Getxophoto 2021: "It's all in my Head", Etinosa Yvonne-ren erakusketa

Getxo 2021(e)ko irailaren 2(e)tik 2021(e)ko irailaren 26(e)ra
  • Getxophoto 2021: "It's all in my Head", Etinosa Yvonne-ren erakusketa

Etinosa Yvonne argazkilari nigeriarraren multimedia-proiektu honek terrorismo-ekintzetatik eta muturreko indarkeriatik bizirik atera direnek garatutako gainditze-mekanismoak aztertzen ditu. It‘s all in my Head osatzen duten erretratuek biktimen aurpegiak, eurek aurrera egiteko erabiltzen dituzten espazio, ekintza edo mekanismoen irudiekin lotzen dituzte. Depresioa, estres postraumatikoaren sindromea eta mendeku nahia izaten dira gatazka edo krudeltasun egoerak bizi izan dituzten pertsonek pairatzen dituzten ondorioetako batzuk. Biktimek euren buruak berreraikitzeko eta bizimodu berrietara egokitzeko modua aurkitzen ohi duten arren, sarritan ez dira euren esperientziak partekatzeko gai izaten, eta horrek bizi izandako iragan traumatikoa gainditzea eragozten die.

Etinosa Yvonnek berrogei pertsona baino gehiagorekin egin du lan Nigeriako hainbat gunetan, eta lan honen bidez, pertsona horien egoera mentalaz ohartarazi nahi gaitu. Argazkiak, bideoak eta testigantzak biltzen dituen proiektu honek aldi berean, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei babes psikosozial handiagoa ematearen alde egin nahi du.

Etinosa Yvonne

1989an Abujan (Nigeria) jaioa, Etinosa Yvonne argazkilari eta artista bisual autodidakta da. Hainbat lanabes artistiko baliatuz lan egiten du, argazkigintza eta bideoa barne. Bere lanaren interes nagusia giza izaerarekin eta gizarte-bidegabekeriarekin lotutako gaiak esploratzea eta adieraztea da. 2020an World Press Photo 6*6 Africa Talent-erako aukeratutako sei artistetako bat izan zen. It’s all in my Head proiektuagatik Women Photograph, National Geographic (Lagos Photo eta Art X-rekin elkartuta) eta Royal Photographic Societyren sariak jaso ditu. Holandan, Alemanian, AEBetan edo Bamakoko Topaketetan erakutsi du bere lana, eta nazioarteko hainbat hedabidetan ere ikusi du argia: Metro Uk, NoWahala Magazine, Bloomberg Businessweek, Daily Trust Newspaper, Sierra Magazine, The Guardian, PDN Magazine, Culture Trip, It’s Nice That, Refinery 29 edota AEBetako National Public Radio.


 

 

 

 

 

 

getxo.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana