Punta Begoñako bisitak berriro

Getxo 2022(e)ko apirilaren 1(e)tik 2022(e)ko abenduaren 31(e)ra
  • Punta Begoñako bisitak berriro

Eraikuntzan aztarna utzi duten gure hurbileko historiaren gertakizun garrantzitsu batzuen lekuko izan den eraikinaren ibilbideak ehun urte bete dituenean, Punta Begoña Galerietako ateak irekiko dira berriz, eta bisiten programa bat eskainiko zaie herritarrei, apiriletik abendura arte bitartekoa, hainbat berrikuntza dakartzana. Obren konplexutasuna eta monumentuko balioak babesteko nahia direla eta, bisiten eta jardueren programa oso zehatza egin da, leku-kopuru mugatuarekin, urtean zehar 3.500 pertsona bertaratu daitezen eta galerietako historia zoragarria ezagutu dezaten.

Getxoko alkate den Amaia Agirrek nabarmendu du Punta Begoña herritarrak egoteko tokia izango dela. “Punta Begoña bizitzeko moduko tokia izango da herritarrentzat. Eta hiriak bizigarri bihurtzea garapen jasangarriaren helburua da, gobernu-talde honen apustua. Gainera, kultura, prestakuntza eta erakargarritasun turistiko kulturalerako gunea izango da baita berrikuntza eta parte-hartze sozialerako gunea ere. Pandemiaren urte gogorren eta oso obra konplexuaren ondoren, Udalak bultzada eman dio proiektuari Punta Begoña Fundazioaren bitartez. Oso pozgarria da getxotarren interesari erantzun ahal izatea eta galeriak berriz irekitzea bisitetarako. Gainera bisita horiek berrikuntzekin datoz, gure ondarea babesten eta babesten laguntzen dutenak. Are gehiago, 100 urte betetzen diren urte berezi honetan. Denbora horretan zehar, gure historia hurbileko mugarri garrantzitsuenetako batzuen lekuko izan da eraikina, eta, orain berpiztu ahal izango dugu historia, areto izugarri hau argiz, ahotsez eta kolorez beteko duen ikus-entzunezko ikuskizun baten bidez”.

Izan ere, Punta Begoña ibilbide berriekin irekiko da eta berreskuratutako espazioak jarriko dira ikusgai; halaber, tokiak biltzen duen milioika urteko historia laburbilduko da aretoko tximiniaren gainean egingo den bideo mapping proiekzioaren bitartez. “Getxoko Udaletik eta Punta Begoña Fundaziotik, apirilean eta maiatzean egingo den bisita mota berri batekin ospatu nahi izan ditugu urtemuga eta Galerien irekiera. Gure gidari taldearen eskutik enklabe honen sekretuak ezagutu ondoren, ibilbidea historian murgilduta amaituko dugu, mapping ikuskizun baten bidez. Esperientzia sentsoriala da, Punta Begoñako areto handi honetako horma eta dekorazioen gaineko irudien proiekzioaren bidez eraikinaren eraldaketa zuzenean ikusi  ahal izatea ahalbideratuko duena: euskarri duen labarraren eraketatik hasi eta berreskuratu arte, harrotasun eta gainbehera uneak edo duela mende bat Abrarako begiratokiaren eraikuntzatik igaroz”, adierazi du Punta Begoña Fundazioko zuzendari den Maria Peraitak.

Apiriletik abendura bitartean egingo dira bisitak, baina apirilean eta maiatzean soilik egingo da aipatutako bideo mapping-a. Ahalik eta bisita gehien lortzeko egindako esfortzuari esker, 1.250 plaza gaituko dira bi hilabete horietan eta, hortaz, aurreikusten den eskaria dela-eta, 2 euroko prezio sinbolikoa ezarri da, erreserbarekiko konpromisoa bermatzeko eta inor kanpoan geratu ez dadin. Ekarpen hori monumentu historikoa berreskuratu eta sozializatzeko erabiliko da. Ondoren, obrako nahiz berreskuratze-prozesuko inguruabarretara egokituko da bisita; hala, jarduera aldakor eta ebolutiboa izango da, Punta Begoñaz gozatzeko esperientzia bakarra izan dadin beti. Monumentu baten eraldaketa bizi eta partekatzeko aukera.

Lekua erreserbatzeko, sartu Punta Begoña Galerietako webgunera (www.puntabegonagetxo.eus) edo Getxoko Turismo Bulegora jo (944 910 800), egun bakoitzeko ordutegi- eta hizkuntza-eskaintza ezagutzeko. Mendeurrenaren ziozko irekiera ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan eskainiko da, goizeko eta arratsaldeko txandetan, gaztelaniaz zein euskaraz.

Punta Begoñako historia

Punta Begoña Getxoko historia eta, bide batez, Euskadikoa ere ezagutzeko espazio paregabea da. Mugarri geologikoa, historiaurreko giza kokagunea, bateria militarra, XX. mende-hasierako loraldi kultural zein sozialaren erdigunea... eraikin honen hormetan duela ehun urte Bizkaian bizi izandako eraldaketaren aztarnak daude ikusgai.

Gaur egun, Getxoko Udala monumentua berreskuratzeko lanak egiten dabil, gizartearen zerbitzura dagoen sormenerako, erakusketarako, prestakuntzarako, nahiz gozamenerako espazio bihurtze aldera. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera ikerketa sakona egin da eta, horri esker, eraikinean eragiten zuten kalteak antzeman dira baina, bereziki, bere balioak zehaztu dira; gauzak horrela, aurrera egingo du hurrengo faseak, non esku-hartzea eta erabilera publikoa areagotuko baitira, oraingoan Punta Begoña Fundazioaren gidaritzapean.

Hizpide dugun eraikin berritzailea duela mende bat eraiki zen, eta orain bizitegi-guneak berriz ere irekiko dizkie ateak getxoztar eta bisitariei, ezagutu ditzaten bertan dauden paseatzeko galeriak, itsasertzera ematen duten begiratokiak, itsaslabarraren gainean dauden terrazak eta aretoa. Aipatutako aretoa, Xurxo Ayán arkeologo eta komunikatzaile ospetsuak esan bezala, «Estatuko kapsula historiko interesgarrienetako bat» da, bertako apaingarri eder eta pintura txundigarriak direla eta.

 

getxo.eus/

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2022(e)ko apirilaren 1(e)tik 2022(e)ko abenduaren 31(e)ra
  • LekuaGetxo

Non

Euskadi, auzolana