Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Santurtziko Casa Torre jauregiak “50. Hamarkadako emakume langileak. Baserriaren eta fabrikaren artean” erakusketa jarriko du ikusgai, non 40 argazkitan Bizkaiko XX. mendearen erdi aldeko industrializazio prozesuan emakumeak izan zuen garrantzia erakusten duen.
Erakusketaren helburuetako bat zera da, garai hartako emakumeek bizi zituzten esparru guztiak erakusgai jartzea. Errealitate sozial hori dela-eta, gehienek oso goiz uzten zioten lanbideari, batez ere frankismo garaian, emakumeoi ume-umetatik sattzen baitziguten muinetaraino ama gisa egin beharreko lanak izan behar zuela lehentasuna.
Horren harira Itziar Carrocera Berdintasun Arloko zinegotziak Bizkaiko Batzar Nagusiei eskertu die Santurtzik erakusketa jasotzeko emandako aukera, argi eta garbi agertzen baitu “emakumearen lana funtsezkoa izan zela, ezinbestekoa sarritan, enpresa-ehunak biziraun zezan. Garai hartako errealitate sozialak goizegi uztarazten zien lanbideari. Hala eta guztiz ere, batzuek lan-karrera luzea egitea lortu zuten eta gai izan ziren fabriketako lana etxeko andre gisa egin beharrekoarekin bateratzeko”.
Argazkietan, Enkarterrietako zenbait elkartek, udalek eta bizilagunek lagatakoak eurak, garai hartako emakumeek egiten zituzten hamaika lan-mota ikusten dira. Arestian esan bezala, erakusketa Casa Torre jauregian egongo da ikusgai martxoaren 17ra arte. Argazkien bilduma Abellanedako “Enkarterrietako Museoak” egin du eta Bizkaiko Batzar Nagusien jabegopekoa da.