"Zinetik atera" VI Nazioarteko zine mintegia

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko azaroaren 12(e)tik 2021(e)ko azaroaren 14(e)ra
  • "Zinetik atera" VI Nazioarteko zine mintegia

Zein irudi datorkizu burura "zinetik atera" esaldiarekin? Agian bikote bat izan daiteke zine areto batetik ateratzen. Euria ari du eta aterkia irekiko dute. Bietako batek zigarro bat piztuko du. Gaua da. Dagoeneko ilundu du. Ikusi berri duten pelikulak hiriko kaleetatik jarraituko du.

Agian ez da bikote bat. Neska bat bakarrik da zine aretotik aterako dena. Eta ez da gaua. Jaialdi bateko lehenengo orduko proiekzio batetik atera berria da. Eguzkitako betaurrekoak jantziko ditu argiak molestatu ez dezan.

Agian ez da ez bikote bat, ezta neska bat ere ez. Agian zine aretotik ateratzen dena pelikula bera da. Zine areto batean proiektatu ordez, erakusketa areto batean proiektatzen dena, adibidez. Pelikula batek pelikula bera izaten jarraitzen du proiektatzen den lekua aldatzen bada?

Edo agian lengoaiari buruz ari gara zine-a aipatzen dugunean. Zinetik atera. Zer da zinea definitzen duena eta zer esan nahi du hortik ateratzeak? Agian zinearen konbentzioak alde batera uzteari buruz ari gara: areto ilun bat, ikusleak besaulkietan, proiektore bat, 3, 2, 1, pelikula bat, bukatzean argiak piztu eta kalera atera.

VI Nazioarteko Zine Mintegiaren abiapuntua Zin Ex. Gorpuntza eta arkitektura Florian Wüstek komisariatutako erakusketa da. Erakusketak eraman gaitu "zinetik atera" esaldira eta bi egun t’erdi emango ditugu sei gonbidaturekin performance, hitzaldi, elkarrizketa eta pelikulen bitartez esaldi honi bueltak ematen.  Mintegiko partehartzaileak, Erika Balsom zine teorikoa, Érik Bullot zine teoriko eta zinegilea, Anouk De Clercq eta Discoteca Flaming Star artistak, eta Chloé Galibert-Laîné eta Jorge Moneo zinegileak izango dira. 

Ea zein den VI Nazioarteko Zine Mintegia elkarrekin bizi eta gero zinetik atera esaldiarekin burura datorkigun irudia.


Laburrean

  • Mota Hitzaldia
  • Data 2021(e)ko azaroaren 12(e)tik 2021(e)ko azaroaren 14(e)ra
  • Lekua Tabakalera
    Andre Zigarrogileen plaza, 1
    Donostia-San Sebastián
  • Web Tabakalera

Non

Euskadi, auzolana