Bizkaiko Foru Aldundiko Ibilbide historikoak 2021

Forua 2021(e)ko uztailaren 2(e)tik 2021(e)ko abuztuaren 29(e)ra
  • Bizkaiko Foru Aldundiko Ibilbide historikoak 2021

Aurrez aurreko esperientzia eta birtuala uztartzen dituen Foruko bisita berri horiek Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako "Ibilbide Historikoak" programaren barruan sartzen dira. Programa horrek bisitak eskaintzen ditu uztailean eta abuztuan Busturialdea-Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko eta irailean Zin-bidearen historia ezagutzeko.

Uztailean, honako leku hauetara bisitak egiteko eskaintza egiten da: Arratzuko Arrola oppiduma (hemen ere esperientzia birtuala eskaintzen da); Ereñoko Ereñozar Erdi Aroko gailurra; Bermeo eta Busturia udalerrien arteko Tribisburuko erromatar nekropolia; Foruko erromatar herrixka; eta Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerrietako Katilotxuko ibilbide megalitikoa. Gainera, irailean, Zin-bidearen ibilbidea eskainiko da, haren esanahi historikoaren berri izateko. Bisiten egutegia kontsultatzeko era: www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunea, 688.856.689 telefono zenbakia edo ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikoa.

Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ibilbide Historikoak" programaren beste edizio bat hasiko da, eta haren barruan, bisita gidatuak egingo dira lurraldeko interes historikoko hainbat gunetan zehar. Oraingo honetan berrikuntza handi batekin dator, Foruko herrixkarako bisita gidatuak; hala, bisitaria oso modu errealean iraganera eramango dute eta I. mendeko erromatar herrixkaren birsorkuntza ikusi ahal izango du. Tableta baten bidez, bisitan zehar ikusiko dituen hondakinek are zentzu handiagoa hartuko dute, duela ia 2000 urte tokia nolakoa zen ikusteko aukera izango baitu. Berreraikitze birtual bati esker, historia eta kultura ondarea herritarrei are gehiago gerturatuko zaizkie. Bisitan funtsezko hiru puntu daude, eta haien bidez, esperientzia berri horiek bizi ahalko dira. Horretarako, tabletan botoi bat sakatu, eta herrixkak duela ia 2.000 urteko itxura hartuko du. Lehenengo puntua tailer metalurgiko bat da (II.-IV. mendeak), eta etxeko espazio bihurtzen da (IV. mendea). Bigarren puntua eraikin militar bat da (I. mendea), neurri batean tailer metalurgiko gisa erabiltzen dena (II.-IV. mendeak); ondoren, etxeko espazio bihurtzen da ere (IV. mendea).  Hirugarren puntua patioa duen etxe bat da, domus (I.-II. mendeak).

Esperientzia hori Foruan bizi ahalko da uztailean (hilak 7, 11, 14, 21, 24, 28 eta 30) eta abuztuan (hilak 4, 8, 11, 15, 18, 25 eta 28).

Aurrez aurreko esperientzia eta birtuala bateratzen dituzten bisita horiek Arratzuko Arrolako oppidumean 2019an abian jarritako bisitei gehitu behar zaizkie. Bisita horiek iraganera ere eramaten dute bisitaria, Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia birsortuz. Kasu honetan ere, tableta motako gailu mugikorren bidez, kastroa jatorrian nolakoa zen ikus daiteke, errealitatea berreraikitze birtualarekin bat egiteko tekniken bidez; egungo kastroko aireko bideoekin gozatu ahalko da ere, eta orduko herritarren etxebizitzetako baten benetako berreraikuntzaren 360 argazkiarekin birsortu ahal izango da.

Arrolarako bisita horiek egun hauetarako programatuta daude: uztailak 2, 9, 10, 16, 18, 23, 25, eta 31; eta abuztuak 2, 9, 14, 16, 22, 23 eta 29.

Bisita horiek Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako 'Ibilbide Historikoak' programaren barruan sartzen dira. Programa horrek bisitak eskaintzen ditu uztailean eta abuztuan Busturialdea-Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko eta irailean Zin-bidearen historia ezagutzeko.  Uztailean eta abuztuan bisitak egingo dira gune hauetara: Ereñoko Ereñozar Erdi Aroko gailurra; Bermeo eta Busturia udalerrien arteko Tribisburuko erromatar nekropolia; Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerrietako Katilotxuko ibilbide megalitikoa. Gainera, irailean, Zin-bidearen ibilbidea eskainiko da, haren esanahi historikoaren berri izateko.

Ekimen honen bidez, Bizkaiko paisaia eta natura inguruneko aztarnategi arkeologiko nagusiak ezagutarazi nahi dira.

Irteera gidatuetan, Bizkaiko historiarako monumentu bikain horiek aztertzen eta kontserbatzen esku hartutako aditu profesionalen aholkularitza jaso da.

Bizkaiko kultura eskaintzaren barruan oso errotuta dagoen jarduera da. 2012an jarri zen martxan, eta Bizkaiko kultura eta ondarea zabaltzeko kalitatezko programa egonkor bihurtu da.

Busturialdea-Urdaibai ibilbidea

Ibilbide gidatu eta pertsonalizatuei esker Bizkaian bakarrak eta apartekoak diren esparruak eta tokiak ezagutzeko aukera izango dugu, hain zuzen ere gure lurraldearen historiaren zati handia jasotzen dutenak, besteak beste historiaurreko ehorzketa megalitikoak, Burdin Aroko kastro ikusgarria, ekialdeko kantaurialdean industutako bere ezaugarrietako kokaleku erromatar handiena edo Urdaibaiko Biosfera Erreserba osoarekiko ikuspegi onenak dituen tontorretako batean kokatuta dagoen Erdi Aroko gaztelu baten aztarnak.

Busturialdeko Eskualdeko bisita gidatuak uztailean eta abuztuan izango dira, 11:00etan eta 17:00etan. Bisiten egutegia www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean, 688.856.689 telefono zenbakira deituta edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan  kontsultatzea gomendatzen da.

Kultura-eskaintzaren helburua iraunkortasuna eta natura-ingurunearekiko eta kultura-baliabidearekiko errespetua bermatzea da. Hori dela eta bisita batzuk oinez egingo dira eta beste batzuetan tren turistiko bat jarriko da. Bisitarien taldeak beti txikiak izango dira.

Programa bost ibilbide gidatuk osatzen dute: Arrolako (Arratzu) oppidumeko aztarnategi arkeologikoak; Foruko erromatar herrixka; Tribisburuko (Bermeo-Busturia) nekropoli erromatarra; Ereñozarko gaztelua (Ereño) eta Katilotxuko (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia) estazio megalitikoa; guztiak uztailean eta abuztuan egingo dira.

Arrolako oppiduma Kantauri Ekialdeko erromatar aurreko herri garrantzitsuenetako bat da. K.a. IV. mendean Gastiburu mendikatearen gailurrean eraikia, Urdaibaiko bizitza K. o.ko I. mendera arte artikulatu zuen biztanlegunea izan zen. Gaur egun, Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatzen da herrixka, eta 16 hektareako azalera hartzen du. Gotorleku edo kastro mota hau zen Burdin Aroko paisaian ohikoena, eta Arrola da Bizkaian izan zirenen artean hobekien kontserbatu dena. Arrarrolako oppidumeko bizitzaren ezagutza Arratzuko Arrolagune interpretazio zentrora egindako bisitarekin osatzen da.

Foruko erromatar herria Elejaldeko muinoan dago (Forua), Oka ibaiaren ezkerreko ertzean, Urdaibairen bihotzean; K. o.ko I. mendekoa da. eta 6 hektareako azalera hartzen du.

2020ra arte induskatutako aztarnategiak hareharrizko harlangaitzez eraikitako hamalau eraikuntza, mota eta erabilera ezberdinetakoak, daudela ezagutarazi du. Herritarrek okupatutako txabolez eta etxeez gain, burdina galdatzeko labe metalurgiko ugari eta erremintak, armak eta metalezko barrak egiteko zenbait burdinola aurkitu dituzte. 2018an terma batzuk aurkitu ziren, oraindik ere induskatu gabe daudenak.

Bisitariek gaur egungo parrokia-eliza den Tourseko San Martin tenplu errenazentistaren lurpean hainbat nekropolitatik, tenplu gotiko baten oinplanotik eta erromatar foroaren atal ziren bi eraikin bikainetatik berreskuratutako hondakinak ikusi ahal izango dituzte.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo eta Busturia) Sollube mendiaren magaleko talaia ikusgarriaren gainean dagoen egitura erromatar harrigarria da. Bizkaiko Foru Aldundia duela zortzi urte hasi zen altxor arkeologiko horretan indusketa lanak egiten eta, orain arte, hamar hileta-egitura aurkitu dira, hildakoaren errautsak gordetzeko esparruak zirenak.

Aurkitutako hondakinek Tribisburuko gure arbasoek K. o.ko I. mendetik III. mendera bitartean erabiltzen zuten hil-erritua erakusten dute. Hildakoaren hilotza egur-pira batean errausten zen, bere tresna pertsonalekin eta bere gertukoengatik jasotzen zituen opariekin batera.

Indusketa-lanetan jantziei, oinetakoei, armei, apaingarriei edo egunero erabiltzen ziren objektuei (zeramikazko platerak eta lapikoak) dagozkien materialak aurkitu dira. Aurkitutako hondakinak oso zatituta dauden arren, ukaezina da Erromaren eragin kulturala.

Tribisburuko nekropoli erromatarrera egindako bisitan, elkargunea Sollube mendatean dagoen Cannon erretegia izango da; puntu horretatik tren turistikoak Tribisburuko nekropolitik 600 metrora dagoen basoko bide gurutze bateraino igoko du taldea eta hortik  taldea oinez joango da bisita egiten den nekropoliraino.

Ereñozarko gaztelua ibilbide historiko honen beste kokagune bat da. Ereñozar mendiko aztarnategiak (Ereño herrian) XI. mendean eraikitako eta XIII. mendean suntsitutako Erdi Aroko gaztelu baten historia kontatzen du. Bere aurrien  gainean, XIII eta XVI. mendeen artean erabili zen eta hilerri batez inguratuta zegoen parrokia bat eraiki zen. Kroniken bidez badakigu Alfontso XI.a Gaztelako erregearen tropek setiatu zutela tontorra. Ikuspegi pribilegiatuak dituen gailurra.

Aztarnategi honen ikerketa arkeologikoak sekuentzia historikoa egiaztatzen du Erdi Arotik gaur egun arte. Etapa ezberdinak gainditu dituen nekropolia eta jada desagertutako gaztelu baten aztarnak dira aztarnategia egituratzen duten elementuak. Gaur egun ermita txiki batek koroatzen duen gailurrean bisitariek gure historiako arorik ezezagunenetako bat irudikatu ahal izango dute, Erdi Aroko gazteluen garaietakoa, Erdi Aroan gure haranak zaintzen zituzten gotorlekuez eta gure arbasoen bizimodu eta sinesmen erlijiosoez hitz egiten duena.

Nahiz eta gaur egun nekropoliaren aurriak edo aztarnak ezin diren ikusi kontserbazio kontuengatik, argazkiak, birsortzeak eta zenbait aztarna erakusten dira, horien artean gaur egun dagoen ermita bera, Erdi Aroko Ereñozarko tontorra nolakoa zen ikustea ahalbidetzen dutena.

Urdaibaiko ibilbide historikoa amaitzeko, Katilotxuko estazio megalitikoaren ibilbidea egingo da. Megalitismoa, Bizkaiko historiaurreko hileta-erritoak ezagutzeko bisita interesgarria. Trikuharriak (zulatuak eta zaharberrituak) eta kulturari dagokionez aldi neolitikoari (Katilotxu I) eta kalkolitikoari (Katilotxu V) atxikitako tumuluak hurbiletik ikusteko aukera, erabilera kolektiboko hilobi-eraikuntzen bidez eta, aldi berean, Urdaibaiko ezkerraldeko ikuspegirik onenetako bat gozatzeko aukera. Bisita hori oso-osorik oinez egiten da.

Era berean, aparteko elementu moduan, unean unean bisitetan gune arkeologikoetako ikerketa-zuzendariak egongo dira azken nobedadeen berri emateko.

Bizkaiko zin-bidea

Bizkaiko zin-bideak, Foru Aldundiak irailean abiaraziko duenak bisita gidatuaren formatuan, Bizkaiko Jaunak Foruen zina egiten zuen lekuetatik ibilbidea egitea proposatzen du. Zin egite hori ekitaldi solemnea eta funtsezkoa zen, eta garrantzi handia izan zuen garai batean erregeren eta bizkaitarren arteko harremana adosteko eta oinarritzeko, eta ekitaldiaren ospeak bizirik iraun du denboran zehar, gure Lurralde Historikoaren berezitasuna definitzen lagunduz.

Zin-bidea Bilbotik abiatzen zen, Gernika-Lumo zuen erdigune eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko Foruen zina egiten zen toki eta monumentuak bisitatuko dira.

Bisita honek bi helburu nagusi ditu: gure Historia ezagutaraztea eta, espezifikoagoa den beste bat, Bizkaiko Foruen muinean murgiltzea, Euskal Herriko kudeaketa politikoan aplikatzeko mekanismo batzuk ulertzeko.


Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2021(e)ko uztailaren 2(e)tik 2021(e)ko abuztuaren 29(e)ra
  • LekuaBizkaiko hainbat tokitan
    Forua

Non

Euskadi, auzolana