MarraziOak ilustrazio tailerra. XIII. edizioa

Donostia-San Sebastián Irailaren 27(e)tik urriaren 1(e)ra
  • MarraziOak ilustrazio tailerra. XIII. edizioa

(*) OHARRA: Uztailaren 20ra luzatu da MarraziOak XIII tailerrean izena emateko epea.

--

2008an hasi zen Galtzagorri elkartea MarraziOak tailerra antolatzen Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker. Orduan Artelekun egiten zuten. Ilustratzaileei bakarrik zuzendutako tailerra da hala hasiberriak nola kontsakratuak; tarteren batean idazleei eta ilustratzaileei zuzendutakoa izan zen, baina ilustratzaileentzako tailer gisa egonkortu zen. 

MARRAZiOAK XIII. 2021eko udazkena

"BYE BYE, GIZONTXO!  TIPOAK, ESTEREOTIPOAK ETA ARKETIPOAK”

2021eko irailaren 27tik urriaren 1era

DEIALDIA ZABALIK!!!

Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2021eko uztailaren 11 izango da.

Duela zenbait urte, emakumezkoaren errepresentazioan oinarritutako ikastaroa eskaini zuten MarraziOak jardunaldien baitan Ignasi Blanch marrazkilariak eta Harkaitz Cano idazleak “…eta errauskine bere errautsetatik berpiztu zen” izenburupean. Orduko hartan, artearen historian egin den emakumearen errepresentazioari buruz hausnartu, emakumezko pertsonaien estereotipoetatik urrundu eta emakumearen errepresentazio berriak eraikitzen saiatu ziren

Bost urte beranduago, ikastaro haren B aldea proposatu eta estereotipoez haratago doan gizonezko berri baten marrazketari buruz modu kritiko batean hausnartuko dute MarraziOaken aurtengo edizioan: Binarismoaren tranpetatik ihes egin eta alfa maskulinitate zaharkituari muzin eginez, nola marrazten da egun gizonezkoa? Aldatu da batere duela hamarkada batzuetatik hona? Zeintzu dira mutiltasun berriaren ezaugarriak?

Rolez eta ofizioez haratago, gizonezkoak beren gorputzarekin duen balizko harremanari eta harreman horri buruz emakumezkoek duten ikuspegiari buruz eztabaidatzea da asmoa. Zeintzu dira adinaren adierazleak, denborak gorputzean utzitako markak? Zeintzu izan dira geure inguruan –familian, lagunartean– ezagutu ditugun gizonezkoen erreferentziak eta nola eragin du horrek geure istorioetan marraztu izan ditugun pertsonaien karakterizazioan? Zerk sentiarazten gaitu deseroso eta zergatik?

Ekintzaz eta ogibideaz desjabeturik, zein litzateke maskulinitatearen egiazko nortasuna eta keinua? Gizonezkoek mendeak daramatzate emakumezkoen era guztietako biluziak margotzen, zer gertatzen da, ordea, emakumezkoek gizonezkoen gorputzak esplizituki margotzean? Berbera da batzuen eta besteen kasuan baimentzen den askatasuna eta gordintasun maila?  

NOLA:

Gizonezko pertsonaien errepresentazioaren moldeez eta zergatiez hausnartzeko, ilustrazioaren, literaturaren, artearen eta zinearen munduko hainbat adibide ekarriko dituzte irakasleek aurtengo MarraziOak jardunaldietara. Eta adibide horiek ikasleek egin beharko dituzten ariketa praktikoez lagunduko dituzte.

Irakasle zein ikasleak Gizontxo horren errepresentazioan arakatzen saiatuko dira, tipo, estereotipo eta arketipo horiek nondik datozen ikusten, horiei buruz hausnartzen:

-Nola irudikatu izan dugu maskulinitatea Historian zehar?

-Zeintzuk dira bere rolak eta itxurak gaur egungo ilustrazioan?

-Lortuko ote dugu inoiz estereotipoak deuseztatzea?

-Zergatik irauten dute? Badute abantailarik?

Galdera hauei erantzunak bilatzen saiatuz, irakurketa eta begirada berriak bilatu nahi dituzte tailerrean: maskulinitatearen errelato berritua gauzatzeko, ilustrazioa bitarteko gisa hartuta.

IRAKASLEAK:

Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch

DEIALDIA HEMEN


Laburrean

  • Mota Prestakuntzak
  • Data Irailaren 27(e)tik urriaren 1(e)ra
  • Ordutegia10:00 18:00
  • Lekua Undermount
    Orkolaga Pasalekua, 46 (Igeldo)
    Donostia-San Sebastián
  • HizkuntzaEuskara
  • Web Undermount

Non

Euskadi, auzolana