Finala - Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Pamplona/Iruña 2021(e)ko Azaroak 28
  • Finala - Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021lehiaketaren baitan.

Urriaren 2an Izaban hasitako bidea bere helmugara iristear da. Erronkariko bailaratik igaro, eta Tafallatik, Zangozatik, Doneztebetik, Altsasutik, Berriozartik eta Leitzatik pasa ostean, finalaren ataritan da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Azaroaren 28an izango da azken ekitaldi hori, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita.

Zortzi bertsolari iritsi dira azken geltokira: Eneko Fernandez Maritxalar, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria. Horien artean izango da 2021eko txapelduna.

Alaitz Rekondok eta Ander Aranburu Arriolak aurkeztuko dute saioa. Bi atal izango ditu finalak: lehenengoan zortzi bertsolariak ariko dira. Bigarren atalera lehen atalean puntu gehien eskuratutako bi bertsolariak pasako dira. Bi ataletako puntuazioak batuta puntu gehien lortzen duenak jantziko du txapela.

Finalisten artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak, Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaiza. Gainerakoak, finalean arituak dira. Xabier Silveirak hamaseigarren finala izango du, Julio Sotok hamargarrena, Eneko Lazkozek zazpigarrena, bosgarrena Eneko Fernandezek, eta bigarrena Joanes eta Xabat Illarregik. Finalisten artean badira txapeldun izandakoak ere bai: Julio Soto da oraingo txapelduna, eta  bost txapela ditu irabazita (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an), Xabier Silveirak, zazpi txapel ditu guztira, 1997an, 2004an, 2005ean, 2006an, 2007an, 2009an eta 2013an irabazitakoak. Finalak, beraz, era guztietako ibilbideak eta kantaerak bilduko ditu oholtza berean.

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, finalaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, Anaitasunako txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira. Ateak 15:00etan irekiko dira, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko deia egin du, pilaketak ekiditeko. Gainera, osasun neurri guztiak mantentzeko betebeharra gogorarazi du, bai eta bertsolarien lana errespetatzeko isiltasuna mantendu eta mugimendu handiak ekiditeko eskaera egin ere.

Finala ETB4 katean jarraitu ahalko da zuzenean, telebistan, eta internetez, www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus atarietan, streamingean. ETB1ek, gainera, zuzeneko konexioa egingo du 21:00etan, eta finalaren laburpen saioa emango du igandean bertan, 23:30etatik aurrera. Hainbat hedabide ere akreditatu dira finala bertatik bertara jarraitzeko.

 

Bertsozale

Laburrean

  • Mota Bertsolaritza
  • Data 2021(e)ko Azaroak 28
  • Ordutegia17:00
  • LekuaAnaitasuna kiroldegia
    Pamplona/Iruña
  • Zenbatekoa13 / 15 / 18 €
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaEuskara

Non

Euskadi, auzolana