Euskal Zine Bilera 2021

Lekeitio 2021(e)ko azaroaren 20(e)tik 2021(e)ko azaroaren 28(e)ra
  • Euskal Zine Bilera 2021

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere ohiko egitura berreskuratuko du baina iazko esperientziatik edukiak online jarraitzeko aukera ere emango du. Iazko urtea ezohikoa izan zen arlo guztietan eta jaialdia online formatura aldatzera behartu zuen.

Erabaki horrek aukera berriak azaleratu zituen. 44. edizio honetan zine aretoa bete nahi dute berriro baina hurbildu ezin direnak ahaztu gabe, hauei zinebilera.eus orrialdearen bidez edukiak eskainiz. Hori bai, jaialdiaren atal guzti guztiez gozatu  ahal izateko aukera bakarra Ikusgarri zinera hurbiltzea izango da, honek izango baitu lehentasun osoa.

  • Edukiak online zinebilera.eus orrialdean

Jaialdiaren atal esanguratsuenak online ere jarraitu ahalko dira. Film laburren lehiaketa edota solasaldiak pantailaren bidez  ikusi ahalko ditugu, mugikorrean, ordenagailuan edo telebistan. Euskal Zine Bileraren webguneak jaialdiaren informazio guztia  bilduko du leku berean eta jarraipena egiteko aukera emango du. Zalantzarik gabe zinebilera.eus orrialdea euskarazko zinemaren erakusleihoa bilakatuko da jaialdia ospatzen den egunetan.

  • Sortu, partekatu, saretu

44. Euskal Zine Bilerak aurreko urteetan landutako espazioak mantenduko ditu, bere eduki guztiak 3 ataletan bananduz:  Euskarazko zinema SORTU, Euskararen zinema PARTEKATU eta Euskal Zinemagintzarekin SARETU.

SORTU atalean zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimenak aurkituko ditugu. Alde batetik,  Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango dugu. Gazteentzako euskarazko ikus- entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat  egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dugu, beka honen bidez euskarazko zinema indartzeko ahalegina egingo  da, proiektuen lehiaketa bultzatu eta aukeratukoari finantzaketa laguntza eskainiz. Zoom atalean, Arropaineko Arragua eta Zinelab-en laguntzarekin sortutako Marangoni lantegia aurkeztuko da.

PARTEKATU atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira. Alde batetik,  aurre aukeratuak izan diren 20 lanek osatuko duten Sail ofizialeko lehiaketa izango dugu. Film horiek zeintzuk diren  jakin nahi? Hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus orrialdean aurkituko duzue. Irabazleak aukeratzearen  arduradunak Ane Pikaza, Iratxe Fresneda eta Izaskun Arandia izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren  figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Nork eramango du? Hori  ezagutzeko oraindik aste batzuk itxaron beharko ditugu.

SARETU atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko gara harremanetan. (H)emen  elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. Era
berean, iaz estreinatutako Pantaila Irekia espazioan, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiko  diegu, aurten Animadeba jaialdia izango da gonbidatua. Bestalde, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede  duen Atzo8 atalean euskal zinema amateurrari buruz abian dugun ikerketarekin jarraituz, zinemagileei eta haien filmei  buruzko saioak antolatuko dira. Aurten Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuten lekeitiar/lagun/zinemagile taldeari  eskainiko zaio atal hau. Azkenik, Hazparneko Zinegin Festibalarekin lankidetza jarraituko da, aukeratutako film baten  ikustaldia eta solasaldia eginez.

  • Euskarazko zinema bultzatzen

Aipatutako eduki guztiekin Lekeitioko Euskal Zine Bilerak urte bete gehiagoz euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzen  jarraituko du. Eta ez ditu ahaztu nahi lan honetan bidelagun izan dituen erakundeak. Besteak beste hurrengo hauek izango  dira 44. edizio honetan: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eitb, Erabil, (H)emen, Eusko Label, Zinegin, Hitza,  Euskaltzaleen Topagunea, Zinemazaleak Elkartea, Ibaia, Zinea.eus, Arragua, Kimuak, Animadeba, Euskadiko Filmategia, Elías  Querejeta Zine Eskola eta ZineLab.

Zalantzarik gabe Lekeitioko 44. Euskal Zine Bilera euskarazko ikus-entzunezkoen erakusleiho bilakatu da urte guzti hauetan.  Aurten ere horrela izango da eta gure ama hizkuntzaren bidez zinea betetzeko ahalegina egingo da, zinemak mugitzen  gaituelako.

 

 

 


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana