Donostia zinemaldia 2021

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko irailaren 17(e)tik 2021(e)ko irailaren 25(e)ra
  • Donostia zinemaldia 2021

Irailaren 17tik 25era bitartean Donostia Zinemaldiak bere 69. edizioa egingo du.

Sail Ofizialean, mundu osoko hainbat film lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko, eta New Directors sailean, berriz, hainbat nazioarteko zinemagilek hartuko dute parte haien lehen edo bigarren filmekin. Horizontes Latinos sailean Latinoamerikako film luzeak lehiatuko dira eta Perlak atalean beste nazioarteko jaialdietan txalotutako lanek Donostia Hiria Publikoaren saria irabazteko aukera izango dute. Zabaltegi-Tabakalera sail irekiena, gastronomiarekin lotutako Culinary Zinema, euskal zinemari eskainitako Zinemira eta urteko film espainiarren erakustaldia den Made in Spain ere izango dira. Gainera, iaz pandemia dela eta bertan behera geratu ziren Klasikoak saila eta Koreako zinemaren urrezko aroari buruzko atzerabegirakoa berreskuratuko ditu Zinemaldiak.

Sigourney Weaver aktorea izango da Donostia Zinemaldiaren –irailaren 17tik 25era egingo da– 69. edizioaren kartel ofizialaren protagonista. Irudiak aktore estatubatuarraren zuri-beltzeko argazki bat agertzen du, brotxakada koloristekin apainduta. Beste sail batzuetako kartelak ekartzen dizkigu gogora; horiek ere Eva Villar Estudiok diseinatu ditu Juan Ugalderekin elkarlanean.

2018an, ildo grafiko berri bat hasi zuen Zinemaldiak karteletarako: argazkia eta ilustrazioa konbinatzen ditu eta nazioarteko zinematografiako pertsona garrantzitsuak ditu protagonista. Isabelle Hupperten, Penélope Cruzen eta Willem Dafoeren ondoren, 2021ean, 69. edizioan, Sigourney Weaver agertuko da Eva Villar donostiarraren diseinuan; Matthew Brookesen argazki batetik abiatuta sortu du.

Atzerabegirako bat, zinema korearraren urrezko aroari

Donostia Zinemaldiak eta Espainiako Zinematekak, Euskadiko Filmategiarekin eta Centro Cultural Coreanorekin lankidetzan, Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa atzerabegirakoa antolatuko dute. Pandemia dela-eta iaz bertan behera gelditu zen zikloak 50. eta 60. hamarkadetako hamar film erakutsiko ditu eta liburu monografiko bat ere landuko da, Zinemaldiak, Espainiako Zinematekak eta Centro Cultural Coreano-k argitaratuko dutena.

Azken urteotan, Hego Koreako zinema nazioarteko jaialdi guztietan dago, eta zinema garaikideko erreferente bihurtu da; alabaina, zinematografia hartako historiak ezezagun samarra izaten jarraitzen du mendebaldarrentzat; are gehiago, Hego Koreako zinemari dagokionez, 90eko hamarkadatik aurrera ekoitzitako tituluak baino ez ditugu ezagutzen normalean.

Zikloa Koreako urrezko aroan ardaztuta egongo da, zeinetan publiko handiak eskatzen zuen zinema popularra ekoizteko gai izan zen industria zinematografiko bat garatu baitzen Hego Korean, gerraren ondoren herrialde hartako egoera ekonomikoa estua bazen ere, eta Park Chung-hee-ren diktadura militarrak ezarritako kontrola gorabehera. Hala, zuzendari ugariren karrerak finkatu ziren, horien estilo eta ikusminak askotarikoak zirela: batzuek garatzeko bidean zen gizarte moderno bat irudikatzen zuten, eta beste batzuek, ordea, garai hartako bizimodua gogorra zela salatzen zuten.

Hautaketa 50. eta 60. hamarkadetan ekoitzitako hamar filmez osatuta dago, eta bi helburu ditu: batetik, hegokorear zinema klasiko horren ordezkari garrantzitsuentzat jo daitezkeen zinemagileen taldea aldarrikatzea; eta, bestetik, garai hartako genero ohikoenen panorama bat marraztea, horietako batzuk amerikar zineman inspiratuta eta tokiko errealitatera eraman zirenak, eta beste batzuk, ordea, erabat autoktonoak zirenak.


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2021(e)ko irailaren 17(e)tik 2021(e)ko irailaren 25(e)ra
  • Lekua Kursaal
    Zurriola Pasealekua, 1
    Donostia-San Sebastián
  • Sarrerak Erosi
  • Web Kursaal

Non

Euskadi, auzolana