Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen 2022ko neguko denboraldia

Vitoria-Gasteiz 2022(e)ko otsailaren 4(e)tik 2022(e)ko maiatzaren 27(e)ra
  • Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen 2022ko neguko denboraldia

Udalaren Antzoki Sarearen 2022ko neguko denboraldian 47 ikuskizun antolatu dira urtarriletik apirilera bitartean. Horietako 35 Principal antzokian egingo dira, publiko guztientzako antzerki, musika eta dantza eskaintzearren. Arabako hiriburuko gizarte-etxeek, bestalde, kulturarekiko 12 hitzordu hartuko dituzte, Jim Aktual, Ikuskizuna Ibaiondon eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloen barruan.

Antzerkia

Helduentzako antzerki-abonamenduak interprete, testu eta zuzendari handiek bermatutako 8 proposamen aurkeztuko ditu guztira. ‘El Tartufo de Moliere’ lanak irekiko du denboraldia, otsailaren 4an; Ernesto Caballerok egokitu eta zuzendu du, eta Pepe Viyuela da protagonista. Otsailaren 18an, Sam Sephard-en ‘True West’ lan ospetsuaren txanda izango da; Eduardo Mendozak egin du bertsioa, eta Pablo Derqui eta Tristán Ulloa dira protagonista nagusiak.

Otsailaren 25ean, ‘La Panadera’ lana ikusi ahalko da Gasteizen. Sare sozialen ondorioei buruzko testu hori Sandra Ferrúsek idatzi eta zuzendu du, zeina gaur egungo antzerkigile nabarmenen artean baitago. Martxoaren 5ean, berriz, eszenako bi izen handi etorriko dira Principal antzokira; izan ere, Juan Mayorgak Blanca Portillo zuzendu du ‘Silencio’lanean, zeinak hainbat lanetako isiltasunean barne eramango baikaitu: ‘Antígona’, ‘La casa de Bernarda Alba’ eta ‘La vida es sueño’, besteak beste.

Carolina África dugu nazio-mailako beste antzerkigile handietako bat: Zentro Dramatiko Nazionalak gonbidatutako zuzendarietako bat da, eta martxoaren 18an eta 19an iritsiko da Arabako hiriburura, ‘Cuaderno de Pitágoras’ proiektuarekin.

Tanttaka Teatroa konpainia ere itzuliko da azken lana aurkeztera, martxoaren 23an euskaraz eta 24an gaztelaniaz: ‘Semea pixka bat motelago dabil soilik’. Testu horrek arrakasta handia izan du Buenos Airesen, eta oraingoan Fernando Bernuések zuzendu du hamar aktorek osatutako taldea, horien artean, Ane Gabarain eta Mireia Gabilondo.

Steven Berkoff egile handiaren ‘Decadencia’ lanak borobilduko du helduentzako abonamendua, apirilaren 2an. Pedro Casablanc eta Maru Valdivielso aktoreak Mario Gasen zuzendaritzapean arituko dira.

Zortzigarren antzerki-proposamena La Joven konpainiaren eskutik etorriko da, abonamendutik kanpo. Talde hori behin baino gehiagotan agertu da gure programazioan bere muntaia garaikide, apurtzaile eta konprometituekin. Eskola-funtzioez gain, ‘Fuego, mapa de una Europa en ruinas’ lanaren funtzio irekia eskainiko du apirilaren 5ean.

Euskarazko ikuskizunak

Antzoki Sareak euskarazko lanen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Tanttaka Teatroa konpainiaren lanaz gain, beste bi lan programatu ditu: otsailaren 10ean, Hika Teatroa konpainiaren ‘La Tarara’, Agurtzane Intxaurragak zuzendua eta, besteak beste, Itziar Ituño protagonista duena; apirilaren 12an, ‘Entre copas’ testu eta film ezagunaren bertsioa, ‘Kopaz Kopa’, komedia itxuraz “zuri”, dibertigarri eta lasaia, Garbi Losadak eta José Antonio Vitoriak zuzendutakoa.

Dantza

Dantza abonamenduari dagokionez, Gasteizko publikoak goi mailako hiru konpainia bikainez eta lengoaia koreografiko desberdinez gozatu ahalko du. Otsailaren 12an, Jesús Rubio Gamo etorriko da, gaur egungo koreografo abangoardistenetako bat, etorkizun handikoa, bere ‘Gran Bolero’ berezia aurkeztera. Martxoaren 4an, María Pagések bere azken lana aurkeztuko digu, ‘Paraíso de los negros’; aparteko egikera artistikoa duen koreografo handia da, flamenkoaren eta antzerki-dramaturgiaren artean dabilena. Apirilaren 9an, azkenik, Malandain Ballet Biarritz konpainiak programa bikoitza ekarriko du: ‘Sirènes’, Martin Harriaguerena eta ‘Sinfonía’, Thierry Mallandainena.

Musika

Musikak presentzia handia izaten jarraituko du Antzoki Sarearen eskaintzan, bai musika klasikoak, bai popak eta beste genero batzuek; guztira, askotariko 14 proposamen izango dira.

Quique Gonzálezek bere azken diskoa aurkeztuko du otsailaren 5ean; Les Luthiers martxoaren 11, 12 eta 13an etorriko zaizkigu Gasteizera, ‘Viejos Hazmerreíres’ ikuskizuna eskaintzera, eta Ruper Ordorikak ‘Hautsi da amphora’ lan berria aurkeztuko digu martxoaren 25ean, Korrikaren eta Loraldia jaialdiaren barruan.

