Atlantikaldia 2021

Errenteria 2021(e)ko irailaren 23(e)tik 2021(e)ko irailaren 26(e)ra
  • Atlantikaldia 2021

Kontzertuen eta dantza emanaldien egitaraua

Irailak 23

Irailak 24

Irailak 25

Irailak 26

Errenteriako kultur egutegian errotutako hitzordua da, jada, Atlantikaldia.  Zortzigarren edizio honetan, kultur topagune eta musika jaialdiak bere  onena emango du, hilaren 23tik 26ra, pandemia egoera ezartzen dituen baldintzetara egokituta bigarren urtez. Hala adierazi dute Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak,  Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako  Aldundiko Kultura zuzendariak eta Joseba Tapia musikariak prentsa  aurrean. 

“Atlantikaldiak badu nortasun bat, egiteko modu bat. Pandemia egoeran  nortasun horren alderik indartsuena erakutsi behar izan dugu eta egoera baliatu  dugu jaialdiaren arima herriko beste txoko batzuetara eramateko”, hitz hauekin  eman dio hasiera Aizpea Otaegik prentsaurrekoari eta, gaineratu du, aurten ere  osasun publikoa babesteko neurri guztiak kontu handiz zainduko dituztela. 

Iparrotzarrak lelopean egituratu dute edizio berria: “Atlantikaldiak kulturen  arteko elkarbizitza helburu izan du bere sorreratik eta hori da gure jomuga. 

Haatik, bizi garen garaiotan ez dago norabide eta joera bakar bat; bidegurutzez  betetako mundu aldakor batean gaude. Elkarbizitza hori gerta dadin bide eta  aukera ezberdinak eskaini nahi ditugu jaialdiaren programazioarekin”, azaldu du  alkateak.  

Hala, errenteriar guztiak gonbidatu ditu 4 eguneko jaialdiaz gozatzera eta  eskerrak eman nahi izan dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari jaialdiarekin aurrera egiteko eskaini duen babesagatik. 

Hiru gune nagusi  

Jaialdiaren guneen inguran hitz egin du Maite Gartzia zinegotziak ondoren.  “Errenteriako txoko ezberdinak zipristinduko ditu Atlantikaldiak. Herriak eskaintzen dizkigun aukerak baliatu ditugu eta leku berrietara iritsiko gara,  Lekuona Fabrikara, Fanderiako tenis pistara eta Migel Irastorza futbito zelaira”,  azaldu du.  

Kultura zinegotziak, gainera, azpimarratu du espazio bakoitzak bere nortasun  propioa izango duela, gai ezberdinak jorratuko dituela eta publiko desberdinei zuzenduta egongo dela. 

Hala, Lekuona Fabrika berria izango da aurtengo ‘Itsasargi nagusia’, jaialdiaren  oholtza handia. Artista handien kontzertuak gertatuko dira bertan eta baita Atlantikaldiaren zigilu bilakatu diren ‘Itsas elkarrizketak’ ere: nazioarteko eta  bertako artisten arteko kolaborazioak.  

Fanderiako tenis pista, berriz, ‘Herrixka’ izango da: familientzako gunea. Bertan dantzarekin, musikarekin, kirolarekin eskulanekin… lotutako jarduerak izango dira. Eta Migel Irastorza futbito zelaia, ‘Kalekaia’, arte urbanora bideratutako  espazioa izango da. Musika kontzertuek, dantza tailerrek eta mural handi batek osatuko dute ostiral eta larunbateko programazioa.  

Hiru gune horiez gain, Oiartzun ibaiak ere hainbat jarduera hartuko ditu. Ibaia  jaialdia egituratu izan duen elementua da eta, aurten ere, hainbat modalitatetan  nabigatzeko aukera izango da: itsasontzi tradizionalak, bisita gidatuak eta stand  up paddle.  

“Gune bakoitzari egokitzen zaion egitaraua sortu dugu, haren nortasuna  indartzen duena eta erakargarriagoa egiten duena”, amaitu du Gartziak.

Musika letra larriz 

Musika programazioaren gaineko xehetasunak Iker Tolosa jaialdiaren zuzendariak eman ditu. Musikari handiekin osatu dute kartela eta artisten  aukeraketan aniztasuna bilatu dutela esan du Tolosak. 

Oum marokiarrak Alos Quartet taldearekin kolaborazioarekin emango duen kontzertua izango da Lekuona Fabrikako oholtzak hartuko duen lehena. Ondoren iritsiko dira besteak: Sharon Shannon irlandarrak Joseba Tapiarekin  eskainiko du kontzertua; Venezuela, Kolonbia, Brasil eta Estatu Batuetako lau emakumek osatzen duten Ladama taldearen emanaldia osatzera Olatz Salvador etorriko da; Mali eta Frantziako Arat Kilo & Mamani Keita Madmuaselekin ariko dira; eta jatorri argentinarra eta kolonbiarra duen Che Sudaka taldea Zuriñe Hidalgorekin. Arima Soul taldea ere izango da bertan. 

Migel Irastorzan Dupla, Ibil Bedi, J Martina, Chill Mafia, Antía Muiño, Blanquita Carraquela, DJ Flaca eta Gitano de Palo izango dira, besteak beste. Fanderian  aldiz, Ene Kantak, Albosax edo Mugan taldeen doinuak izango dira entzungai. 

Interesdunek egitarauaren xehetasun guztiak atlantikaldia.errenteria.eus web  orrian aurki ditzakete dagoeneko.  

Ikuskizun eta jardueretarako gonbidapenak 

Covid-19 birusak eragindako egoera dela eta, segurtasuna bermatzeko osasun  neurri bereziak aintzat hartzen dituen protokoloa diseinatu behar izan du  antolakuntza taldeak aurten ere. “Aforo mugak direla-eta, ikuskizun eta jarduera  guztietan parte hartzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea”,  adierazi du jaialdiaren zuzendariak.

Gonbidapenak eskuratzeko bi kanal aktibatuko dituzte irailaren 17tik 22ra:  modu presentzialean Lekuona Fabrikan (astelehenetik ostiralera 09:00-20:00  eta larunbatetan 9:00-14:30) eta internet bidez, atlantikaldia.errenteria.eus jaialdiaren webgunean.  

Halaber, ikuskizun edo jarduera bakoitzeko gonbidapenen parte bat egunean  bertan eskuratu ahal izango da ekintza garatuko den tokian bertan, hasi baino  30 minutu lehenago. 

Horrez gain, gonbidapenen erabilera arduratsua egitearen garrantzia  nabarmendu nahi izan du Tolosak. “Aforoa mugatua den heinean, garrantzitsua  da aulkiak hutsik ez geratzea, erabili gabeko gonbidapenik ez geratzea. Izan  ere, sarrera doakoa den arren, jaialdia bera ez baita doan”.  

Jaialdiaren irudia 

Azken urteetako bideari jarraiki, jaialdiaren irudia elkarlan baten emaitza da.  Ane Pikaza (Bilbo, Euskal Herria) eta Jaime Zuverza (Texas, AEB) aritu dira  sorkuntza lanean eskuz esku. Estilo guztiz ezberdina duten artistak dira biak  eta ‘Iparrorratzak’ leloa’ abiapuntu moduan hartuta ustekabeko emaitza ontzea   lortu dute: erakargarri a eta, batez ere, bakarra.

 

Atlantikaldia

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana