Zinemateka: "Jean Pierre Melville: gaua, katuak eta jazza"

Bilbao 2021(e)ko urriaren 6(e)tik 2021(e)ko abenduaren 16(e)ra
  • Zinemateka: "Jean Pierre Melville: gaua, katuak eta jazza"

Pier Paolo Pasoliniren eta Luis García Berlangaren zikloen ostean, Azkuna Zentroko Zinematekak Europako zinemagintzan ezinbesteko zuzendaria izandako Jean-Pierre Melvilleren atzerabegirakoarekin itxiko du 2021eko programazioa.

Ziklo honetan programatutako hamar filmek zinemagilearen ibilbidea osatuko dute; Nouvelle Vague-ren sortzaileetako bat izan zen, eta Frantziako zinema polarraren eta Frantziako erresistentziaren adierazgarri nagusia. Carlos Aguilar Gutiérrez historialari zinematografikoak deskribatu zuenez, “misantropoa eta harroa, mitomanoa eta obsesiboa, muturrerainoko independentea, jazzaren, katuen eta gauaren maitalea”, hari buruz esan ohi da film “beltzak” egin zituzten Europako errealizadore guztien artean amerikarrena izan zela. Horregatik, haren ondarea kultuko eta erreferentziako filmografia da zinema-zuzendari garaikide asko eta askorentzat.

Zikloa hasteko, Melville ikus-entzunezkoen ekoizpenean murgilarazi zuen 24 heures dans la vie d'un clown (1946) dokumental laburra proiektatuko da, bai eta Jean Marcel Bruller-en Vercors-en eleberrian oinarritutako Le Silence de la mer (1946) film luzea ere. Haren maisulantzat jotako Bob le flambeur (1956) lana izango da hurrengoa. “Parisi idatzitako maitasun gutuna”, Melvillek berak esan zuenez, zinema polarraren ernamuina izan zena. New Yorken kokatutako Deux hommes dans Manhattan (1959) filmarekin estreinatu zen polizia-zineman, Melville bera protagonista zela.

Nouvelle Vague-ko guraso espiritualetako bat bihurturik, Léon Morin, prêtre (1961) zuzendu zuen, Emmanuelle Riva eta Jean Paul Belmondo bezalako lehen mailako aktore frantsesekin; Le doulos (1962) eta Le deuxième souffle (1966) egitean, zinema polarraren adierazle nagusi bilakatu zen, gangsterren 40ko hamarkadako zinema beltzaren frantziar etorkian.

Melvillek bere hiru film onenak zuzendu zituen gero, bat-batean hil baino lehen: Le samuraï (1967), Le cercle rouge (1970) eta Un flic (1972) trilogiarekin, Alain Delon protagonista zela, zinema beltzaren gailurrera igo zen zuzendari frantziarra.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana