Hondarribia Dantzan 2021

Hondarribia 2021(e)ko uztailaren 22(e)tik 2021(e)ko uztailaren 23(e)ra
  • Hondarribia Dantzan 2021

Hondarribia dantzan dantzaren eta oro har folklorearen inguruko festa dugu. Bertan hezkuntza eta alde ludikoa barneraturik daude. Kemen Dantza Taldearen helburu nagusienetako bat bailaran hainbat ekintza kultural sustatzea izanik, Hondarribia dantzan ere ildo horren barnean kokatzen dugu. Bestalde, zer esanik ez, euskal kultura dantzatuaren zabalketaren alde lan egin ahal izateko bidea ere bada.

Iazko egitaraua sareetan garatu ondoren, eta aurten ohikoa baina bi hilabete beranduago ospatuko badugu ere, berriz ere Hondarribiko kaleak dantzan jartzera gatoz.

Aurtengo Hondarribia Dantzan bizi dugun pandemia egoerara egokitu behar izan dugu, eta hala, egitaraua ere asko murriztea ezinbestekoa izan da. Bi ekimen nagusi izango dira aurtengo edizioan.

  • Uztailak 22 • 18:30 • Kultur etxean

Jantzari dokumentala

2018ko San Migel jaietan dantzaren tradizioa inoiz baino biziago dagoela erakutsi zuten neska eta mutilez osatutako talde bat lehenengoz plazara irtenda. Talde hori izango da dokumentalaren protagonista: Iurretako dantza talde nagusia osatzen duten zortzi neska-mutilak.

Bost urtean behin herriko dantza talde denak Urrixena jaialdian batzen dira Iurretan. Ospakizun horretan lehenengoz parte hartuko dute debutatu berriek (talde parekideak) beste belaunaldi batzuetako dantzariekin batera. Entseguak, egun horretako prestaketak, eta plazan bizi duten emozioa izango da dokumentalaren haria. Tarteka, Iurretako behinolako dantzarien testigantzak, ikerlarien iritziak eta beste hainbat lekukotza jasoko dira.

  • Uztailak 23 • 19:00 • Kasino Zaharrean, eguraldi txarrarekin Soroeta frontoian

Dantza emanaldia

Kemen Dantza Taldea eta Iurretako Mikel Deuna Dantza Taldea.

Iurretako Mikel Deuna taldeari buruz:

XVII. mendetik badira Iurretan dantza egiten zenaren hainbat dokumentu. Dantzari dantzak protagonismoa izan bazuen ere, XIX. mendean emakumeek dantzatutako soka-dantza eta gorulari dantzen aurkezpenaren testigantzak ere aurkitu dira. Gerra ostean inguruko dantzan galtzear zeudela, beste hainba dantza zalerekin taldeko batzuk dantzari-dantza berreskuratzea lortu zuten. Beranduago, gorulariak eta emakumeen soka-dantza ere berreskuratu ziren. Aurretik urte askoko historia izan arren, ofizialki, Iurretako dantza taldea 1989an sortu zen, Durangotik desanexionatu ostean. Ordutik, herriko hainbat belaunaldi pasatu dira taldetik. Durangaldeko dantzak egiten ditugu gure emanaldietan: dantzari-dantza, soka-dantzak eta gorulariak. Aipatutako belaunaldi desberdinen eraginez, taldearen izaera aldatzen joan da. Hasiera batean mutilek soilik egiten zuten dantzari-dantza. Gaur egun, 2018an parekidetasunerantza emandako pausuari jarraituz, neska zein mutilek dute dantzari-dantza egiteko aukera.


Laburrean

  • Mota Dantza
  • Data 2021(e)ko uztailaren 22(e)tik 2021(e)ko uztailaren 23(e)ra
  • LekuaHondarribia
  • ZenbatekoaDoan (gonbidapenarekin)
  • Sarrerak Erosi

Non

Euskadi, auzolana