Andoaingo Rock Jaialdia 2021

Andoain 2021(e)ko Ekainak 19
  • Andoaingo Rock Jaialdia 2021

Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, Andoaingo Rock Jaialdia datorren ekainaren 19an, larunbata, itzuliko da XIII. edizioa izango den honetan, zaletuak gozarazteko prest. Aldaketa nagusi gisa, festibalak eguneko formatua izango du eta bi eszenatokitan banatuta egongo da: Ondarreta ikastetxeko patioa eta Bastero Kulturgunea. Hala, kartela osatzen duten bost taldeek euskal rockaren sasoi ona erakutsiko dute, estilo ezberdinetako bost proposamen erakargarrirekin. Doako gonbidapenak ekainaren 4etik aurrera egongo dira eskuragarri, ohiko kanalen bidez (Internet-Kutxabank eta Bastero kulturguneko leihatilak).

ESKAINTZA ANITZA

Audience gernikarrek emango diote hasiera jaialdiari 12:30ean Ondarreta ikastetxeko patioan. Tolesdurak izeneko pandemian zehar sortutako disko berriko abestiekin iritsiko dira Andoainera. 15:30ean, agertoki berean, Rüdiger artista beteranoa izango da. Rafa Berrio, Joseba Irazoki ala Willis Drummond bezalako artistekin urtetan zaildu ostean, orain, Felix Buffek berak hartuko du gidaritza Rüdiger alter-egoa hartuta eta Before it’s vanished estreinako diskoa aurkezteko, pop-etik folkera eta nazioarteko indie-ra doan proposamen zabal batekin.

Eszenatoki aldaketa Basterora, 17:45ean Angel Kaplan eta Bubblegum taldearen emanaldiarekin. Estatuko power-pop onenaren erreferentzia da artista hau. Hainbat urtetan makina bat taldetan aritu ondoren eta 80. hamarkadako neo-psicodelia eta kutsu klasikoagoko pop estiloetan murgildu ostean, bakarkako ibilbideari ekin dio. 19:00etan, asturiarrak Inoren Ero Ni (Ondarretako patioa) talde beteranoari emango dio lekukoa. Euskal post-rockaren kultuko talde bihurtuta jada, Andoainera iritsiko dira lan berri bat aurkeztera baita ere: Il cercatore di perle. Kritikaren ustez, taldearen ibilbide luzeko disko onenetako bat da.

Azken buruko, iluntzean, Belako taldeak hartuko du Bastero Kulturguneko agertokia. Mungiako taldea 20:45ean hasiko da aurtengo jaialdiari amaiera emateko. Mundu osoko jaialdi ospetsuetan parte hartu ondoren, nazioarte mailako talde bihurtuta, iaz plazaratutako Plastic Drama lana aurkeztuko digute, orain arteko konposizio errebindikatzaile eta indartsuenak biltzen dituena, hain zuzen.

Halaber, jaialdiaren esparruan, ekainaren 11n, J. A. Areta Goñi “Juxe”-ren argazkien bidez jaialdiaren historia erakusten duen argazki erakusketa inauguratuko da. Erakusketaren helburua jaialdiaren espiritua ezagutaraztea eta erakustea da. Uztailaren 3ra arte egongo da ikusgai erakusketa-aretoan, ohiko ordutegian (astelehenetik ostiralera, astearteetan izan ezik, 18:30etik 20:00etara eta larunbatetan 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era).

Andoaingo rock jaialdirako sarrerak doan eskuratu ahal izango dira ekainaren 4etik aurrera, ohiko bideetatik, eta, egoera ikusita, gomendagarria da modalitate telematikoak erabiltzea. Kontzertu bakoitzerako sarrera bana eskuratu beharko da. Horrela, gonbidapenak eskuragarri egongo dira Interneten eta Kutxabankeko kutxazainetan, baina baita Bastero Kulturguneko leihatilan ere, 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.

bastero.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana