Uda Kulturaz Blai 2020 - Durangoko udako kultur egitaraua

Durango 2020(e)ko uztailaren 3(e)tik 2020(e)ko irailaren 5(e)ra
  • Uda Kulturaz Blai 2020 - Durangoko udako kultur egitaraua

Aurtengo uda ezberdina izango dela dakigun arren, Durangon kulturaren aldeko apustu sendoa egin du Udalak. Izan ere, uztail hasieratik irailaren hasiera arte, 'Uda Kulturaz Blai' programazioa aurkeztu du herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Guztira, arte eszenikoetako (musika, dantza, antzerkia,) 38 emanaldi eta kulturarekin lotutako 59 ekimen burutuko dira aurtengo udaldian.

Euskal Herriko kulturgintzako izen esanguratsuak izango dira Durangon udan zehar, besteak beste, Olatz Salvador eta Sara Sozaya emakumeen presentzia nabarmena duen musika saioetan, Haatik eta Dantzaz dantza konpainiak edota Markeliñe eta Zanguango antzerki konpainiak, besteak beste. Gainera, adin tarte guztietarako pentsatutako ekitaldiak antolatu dira.

Segurtasun neurri zorrotzak

Aurtengo erronka nagusia COVID-19aren eraginez eskatzen diren segurtasun neurriak modu oso zorrotz batean betearaztea izango da. “Oso zorrotz” betearaziko dituztela adierazi dute antolatzaileek, eta horretarako hainbat neurri hartu dituzte. 

Hala, gehienez ere, jesarrita egon beharko duten 250 pertsonentzako aforoak izango dira, eta uztaileko ekitaldietarako hiru gune seguru aukeratu dira: Landako eta Kurutziaga ikastetxeetako jolaslekuak (euria eginez gero estalpean egingo dira) eta Plateruena Kafe Antzokiko kanpoaldea.

Abuztuan, berriz, herriko auzo eta plazetan egiteko asmoa daukate antolatzaileek, beti ere segurtasun baldintzek hala uzten badute. Gainera, Udaletik maskarillak erosi dituzte emanaldi bakoitzean banatzeko eta sarreran eskuak hidrogelarekin garbitu beharko dira.

Saio guztiak doan izango dira, baina aforoa kontrolatu asmoz sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideetan. Astean asteroko sarrerak banatuko dira, hau da, ezingo dira aldez aurretik programa osoarenak eskuratu. Modu horretan, antolatzaileek ahalik eta jende gehiagorengana heldu nahi dute.

Gehienez ere sei ikusletako taldeak antolatuko dira, alegia, emanaldiez lagun arte mugatuan gozatzeko aukera egongo da, baina taldeen artean segurtasun tartean mantenduko dira. Gainera, ‘Uda Kulturaz Blai’ ekimenarekin, herriko kultur sareari bultzada eman nahi izan diote antolatzaileek.

Udalarekin batera lanean aritu dira San Agustin Kulturgunea, Arte eta Historia Museoa, Bizenta Mogel Biblioteka, Udaleko Inmigrazio Zerbitzua eta Nagusien arloa edota Plateruena Kafe Antzokia, besteak beste. Gainera, herriko kulturgileei ere beraien txokoa eskainiko zaie, hori dela eta, Durangoko Orfeoiak, L’atelier eskolak, Ganso&Cia-k, Ekuru eta Iparbeltzak musika taldeak eta Denboraren Bankua-k ere parte hartuko dute programazioan

 

 

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana