Jarduera eskaintza Urgull mendian (2021eko uda)

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko ekainaren 18(e)tik 2021(e)ko irailaren 12(e)ra
  • Jarduera eskaintza Urgull mendian (2021eko uda)
    Argazkiaren egilea: Oskar Moreno

San Telmo Museoak azken hilabeteetan klaustroan izan dituen kanoiak igo ditu museotik Urgullera, Motako gazteluaren zabalgunera. Kanoiak mendian kokatzearekin batera museoak horien inguruko informazioa argitaratu du webgunean eta hitzaldia eta joko bat ere antolatu ditu, herritarren eskura jarriz hiriko ondarearen eta historiaren ezagutza.

Gainera, aurten, iaz ez bezala, Urgull mendiko hiru zentroak zabalik egongo dira udan eta haurrentzako jarduerak eskainiko dituzte: Historiaren Etxeak ekainaren 18an zabalduko ditu ateak; Natur Txokoak eta Liburutegiak, berriz, uztailaren 1ean.

MUSEOAREN BILDUMAKO KANOIAK

San Telmo Museoaren artilleriako bildumak 48 kanoi dauzka, horietako 36 Urgull mendian zehar barreiatuak daude: 4 mendian zehar, 16 Motako gazteluaren kanpoaldeko zabalgunean, 13 Historiaren Etxean, 1 San Telmo Museoan eta 2 Aquariumen.

Kanoi horien artean kategoria asko daude, baina bi tipologia nagusi bereiz daitezke: lehorreko kanoiak eta ontzikoak. Gehienak burdinurtuzkoak edo forjazkoak dira, eta gutxi batzuk brontzezkoak.

Duela bi hamarkadatik hona, San Telmo Museoak Zaharberritze eta Kontserbazio Prebentiboko Plana du Urgull mendiko gotorlekuetan dagoen artilleria bilduma zaintzeko.

Itsas artilleriako kanoiak zaharberritzearekin eta Urgullen jartzearekin planaren lehen fasea amaitu da. Fase horretan, modu programatuan, artilleriako pieza guztiak zaharberritu dira lekuan bertan edo Gordailuko instalazioetan.

Piezak zaharberritu ahala, bigarren fasea aktibatu zen, Prebentziozko Kontserbazio Plana. Plan hori, oro har, bi urtean behin gauzatzen da. Bere funtsa da kontserbazioan eragiten duten parametro garrantzitsuenen kontrolak egitea eta aplikatutako tratamenduen eraginkortasuna egiaztatzea, emaitzen arabera, haiekin jarraitzeko edo tratamendu berrietara jotzeko.

Plan honen helburua da piezak kontserbatzeko baldintza egokiak mantentzea, bi narriadura-eragile nagusiek sortutako ondorioak kontrolatuz: aire zabaleko esposizioa eta ekintza bandalikoak.

Donostiako erregimen plubiometrikoa, mendiaren beraren hezetasun handia eta itsasotik gertu dauden itsas aerosolak kanpoko narriadura-eragile oso garrantzitsuak dira, ezin baitira aldatu. Erronka handia da eta horretarako hainbat prebentzio-tratamenduren jarraipena egiten da.

Sinadurekin eta graffitiekin egindako ekintza bandalikoak, bildumako piezen gainean margotutakoak zein ebakidunak, arazo bat dira, eta horren ezabatze neketsuak kostu ekonomiko handia du, eta are larriagoa dena, batzuetan piezak betiko kaltetzen dituzte. Narriadura-eragile hori desager liteke, besteak beste, herritarrek kultura-ondarea zer den eta zer esan nahi duen ezagutuz eta ulertuz.

Hain zuzen ere, ezagutza hori ahalbidetzeko museoak bildumaren inguruko informazioa herritarren eskura jarri du webgunean, piezen jatorria, ezaugarri nagusiak eta kokapena azalduz. Bertan aipatzen dira XV. mendeko bonbarda, Rosita kanoia (XVI. mendeko bonbarda), sakrea, Aquariumeko brontzezko kanoiak, Saint Chaumond kanoiak, burnizkoak, ontzietakoak, irozoriak eta oinarriak.

Horrez gain bildumara gerturatzeko hainbat aukera egongo da udan: kainoien inguruko joko bat, ekainaren 15eko hitzaldia eta familiei zuzendutako ibilbide dinamizatuak mendian zehar.

Jokoa

Museoak kanoien inguruko jokoa jarriko du martxan uda honetan, ekainaren 9an hasita. Hilero kanoien inguruko galdera bat egingo du webguneko atal berrian eta sare sozialen bidez iragarriko du. Erantzunak San Telmo Museoan edo Historiaren Etxean (Motako gazteluan) utzi ahal izango dira, horretarako prestatutako kutxan.

