Kontenporanea 2021 - Irungo arte garaikidearen topaketa

Irun 2021(e)ko Uztailak 23
  • Kontenporanea 2021 - Irungo arte garaikidearen topaketa

Kultura arloak ezagutzera eman du Kontenporanea kultur topaketaren edizio berrirako aurreikusita dagoen jarduera-programa. Berriro dator, 2020. urtean pandemiagatik bertan behera utzi zen eta. Anne Bravo, Alba Aguado eta Patricia Echegaray gazte irundarrek osatzen dute aurten ekimenak koordinatuko dituen batzordea, eta hainbat proposamen artistiko bildu dituzte, uztailaren 23an eta 24an San Juan plazan ikusteko.

“Azken urteetan hirian garatu dugun lan-ildo nagusietako bat da arte garaikidea sustatzea. Horren adierazgarri, ekimen hau dugu, eta urtetik urtera, gainera, goraka doa, esparru honetan lan egiten duten bertako profesionalen eskutik. Iaz, bertan behera geratu zen, eta albiste ona da programa itzuli izana, horrela kultura babesten jarraitzeko, pandemiak larriki astindu baitu sektoreko jarduna”, nabarmendu du Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak.

Bosgarren edizioko gai orokorra, berriz, azken bi urteetako pandemia-egoeraren ondorioz kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrastea da. Asmoa da bizi izandakoaren ikuspegiak partekatzeko gune bat sortzea, dikotomia hori ulertzeko eta lantzeko.

Nazioarteko zortzi artista

Proposamen aipagarrienetako bat Kontenporanea topaketan programatutako erakusketarako deialdi irekitik sortu da. Alde horretatik, 21 proposamen jaso dira bertako, estatuko eta beste nazionalitate batzuetako artisten aldetik (Argentina, Mexiko, Frantzia eta Ukraina). Koordinazio Batzordeak baloratu du maila ona izan dela oro har, eta aurkeztu diren proposamenak oso bat datozela aurtengo gaiarekin. Zortzi proposamen hautatu dituzte, eta, kalitatearen alde ez ezik, diskurtsoaren koherentziaren alde ere egin da apustua, kontzeptu eta estetika aldetik, erakusketa-multzo gisa.

Topaketaren bi egunetan bisitatu ahal izango da erakusketa, edozein ordutan, eta bisita gidatua egingo da ostiralean, hilaren 23an, 18:00etan irekitzen denean, ordu horretan irekitzea programatu baita. Bisita horren bidez, proposamenen interpretazioak transmititu nahi dira, eta bertan parte hartzeko, aurretik izena eman behar da e-mail honetan: kontenporanea@irun.org. Susana Ferreira irundarra bertan izango dela nabarmendu behar da.

Honako proposamen hauek hautatu dituzte: Claire Le Pape (Bordele), B/Z (Bilbo), Gaspar Acebo (Argentina), Jaime Yacaman (Mexiko - Bilbo), Kontxi Gutierro (Hondarribia), Oksana Pohrebennyk (Ukaina - Bilbo), Silvia Jiménez Pumar (Bilbo) eta Susana Ferreira (Irun).

Erakusketa horrez gain, beste instalazio iraunkor batzuk ere egongo dira Kontenporanea egiten den egunetan. Adibidez, Artmarket delakoa. Arte-merkatu bat da, artisten, diseinatzaileen eta sortzaileen lanak ikusgai jartzeko eta prezio eskuragarrian saltzeko. Diziplina zenbait biltzen ditu, hala nola ilustrazioa, argazkigintza edo diseinua. Bi egun horietan, “Leo Pum” puntuaz ere gozatu ahal izango da. Bertan, errealitate birtualarekin esperimentatu ahal izango da, mugikorreko aplikazio baten bidez. Gainera, “Cayolar” instalazio artistikoa izango dugu San Juan plazan.

Honako hau da programa:

Ostirala, 23

  • 18:00 - 19:00: Irekiera, topaketaren aurkezpena eta erakusketaren bisita gidatua bi hizkuntzetan. 
  • 19:00 - 19:45: Bisita gidatua “Cayolar” instalaziora (izena eman behar da)
  • 19:45 - 20:30: Aire-akrobaziak oihalekin
  • 20:30 - 22:00: Cecilia Payne Surf iluna (Pop)

Larunbata, 24

  • 10:00-12:00: Esposizio bikoitzeko argazkiak eta do it yourself autorretratuak etxean egiteko tailerra Maitane Gajaterekin (izena eman behar da).
  • 12:00-14:00 Paper ekologikoaren masterclassa, Paperkiren eskutik.
  • 17:00-18:30: Dantza garaikidearen eta Miti komunitate artistikoaren soinuaren jarduera + Leo Pum + Errealitate birtuala mugikorreko aplikazioarekin.
  • 18:30-20:30: Ikusizko artearen eta performance kolaboratiboaren jarduera Eloisse Louisse-rekin (izena eman behar da)
  • 20:30-22:00 Irungo pop progresiboko Lanbroa taldeak joko du

Aurretik izena eman beharreko jardueretan parte hartu nahi dutenek kontenporanea@irun.org helbidera idatz dezakete. Jarduera guztiak doan dira. COVID-19aren pandemiagatik ezarrita dauden neurriak hartuko ditu programak.

irun.org

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana