"Naturan jolasean"

Vitoria-Gasteiz 2021(e)ko Irailak 22
  • "Naturan jolasean"

Aurten ere etxeko txiki eta gaztetxoei eta beren familiei zuzendutako Dona Dona Katona egitasmoa antolatu da Oihanederren. Naturan jolasean lantegian naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiliko dira, jolasteko, sortzeko eta esperimentatzeko: hostoak eta harriak margotu, eraikuntzak sortu, artelanak egin…

Iraileko bi asteazkenetan egingo diren saio hauetan gurasoen eta seme-alaben artean euskararen erabilera sustatu nahi da. Saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du, arratsaldeko 17:00etan hasita. Falerina lorategian egingo dira, eguraldia lagun.

Saio bakoitza adin tarte bati zuzenduta egongo da: lehenengoa, irailaren 1ean izango da, 3 eta 5 urteko txikiei zuzenduta dago; bigarrena, aldiz, irailaren 22an, 6tik 10era bitarteko haur eta gaztetxoen txanda izango da.

Doako ekintzak dira biak ala biak, baina parte-hartzaile kopuru mugatua izango denez, gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira astebeteko aurrerapenaz: irailaren 1erako, abuztuaren 25ean, eta irailaren 22rako, irailaren 15ean, alegia.

Gonbidapenekin jarraituz, lagun bakoitzak bi gonbidapen soilik hartu ahalko ditu. Haurren izenean hartuko dira gonbidapenok eta gurasoek ez dute gonbidapenik behar izango. Hala ere, familia jarduera izaki, haurrak gutxienez heldu batek lagunduta egon behar dira jarduerak irauten duen bitartean. Haurrak adinez bi saioetan parte hartzeko modukoak badira, eta elkarrekin etorri nahi izanez gero, bi saioetako batean eman beharko dute izena.

Ohiko bideak erabili beharko dira gonbidapenak eskuratzeko: Bibe plataforma, telefonoz eskatuta 10etatik 12etara bitartean edo eskaera emailez eginda oihaneder@oihaneder.eus helbidean.

Bi lantegiak Txatxilipurdi Elkarteko kideek gidatuko dituzte.

oihaneder.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana