Bideoaldia 2021

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko Ekainak 18
  • Bideoaldia 2021

Bideoaldiaren 33. edizioak Antzoki Zaharrean elkartuko gaitu ekainaren 18ko arratsaldeko 19:00etan eta sarrera doakoa izango da. Emanaldirako gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan jaso ahal dira ekainaren 11tik aurrera (11:30-13:30). Pertsona bakoitzeko gehienez 2 gonbidapen eskuratu ahal izango dira. Ekitaldiak edukiera mugatuta izango du aurten eta bertaratzen diren guztien segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osasun-neurri guztiak hartuko dira.

Larrotxene Kultur Etxeak, Donostia Kulturako ikus-entzunezko eremuan espezializatutako zentroa den aldetik, ikasturtean zehar egindako lanak Bideoaldian aurkezten ditu urtero. 33 urte dira Larrotxeneko bideo espezializazioa martxan jarri zela (Larrotxene Bideo) Intxaurrondo auzoko Larrotxene Kultur Etxean eta dagoeneko 500 produkzio baino gehiago ekoitzi dira eta ehunka koprodukzioetan parte hartu da.

Ikasturteko produkzioak

2020-2021 ikasturtea berezia izan da Larrotxenen. Ikasleen segurtasuna bermatzeko partaide kopuruak mugatu egin dira eta, ondorioz ikastaroen kopurua ere gutxiagotu behar izan da. Dena den, lana emankorra eta sormenez beterikoa izan da eta ikasturtean zehar landu diren hainbat generotako produkzioen aukeraketa ikusteko parada izango dugu:

Pablo Maloren ikasleek Atzelariak film laburra zuzendu dute Zine zuzendaritza ikastaroaren barruan.

Oskar Tejedorrek gidatutako Dokumentalgintza ikastaroan landutako proiektuen aurkezpenak ikusi ahal izango ditugu.

Larrotxene Bideoko ikaslez osatutako B-Egia bideogileen kolektiboak film laburren sorta bat aurkeztuko du.

Irungo Toki Alai ikastetxearekin elkarlanean erdi aroari buruzko ikasgaiak osatzeko film labur bat sortu dugu. Ikastetxeko 15 ikaslek eta hainbat irakaslek hartu dute parte.

Azkenik, eta koprodukzio gisa, A Way Out thriller generoko film laburra aurkeztuko da.

Elkarlanak

Aurten ere, Kontakizun Digitalen Laborategiak bi Learn By Doing sormen-prozesu jarri ditu abian. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin kolaborazioan, Mockumentary edo dokumental faltsu bat sortu da, Instagram, Facebook eta Twitter bidez zabaldu dena Social Media Storytelling teknikak erabiliz. Egitasmoaren izenburua #EuskoNino da. David Pareja aktore ezaguna izan da protagonista eta bere sormen prozesuan Larrotxene Bideoko 8 ikaslek hartu dute parte.

Laborategian euskarazko webserie baten prototipoaren diseinuari ere ekin zaio. Aurten 4 ikaslek osatutako lantalde batek webseriearen oinarrizko sormen elementuak definitu ditu.

Helburua da datorren ikasturtean zehar (2021-2022) webseriea burutzea lantaldea handituz eta gidoigintza, ekoizpena, errealizazioa eta postprodukzioa landuz. Ideia beraz, telebistako fikzioak jarraitzen dituen pauso guztiak esperimentatzea da, baina YouTubeko kontsumo logikara bideratuz.

2020-2021 mailegu zerbitzua

Azken garai hauetan bizi dugun egoera kontuan hartuta, materiala mailegatzeko zerbitzua oso maiz erabili da. 2020-2021 ikasturtean 50 mailegu inguru egin dira mota guztietako ikus-entzunezko ekoizpenei laguntzeko, bai ikastaroetatik etorri direnei, bai ekimen partikularrei.

Larrotxenek etorkizunari baikor begiratzen dio hirian eta ikus-entzunezkoen munduan duen erreferentzia izaera sendoa baita. Hala erakusten du urtez urte instalazioak erabiltzen dituzten ikus-entzunezkoen zaleek eta profesionalek osatzen duten komunitate gero eta handiagoak.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana