Euskadiko Filmategia: Jazzinema 2021

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko uztailaren 2(e)tik 2021(e)ko uztailaren 31(e)ra
  • Euskadiko Filmategia: Jazzinema 2021

Euskadiko Filmategiak JAZZINEMA zikloaren bosgarren edizioa antolatu du, 2020ko ezinbesteko geldialdiaren ostean. Urtero, uztailean, jazz doinuz betetzen dira euskal hiriak, eta, JAZZINEMAren bitartez, zinemaren eta jazzaren arteko harreman ezin hobeaz gozatzeko aukera ematen duten filmez bete nahi dira hiri horietako pantailak ere. Proiektua 2016an sortu zenez geroztik, ez dira aldatu orduan finkatutako hiru ardatz nagusiak: soinu-bandan jazz doinuak dituen zinema, jazzaren izen handiak protagonista dituen zinema eta jazzak eragindako narratiba duen zinema. Programatutako film askok dute hiru ardatz horietako bakoitzeko ezaugarriren bat, eta, halaber, artista askok agertzen dute bi diziplina artistikoak elkartzeko zaletasuna.

Aurten, zazpi film eskainiko dira JAZZINEMAn. Zinema italiarra ikusi ahal izango da lehen aldiz, jazzak soilik elkartzen dituen bi film erabat desberdinen eskutik. Batetik, Rufufú (I soliti ignoti, Mario Monicelli, 1958) dugu. Italiar komediaren adibiderik bikainetakoa da −aktore ezin hobeek parte hartzen dute (Claudia Cardinale, Totò, Vittorio Gassman eta Marcelo Mastroiani), eta, Piero Umilianiri esker, jazza Alpeez bestalde eramatearen meritua aitortu behar zaio−. Bestetik, La noche (La notte, 1961) dugu. Antonionik inkomunikazioari buruz egin zuen film honek (Berlingo Urrezko Hartza) Italiako jazzaren izen handienetako baten, Giorgio Gasliniren, soinu-banda du. 

Bi zuzendari britainiarrek zinema eta jazza lotuz egindako film garrantzitsu bana ere ikusi ahal izango dira JAZZINEMAn. Arrakastaren usain gozoa (Sweet Smell of Success, 1957) garratza, batetik. Alexander Mackendricken lehen film amerikarra da −Elmer Bernsteinen soinu-banda du, eta ustelkeriaz betetako Manhattango politikari eta kazetarien erretratu iluna egiten du−. Eta, bestetik, Gau osoan zehar (All Night Long, Basil Dearden, 1962). Film horrek Londresko gaueko jazz-giroan murgiltzen gaitu, Charles Mingus eta Dave Brubeck bezalako izar handien partaidetzarekin.

JAZZINEMAren aurreko edizioetako karteletan, jazzaren izen ezagunak agertu izan dira (Chet Baker, Freddie Redd, Nina Simone eta Ella Fitzgerald); oraingo honetan, berriz, jazzman papera egiten duen aktore bati eman nahi izan zaio protagonismoa: Paul Newmani. Un día volveré (Paris Blues, Martin Ritt, 1961) filma jazzaren izen handienetako batzuek (kasu honetan, Louis Armstrong) jo zuten Parisko jazz-klubetan dago girotuta. Duke Ellingtonen musikak janzten du filma, eta gogoangarriak dira Joanne Woodward, Sydney Poitier eta Diahann Carrollen interpretazioak.

Ziklo honetan ikusi ahal izan dugunez, jazzak lotura estua izan du zinema beltzarekin. Melvillek Círculo rojo (Le Cercle rouge, Jean-Pierre Melville, 1970) filmerako musika egitea proposatu zionean Éric Demarsani, jazzari buruz hitz egin zion, harrapatuta egoteko sentimendua transmititzeaz eta patuaren ideiaz. Eta halaxe egin zuen Demarsanek.

Amaitzeko, JAZZINEMAren arau idatzi gabe bat hautsi behar dugu: berriro emango dugu 2017an programatutako film bat, martxoan joan zitzaigun Bertrand Tavernier maisuaren omenez. 2019ko irailean Euskadiko Filmategia bisitatu zuenean, txundituta utzi gintuen, beste behin ere, bere jakinduriarekin eta transmisioarekiko agertzen zuen grinarekin. Biak maite zituen, jazza eta zinema, eta, aurten, beste modu batean gozatuko dugu bere Alrededor de la medianoche (Round Midnight, 1986) filma. Agian, pixka bat tristeagoa irudituko zaigu Herbie Hancocken eta Dexter Gordonen musika… Au revoir, Monsieur Tavernier.

Bilbo

Donostia

 


Laburrean

  • Mota Ikus-entzunezko emanaldia
  • Data 2021(e)ko uztailaren 2(e)tik 2021(e)ko uztailaren 31(e)ra
  • LekuaBilbo eta
    Donostia-San Sebastián
  • Zenbatekoa3,5 €

Non

Euskadi, auzolana