Udagoieneko Ostera Hegan 2021

Online 2021(e)ko azaroaren 12(e)tik 2021(e)ko azaroaren 28(e)ra
  • Udagoieneko Ostera Hegan 2021
  • Udagoieneko Ostera Hegan 2021
  • Udagoieneko Ostera Hegan 2021

Aurten, bigarrenez, On-line eskainiko da Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen duen Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloa, eta udagoienekoostera.eus webgunean egongo da ikusgai. Mikel Urdangarin, Xamanak eta Olatz Salvadorrek hartuko dute parte azaroaren 12an hasi eta 28rarte iraungo duen ekimenean.

Gaur goizean egin dute Udagoieneko Ostera Hegan 2021eko aurkezpena Topagunea eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek. Lorea Bilbao Ibarra, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak azaldu duenez, "Udagoieneko zigiluetako bat: euskara da kontzertu zikloan parte hartzen duten sortzaileen komunikazio hizkuntza. Hauxe da gakoa: kulturaren bidez, kasu honetan musikaren bitartez euskararen erabilera sustatzea baita aisialdian ere." Diputatuak adierazi du Aldundiak Udagoieneko Ostera zenbait arrazoiengatik bultzatzen duela: herritarrei euskaraz kalitatezko kultur emanaldiak eskaintzen dituelako, industria kulturala sustatzen duelako eta kultur eragileei arnasa eta bizi-indarra ematen diolako.

Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko Zuzendariak, edizio berri honen nondik norakoak azaldu ditu prentsaurrean. Izan ere, berrikuntzekin dator Udagoieneko Ostera Hegan 2021: aurten, atzo gertatutakoa ez gaur ez bihar ahaztu ez dadin, oroimen historikoa izango dute ardatz emanaldiek. Jasoneren hitzetan, iraganean gertatutakoa gogoratzea izan da aurtengo edizioaren helburuetako bat, eta musika bitarteko ezin hobea da horretarako. Eta horrexegatik, hain justu, aukeratu dituzte altxamendu frankistak bortizki erasandako 3 kokaleku: Otxandio, Barakaldo eta Saturraraneko Pasealekua. Udagoienekoostera.eus webgunean aurki daiteke gerra garaiko pasadizo lazgarri haien inguruko informazioa. Bertako oholtzatan izango ditugu, hurrenez hurren, Mikel Urdangarin, Xamanak eta Olatz Salbador, esanahi historikoz betetako paraje ederretan.

Xamanak taldeko abeslari den Endika Lahainek, bestalde, Udagoieneko Ostera zirkuituak musikariei kalitatezko emanaldi bat eskaintzeko ematen dien aukera paregabea azpimarratu du, kontzertuak kokaleku ikusgarri eta enblematikoetan egin baitira. Mikel Urdangarinek Otxandioko Andikona Plazan eskainiko du kontzertua. Xamanak taldeak Barakaldoko Munoa Jauregian eta Olatz Salbadorrek, azkenik, Saturraraneko Pasealekuan, zein baino zein toki miresgarriagotan.   

Kontzertuak online dohainik

Azaroaren 12tik 28ra bitartean egongo dira kontzertu guztiak eskuragarri eta dohainik udagoienekoostera.eus webgunean. Ostiralero kontzertu bat estreinatuko da eta asteburuan zehar webgunean egongo da ikusgai. Hona hemen programazioa:

Azaroaren 12tik 14ra - Mikel Urdangarinen kontzertua Otxandioko Andikona Plazan

Azaroaren 19tik 21era - Xamanak taldearen kontzertua Barakaldoko Munoa Jauregian

Azaroaren 26tik 28ra - Olatz Salbadorren kontzertua Saturraraneko pasabidean (Ondarroa)

bizkaia.eus

Laburrean

Euskadi, auzolana