"Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak" erakusketa

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko azaroaren 12(e)tik 2022(e)ko urtarrilaren 16(e)ra
  • "Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak" erakusketa
    Argazkia: O. Moreno
  • "Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak" erakusketa

Azaroaren 12tik aurrera San Telmo Museoko klaustroan ikusgai izango den erakusketak Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako hainbat objektu arkeologikotan du jatorria, tartean orain museoan  ikus daitezkeen sei hilarriak.

Eduardo Alfaro arkeologo eta ikerlariak, Idoubeda oros egitasmoan lanean diharduenak, euskararekin lotutako inskripziodun hilarri hauek ikertzeaz gain, erakusketa bat prestatu zuen Sorian 2019. urtean. Donostiara etorri aurretik, Bergarako Laboratorium Museoan muntatu zen, baina pandemiak eragin nabarmena izan zuen egitasmo hartan. Orain, erakusketa ikusteko aukera berri bat eskaintzen du San Telmo Museoak.

Honela, 2021eko azaroaren 12tik 2022ko urtarrilaren 16ra, San Telmoko klaustroan egongo da erakusketa. Pieza arkeologikoen ondoan, besteak beste, Joakin Gorrotxategi irakasle eta euskaltzain urgazleak egindako azterketa eta iruzkin linguistikoak jasotzen ditu erakusketak.

Orain arte eskualde horretan topatu diren berrogei hilarrietatik, sei bildu dira erakusketarako, lagin adierazgarri gisa. Ikus daitekeen zazpigarrena, bestalde, baskoien iparraldeko Oiasso hiriaren eremutik datorren Andrearriagako estela da, San Telmo Museoko bildumakoa, eta bertako erakusketa iraunkorrean egoten dena.

Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako erromatar epigrafeei esker, bertan gure aroko lehen mendeetan bizi zen jendearen heriotzarekiko erritu eta sinismenen berri dugu. Inperioko lurralde gehienetan bezala, latinez idatzita daude, baina aldi berean bertako jendearen izen indigenak agertzen dira. Azken ikerketen arabera, hauetariko batzuk euskal-akitaniar antroponimiaren ikuspuntutik azal daitezke, euskararen historiarako garrantzitsuak diren aztarnak baskoiei zegozkien Ebro ibaiaz bestaldeko lurretan kokatuz.

Eskualde horretako jendearen jatorria, beraz, beren izen indigenetan islatzen da. Azken hamarkadetako aurkikuntzen aurretik, ezagunak ziren izen indigena urriak Soriako eta Ebro ibarreko ustezko hizkuntzekin lotzen ziren, hau da, zeltiberierarekin eta iberierarekin. Geroztik hona nabarmendu da ia ez dagoela zeltiberierazko izenik lurralde horretan, Numanziatik gertu egon arren; aldiz, askok egungo euskararen aurrekariak ziren akitanieraren eta baskoieraren ezaugarriak dituzte.

 


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2021(e)ko azaroaren 12(e)tik 2022(e)ko urtarrilaren 16(e)ra
  • Lekua San Telmo Museoa
    Zuloaga Enparantza, 1
    Donostia-San Sebastián
  • Web San Telmo Museoa

Non

Euskadi, auzolana