Ekaineko galdera hilaren 9an argitaratuko da; uztailekoa, hilaren 1ean; abuztukoa, hilaren 2an, eta irailekoa, hilaren 1ean.

Hilabete bakoitzeko parte hartzaileen artean museoak zozketa egin eta sari hauek banatuko ditu:

- Joris Hoefnagels-en Donostiako XVI.mendeko grabatuaren erreprodukzioa

- San Telmo Museoaren dendako objektu sorta bat

- San Telmo Museorako hiru sarrera bikoitz

Museoa irabazleekin jarriko da harremanetan.

Rosita kanoiari buruzko hitzaldia

San Telmoren kanoi bildumako ezagunena da Rosita, eta, hain zuzen ere, piezaren inguruko hitzaldia eskainiko du museoan Javier López Martínek: El cañón Rosita y el hundimiento del Engelen en Pasaia. Hitzaldia “Museoaren ezkutuko lana” zikloaren barruan antolatu du San Telmok, museoaren berrirekieraren 10. urteurrenaren programazioan.

Javier López Martín ontzi-artillerian aditua da. 10 urte eman ditu Engelen ontzia ikertzen, bere hondoratzearen gertaera arraroa, nola iritsi zen Pasaiara eta pasa zena. Engelen ontzian Rosita kanoia zegoen eta itsasontziarekin hondoratu zen. Egun museoaren bildumako pieza da eta Urgullen dago.

Hitzaldia ekainaren 15ean izango da, 19:00etan, gaztelaniaz. Hitzaldia pesentzialki ikusteko sarrera erreserbatu egin behar da webgunearen bidez, eta internetez ere ikusteko aukera ere egongo da museoaren webgunearen bidez.

URGULLEKO GUNEAK

Pandemiaren ondorioz itxita egon ondoren, Urgull mendiko hiru zentroek ateak zabalduko dituzte uda honetan: Historiaren Etxea ekainaren 18tik aurrera egongo da zabalik; Natur Txokoa eta Liburutegia, aldiz, uztailaren 1etik aurrera.

Gainera, hirurek haurrei zuzendutako jarduera eskaintza errekuperatuko dute aurten, beti ere egoerari egokituta: edukierak murriztuko dira eta jarduera guztietarako izen-ematea beharrezkoa izango da. Bakoitzak astean behin eskainiko ditu, euskaraz eta 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta.

HISTORIAREN ETXEA

Motako gaztelua

Zabalik: Ekainak 18 - Irailak 12

Egunero irekita, 11:30-19:00

Tel: 943481547

San Telmo Museoak kudeatzen du Historiaren Etxea hiriari buruzko erakusketa, Donostiari begira.

Donostiari begira erakusketa, eraberritua

Urgull mendiaren tontorrean, Mota Gazteluan, Donostiari begira erakusketa dago, aurten berrikuntzekin itzuliko dena. Alde batetik, erakusketako eduki guztia lau hizkuntzetan egongo da (frantsesa eta ingelesa gehitu dira) eta, bestetik, goiko solairuan aldi baterako erakusketak hartzeko areto berri bat egokitu da eta horretarako bigarren solairuan egokitzapenak egin dira.

Asmoa da urtero erakusketa ezberdina eskaintzea bisitariari, Donostiarekin eta San Telmo Museoaren bildumekin lotura duten gaien inguruan. Hala, 2021eko udan aurrez museoan egondako Urgullen magalean erakusketako grabatu batzuen erreprodukzioak jarri dira, XVI-XIX mendeen artekoak, eta erakusten dutenak Urgull mendia hiriaren bilakaeraren lekuko gisa.

Jarduerak Historiaren etxean

Ostiraletan, 18:00. Uztailaren 2an hasita

Urgull ezagutu mendi-ibilbidea

+5 urte

Euskaraz

Jarduera hauek familientzako berariaz prestatutako mendiko ibilbide dinamizatuak izango dira Urgull era ludikoan ezagutzeko. Parte hartzeko beharrezkoa izango da  lekua erreserbatzea izena museoaren webgunean, leku kopurua mugatua izango baita. Erreserbak egiteko epea ekainaren 24an zabaluko da.

- Uztailak 2: Kanoiei su, kanoiak hobeto ezagutzeko ibilbide ludikoa

- Uztailak 9: Urgulleko mamuak, ibilbide beldurgarria

- Uztailak 16: Hizkiak dantza, mendian dauden inskripzio eta idazkien bila

- Uztailak 23: Zer itxura du Urgullek? Beste era batera begiratzeko jolasa

- Uztailak 30: Kanoiei su, kanoiak hobeto ezagutzeko ibilbide ludikoa

- Abuztuak 6: Urgulleko mamuak, ibilbide beldurgarria

- Abuztuak 13: Hizkiak dantza, mendian dauden inskripzio eta idazkien bila

- Abuztuak 27: Zer itxura du Urgullek? Beste era batera begiratzeko jolasa

NATUR TXOKOA

Gobernadorearen bateria

Zabalik: Uztailak 1 - Abuztuak 31

Egunero zabalik, 16:00-20:00

Tel: 628130591

Natur Txokoa ingurumen-ikasgela da, ingurugiroa hedatzeko helburuarekin Cristina Enea Fundazioak kudeatzen duena. Bere helburua da ingurumen-aberastasun handia duen kokagune historiko honetatik naturarekiko errespetua sustatzea, aisialdiko jarduera didaktikoen bidez. Bertaratzen diren familiei materiala emango zaie norbere kabuz mendian zehar ariketa ezberdinak egin ditzaten.

Jarduerak Natur Txokoan

Astearteetan, 18:00

+5 urte

Euskaraz

- Uztailak 6: Urgulletik galdu gabe

- Uztailak 13: Modesto Kapitaina, itsasoko abentura

- Uztailak 20: Urgull zentzumenekin

- Uztailak 27: Hondarrezko eskulturak

- Abuztuak 3: Urgulleko txokoak

- Abuztuak 10: Kattalin bidaiaria, esploratzaile bat Urgullen

- Abuztuak 24: Sebastiani sugandila eta bere narrasti kuadrilla

- Abuztuak 31: Pista jolasa Urgullen

Jarduera bereziak antolatuko dira aurretiaz izena emanda Cristina Enea Fundazioaren webgunean www.cristinaenea.eus (https://bibe.me/ekitaldiak-CristinaEneaFundazioa) leku kopurua mugatua izango baita. Izen-emateko aukera ekainaren 24an zabalduko da. Eguraldi ona badago, kanpoan egingo dira

LIBURUTEGIA

Damen bateria

Zabalik:  Uztailak 1 - Abuztuak 31

Egunero irekita, 16:00-20:00

Tel: 943481546

Urgulleko liburutegia Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak kudeatzen du. Liburutegian haur eta helduentzako liburu eskaintza egongo da, eta egoerak ahalbidetzen badu, prentsa eta aldizkariak ere bai.

Jarduerak liburutegian

Ostegunetan, 18:00

Zu irakurle, gu kontalari ipuin kontaketa saioa

+6 urte

Euskaraz

- Uztailak 1: Sagu kontuak eta asmakizunak.

- Uztailak 8: Gutizien putzua.

- Uztailak 15: Hodeiak.

- Uztailak 22: Sagu kankailua eta sagu txaparroa.

- Uztailak 29: Sagua eta haizeak.

- Abuztuak 5: Bidaia

- Abuztuak 12: Sagu agurea

- Abuztuak 19: Bainua.

- Abuztuak 26: Asmakizunak.

- Jardueretan parte hartzeko beharrezkoa da izen-ematea: haurliburutegia@donostia.eus edukiera mugatua izango baita. Izen-emateko aukera ekainaren 24an zabalduko da.

URGULL MENDIA EZAGUTZEKO BESTE ERA BAT: APP-A

Urgull mendia bertako eta kanpotarrentzat leku ezaguna den arren, mendiko txokoek gordetzen dituzten historia eta natura ezaugarriak ez dira hain ezagunak. Horregatik kaleratu zuen Urgull izeneko doako aplikazioa San Telmo Museoak Cristina Enea Fundazioaren lankidetzarekin.

Aplikazioa tresna aparta da Donostiako mendiaren ondare historiko eta naturala ezagutzeko. App-ak zailtasun gutxiko ibilbidea proposatzen du gaurdaino iritsi diren bide eta gotorlekuen egitura aurkezten duena. Gainera, espezie naturalei, begiratokiei eta museoaren bildumako argazki zaharrei buruzko azalpenak ere ematen ditu.

Ibilbidea San Telmo Museoan hasten da eta app-a deskarga daiteke, instalatu ondoren konexiorik gabe funtzionatzen duena. IOS eta Android gailuetarako App Store eta Google Playn eskuragarri.


Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2021(e)ko ekainaren 18(e)tik 2021(e)ko irailaren 12(e)ra
  • LekuaDonostia-San Sebastián

Non

Euskadi, auzolana