Horri Kontzertu Handien Zikloko lau emanaldiak gehitu behar zaizkio. ‘Neguko Disdirak’ kontzertuak irekiko du programa, otsailaren 19an; Idoia Asurmendik eta Eñaut Elorrietak bertsio sinfonikoak egingo dituzte, Fernando Velázquezen zuzendaritzapean. Apirilaren 7an, Jordi Savallek eta lagun dituen musikariek ‘Todas las mañanas del mundo’ izenburua duen programa barrokoa eskainiko dute.

Maiatzaren 27an, Carlos Menak bisitatuko du Principal antzokia, Forma Antiqua musika-taldearekin batera, ‘El jardín de Farinelli’ programa eskaintzera. Azkenik, Camerata Ireland orkestrak itxiko du 2022ko zikloa, ekainaren 1ean, Barry Douglas pianista eta zuzendari handiaren zuzendaritzapean; Mozart eta Beethovenen obrez osatutako programa erakargarria interpretatuko du.

Udal Musika Bandak, berriz, hiru kontzertu eskainiko ditu: ‘Desideratum’, urtarrilaren 26an, Pablo Urbinaren zuzendaritzapean; ‘Ad infinitum’, otsailaren 9an, eta ‘Errare humanum est’, martxoaren 16an, biak Luis Orduñak zuzendurik.

Orobat, Euskadiko Orkestrak lau kontzertu emango ditu 21-22 denboraldiko abonamenduaren barruan.

Familientzako ikuskizunak

Udalaren Antzoki Sareak ahalegin handia egiten du publiko berriak sortzeko, eta horren erakusgarri dira datozen hilabeteetarako programatu dituen lau ikuskizunak: antzerkia, dantza, clown eta zirkua. ‘Beethoven para Elisa’, Víctor Ullate Juniorrekin (otsailaren 13an), ‘FormaS’, Zigzag Danza-rena (otsailaren 20an), ‘Italino gran hotel’, La tal teatro taldearena (martxoaren 20an) eta ‘Parade el circo de los valientes’, La Maquiné taldearekin (martxoaren 27an).

Euskadiko Orkestrak ere bat egin du asmo horrekin, bi proposamenekin: ‘Zirkus’ urtarrilaren 30ean, Federcio García Lorca antzokian, eta ‘Botadun Katua’ apirilaren 10ean, Principal antzokian.

Udal Musika Bandaren beste bi kontzertuk osatuko dute abonamendu hori: ‘The New Orleans a Abbey Road’, martxoaren 6an, eta  ‘Zirku Soinua’, apirilaren 3an.

Gizarte-etxeak

Gasteizko gizarte-etxeetako antzokiek bat egin dute arte eszenikoen aldeko apustuarekin, goi mailako bi ziklorekin.

Jim Aktualek hiru lan oso desberdin aurkeztuko ditu denboraldi honetan, baina faktore komun batekin: gai korapilatsuen lanketa. Zanguango Teatro taldearen ‘Sólo Críos, Críos solos’ lanak immigrazioaz dihardu (otsailaren 24an); Ventrículo Veloz konpainiaren ‘Dados’ lanak, nerabeen identitate sexualaz eta genero-disforiaz (martxoaren 18an); Vanessa Espínen ‘Un animal en mi almohada’ lanak, indarkeria matxistaz (apirilaren 7an).

Ikuskizuna Ibaiondon zikloak, bestetik, hiru hitzordu saihestezin proposatzen ditu. Otsailaren 11n, Club Caníbal taldeak ‘Algún día todo esto será tuyo’ plazaratuko du; martxoaren 11n, ‘Hoy puede ser mi gran noche’ komedia musikala iritsiko da, Teatro en Vilo konpainiaren eskutik, eta apirilaren 1ean, azkenik, La Calórica-k bere arrakasta handietako bat aurkeztuko du, umorez eta salaketaz betea: ‘FairFly’.

Horri guztiari XXI. Mendeko Flamenkoa zikloa gehitu behar zaio. Ziklo hori urtarrilaren 29an abiatuko da, Esperanza Fernándezekin, eta jarraian hauek arituko dira: María Terremoto, otsailaren 12an; Luis Moneo, otsailaren 26an; Perico ‘El Pañero’ eta José Canela, martxoaren 12an, eta Pedro ‘El Granaíno’, martxoaren 26an. Saioak Jesús Ibáñez de Matauco antzokian izango dira, 19:30ean hasita.

Abonamenduak urtarrilaren 24an eta 25ean jarriko dira salgai; abonamendu irekiak, aurretik hitzordua eskatuta, urtarrilaren 27tik aurrera; eta sarrera solteak, urtarrilaren 28tik aurrera.

Bi salbuespen izango dira, bi emanalditarako sarrerak lehenago jarriko baitira salgai: Quique Gonzálezen kontzertua eta Euskadiko Orkestraren ‘Zirkus’; horietarako sarrerak urtarrilaren 18tik aurrera erosi ahalko dira.

Beste ikuskizun batzuetarako sarrerak abendutik daude salgai, hala nola Les Luthiers, Kontzertu Handiak eta XXI.  Mendeko Flamenkoa.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana