Deabru Beltzak - 25. urteurrena (emanaldiak Bizkaian)

Etxebarria 2021(e)ko abuztuaren 9(e)tik 2021(e)ko irailaren 4(e)ra
  • Deabru Beltzak - 25. urteurrena (emanaldiak Bizkaian)

Abuztuan Bizkaiko eskualde guztiek gozatuko dute Deabru Beltzak taldeko emankizunez, orotara zortzi emanaldi egingo dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin Deabru Beltzak 25 urteak ospatuko ditu Zaratamon, Atxondon, Ereñon, Diman, Alonsotegin, Lemoizen, Lanestosan eta Etxebarrian emanaldiak eskainiz.

Deabru Beltzak taldearen ikuskizunak eszenaratze deigarriagatik nabarmendu dira beti, eta ikusleak batzen dituen esperientzia harrigarri bihurtuko ditu oraingoan ere Bizkaiko hainbat herri. Perkusioa, piroteknia eta efektu bereziak, koreografiak eta antzezpena eskainiko ditu ibilbide luzeko konpainiak.

Ikuskizun bisuala ziurtatuta izango da egun eta toki hauetan:

  • Abuztuak 9, 21:30, Zaratamo (Elexalde plaza)
  • Abuztuak 10, 21:30, Atxondo (Udaletxeko plaza)
  • Abuztuak 11, 21:30, Ereño (Udaletxeko plaza)
  • Abuztuak 23, 21:30, Dima (Udaletxeko plaza)
  • Abuztuak 24, 21:30, Alonsotegi (Udaletxeko plaza)
  • Abuztuak 25, 21:30, Lemoiz (Armintzakalde hondartzako aparkalekua)
  • Abuztuak 26, 21:30, Lanestosa (Dantzari plaza)
  • Irailak 4, 21:30, Etxebarria (Udaletxeko plaza)

Emankizunak kalean egingo dira eta pandemia egoera dela eta aforoa mugatua izango da. Bertaratzen diren herritarrek eserita ikusi beharko dute emanaldia. Ez da gonbidapenik egongo; iritsi ahala joango da jendea sartzen, leku guztiak bete arte.

Deabru Beltzak

Nazioartean ibilbiderik luzeena daukan kale antzerkiko Euskal Herriko konpainia da Deabru Beltzak. 1996. urtean sortu zen eta 25 urte daramatza kaleko arte eszenikoen ikuskizunen ekoizpenean. Finalista aukeratu berri dute Arte Eszenikoen XXIV. Max Sarietan, Symfeuny lanagatik, kale-ikuskizun onenaren kategorian.

Haur zein helduentzat sortutako dozenaka kale antzerki proiektu egin ditu konpainiak, ikuskizun ibiltarien diseinuan aintzatetsia da, gainera arrakasta eta aintzatespena jaso izan ditu nazioartean perkusio-ikuskizunekin.

Euskal Herriko hainbat antzerki taldetik etorritako aktoreek sortu zuten 1996an Deabru Beltzak kale antzerkia. Ordutik hona 10 antzezlan aurkeztu dituzte, horiekin 3.000 ekitaldi eginez, 80 aldiz enkargatu dizkiete ekimen berezien antolakuntza, 50 hiritako jaien zuzendaritza artistikoa egin dute, munduko 35 talderekin egon dira elkar lanean. Bost kontinente eta 35 herrialde baino gehiagotan egin dute lan, Euskal Herriko talderik nazioartekoena bilakatuz.


Laburrean

  • Mota Antzerkia
  • Data 2021(e)ko abuztuaren 9(e)tik 2021(e)ko irailaren 4(e)ra
  • LekuaZaratamo, Atxondo, Ereño, Dima, Alonsotegi, Lemoiz, Lanestosa eta Etxebarria
    Etxebarria

Non

Euskadi, auzolana