantzisko estasian (1594-1604) eta Diego Velázquezen Jerónima de la Fuente ama agurgarria (1620).

Orain, hiru maisulan horiek emango dira ezagutzera museoan, Ignacio Zuloagak 1931n margotutako Carmen Marañón andrearen erretratua koadroarekin batera. Euskal artista horrek lotura handia izan zuen familiarekin, eta Marañón doktorearen lagun mina izan zen. Carmenena ez ezik, Zuloagak haren senarraren eta, hirutan, doktorearen erretratuak ere egin zituen. Izan ere, azken horrek sarritan egin zion bisita Zumaiako (Gipuzkoa) Santiago Etxera (bere etxe-museoa), non garaiko intelektualik handienetako zenbait egon ziren, hala nola José Ortega y Gasset filosofoa.

Asisko San Frantzisko Grekoaren ikonografian gehien nabarmentzen den santu penitenteetako bat da, margolariak askotan pintatu baitzituen haren bizitzako pasarteak. Asisko San Frantzisko estasian (1594-1604, olioa mihisean, 50 x 40 cm) koadroan santua adierazkortasun handiz irudikatuta dago, atzealdea ondo zehaztu gabe, otoitz egiteko jarreran eta begirada zerurantz goratzen duen unean, estigmak jaso aurretik. Abitu zarpail bat du jantzita, frantziskotarren ordenako botoak sinbolizatzen dituzten hiru korapilodun soka batekin, eta aldamenean ditu gurutzea eta burezurra, meditazio-elementuak. Hala, Kontrarreformaren balioetako bat adierazten du: salbazioa damuaren, otoitzaren eta penitentziaren bitartez lortzea.

Velázquezen Jerónima de la Fuente ama agurgarria (1620, olioa mihisean, 150 x 105 cm) margolari horren katalogoko emakume-erretratu apurretakoa da. Hiru mihisetan irudikatu zuen serora, Santa Isabel la Real lagunarte toledoarrak eskatuta, Jerónima ahizpak, Sorkundeko Santa Klararen komentua sortzeko asmoz, Manilara egindako bidaia zela-eta. Margolan hau, Prado Museoan gordeta dagoena bezala, gorputz osokoa da; bertan, eskumako eskuan gurutze bat eta ezkerrekoan liburu bat dituela ageri da serora. Erretratatutako emakumearen psikologia irmoa eta beraren bizi-esperientzia erakusten dira, Velázquez gazteak urte haietako lanei isuri zien naturalismo bikainaz.

Tormesko itsumutila (c. 1808-1810, olioa mihisean, 102,5 x 83 cm) lanean, Goyak, alde batetik, Espainiako literatura pikareskoaren eleberri gorenetako bati izenburu berekoa eta egile ezezagunekoa heltzen dio, eta, bestetik, eskale eta babesgabekoei umeei, zenbaitzuetan buruzko margolaritzari, zeina aurretik arrakastaz jorratu zuten beste margolari batzuek, Murillok esate baterako. Francisco de Goyak eleberriaren pasarte bat erakusten du, zeinean itsu ankerrak hatsa usaintzen dion laguntzen dion haurrari, egiaztatzeko hark isilean jan duela prestatzen ari zen lukainka. Lan honetan, Goyak estilo ia espresionista eta kolore-sorta iluna darabiltza, bere "Margolan Beltzen" (1819-1823) aurrekari. Azkenik, aipatu beharra dago Marañón doktoreak, bere zientzialari-arimari jarraituta, difteriak eragindako arnas aparatuko hanturaren zeharkako aipamena igarri zuela margolanean; gaztelaniaz garrotillo deitu ohi zaio horri.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2021(e)ko maiatzaren 13(e)tik 2021(e)ko irailaren 5(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non

Euskadi, auzolana