Donostiako Jazzaldia 2021: Naïssam Jalal & Rhythms of Resistance eta Noa & Gil Dor + Iñaki Salvador

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko Uztailak 24
  • Donostiako Jazzaldia 2021: Naïssam Jalal & Rhythms of Resistance eta Noa & Gil Dor + Iñaki Salvador
  • Donostiako Jazzaldia 2021: Naïssam Jalal & Rhythms of Resistance eta Noa & Gil Dor + Iñaki Salvador

Donostiako Jazzaldia 2021

NAÏSSAM JALAL & RHYTHMS OF RESISTANCE: UN AUTRE MONDE

Naïssam Jalal (flauta, nay, ahotsa), Mehdi Chaïb (saxo tenorraeta sopranoa, perkusioa), Karsten Hochapfel (gitarra, biolontxeloa), Damien Varaillon (kontrabaxua), Arnaud Dolmen (bateria)

Naïssam Jalalek, flautista birtuoso eta konpositore oparoak, bere nortasun aske eta nomada islatzen du bere errepertorioan. Parisen jaioa eta gurasoak siriarrak, gutxik sintetizatzen dituzte berak bezain ondo Ekialdeko eta Mendebaldeko musikaren arimak. Berdin espresatzen da flauta europarrarekin eta nay flauta arabiarrarekin. Parisko kontserbatorio batean flauta klasikoa ikasi zuen, eta 19 urterekin Siriara eta Egiptora joan zen bere sustrai kulturalak aurkitzera.

Musikaren arloan egin duen ibilbidean, flautista eta konpositore honek Arabiako eta Europako musika klasikoaren esentzia, Jazzaren inprobisazioa, hip-hoparen premia, funkaren euforia eta afrikar tradizioen bizitasuna bereganatu eta gainditu ditu. Mugarik gabeko jakin-minarekin, musika-kultura desberdinen arteko loturak ehuntzeko aukera ematen dio bere birtuosismoak.

Jalal, 53. Jazzaldian kontzertu handi batekin liluratu gintuena, berriro dator edizio honetara bere azken diskoa aurkezteko: Un Autre Monde. Disko bikoitz bat da, Rhythms of Resistance bere taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko argitaratua, eta Bretainiako Orkestra Nazionalarekin zuzenean grabatutako piezak biltzen dituena. Naïssam Jalalek, berriz ere, bizitasun handiko bere unibertso musikalean sartzera gonbidatzen gaitu, “Askatasun” hitzak esanahi osoa hartzen duen espazio batean.

NOA & GIL DOR, "AFTERALLOGY" + IÑAKI SALVADOR

Noa (ahotsa, perkusioa), Gil Dor (gitarra, ahotsa), Iñaki Salvador (pianoa)

Noa abeslariak Afterallogy izeneko bere azken musika-proiektua aurkeztuko du. 2021eko apirilean argitaratua, diskoa Jazzeko 12 klasikoz osatuta dago, eta horien artean My funny Valentine, Oh Lord edo Anything Goes estandarrak aurkituko ditugu.

Jazzaren omenezko lan hau, beti ondoan duen Gil Dor gitarristarekin egina, 30 urtez bi artistek izandako elkarrizketaren emaitza da. Gil Dorrek eta Noak 1989an ezagutu zuten elkar eta ordutik musikaren hainbat lurralde esploratu, ehunka abesti idatzi, eta era guztietako taldeekin lan egin dute. Iaz, perspektiba pixka bat hartu ondoren, betidanik nahi izan zutena egiteko unea iritsi zela pentsatu zuten: Jazz disko bat grabatzea.

Abeslariak, Israelen jaioak, ezin hobe islatzen du bere musika iradokitzailean bere nahasketa kulturala: Yemengoa da jatorriz bere familia, Estatu Batuetan igaro zituen bere haurtzaroa eta nerabezaroa, eta Israelen bizi da orain. Noa, zalantzarik gabe, munduko abeslaririk onenetakoa da; bere ibilbide luzean antzoki onenetan eta oso leku sinbolikoetan, besteak beste, Etxe Zurian, Vatikanoan eta Erromako Koliseoan, eman izan ditu kontzertuak. Bere ibilbidean zehar, beste askoren artean Stevie Wonder, Pat Metheny, Quincy Jones, Sting eta Andrea Bocelli artista eta ekoizleekin kolaboratu du.

Artista gonbidatu gisa, kontzertu honetarako Iñaki Salvador hartu du Noak. Pianista donostiarrak, konpositore, moldatzaile, akordeonista eta Musikeneko irakasle ere denak, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen iaz. 1982an egin zuen bere aurreneko agerraldia Jazzaldian, eta gure jaialdi honetan parte-hartze gehien izan duen musikaria da.

jazzaldia.eus

Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2021(e)ko Uztailak 24
  • Ordutegia21:00
  • LekuaTrinitate Plaza Keler
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaSarrerak agortuta

Non

Euskadi, auzolana