"Hamairu Centaurusera", Sergio Pregoren instalazioa

Bilbao 2022(e)ko maiatzaren 6(e)tik 2024(e)ko azaroaren 30(e)ra
  • "Hamairu Centaurusera", Sergio Pregoren instalazioa

Bilboko Arte Ederren Museoak BBKateak proposamena jarriko du martxan, eta, horretarako, Sergio Prego (San Sebastián, 1969) artistaren Hamahiru Centaurusera instalazioa aurkeztuko du. Berariaz museorako sortutako lana da, eta, bereziki, museoa handitzeko proiektuaren garapenari laguntzeko.

1945eko eraikina zaharberritzen amaitu ondoren, hurrengo asteetan bilduma lekuz aldatzeari ekingo dio museoak. Handitze-lanek irauten duten bitartean zabalik iraungo duten 22 aretoetara, hain zuzen ere. A(r)teak zabalduz goiburupean, museoak ekainaren 20an irekiko ditu berriz ateak, eraikin zaharraren fatxadan, eta, txandaka, bildumako ehun artista esanguratsuren lanak jarriko ditu ikusgai, hurrenez hurreneko erakusketa txikien segidak eratuz (Kateak), museoko ohorezko patroia den BBKrekin batera garatutako programaren barruan. 

Bestalde, Hamahiru Centaurusera esku-hartzea eraikin zaharrean eraberritu diren geletan dago jadanik; hain justu, kanpoko bertikalean egiten ari diren handitze-lanek gehien eragindakoenetan. Museoko arkitekturek protagonismo berezia hartu duten honetan, eta aretook hutsik egoteak sortutako salbuespenezko egoera baliatuz, Pregok eskulturaren esperientzia proposatzen du, museoko barne-arkitekturarekiko hartu-eman berezian. Espazioa zeharo betetzen duen modulu pneumatikoen kate batek osatzen du artelana. Diafragma baten antzera funtzionatuko du, museoaren eraldatze-prozesuan sortutako beharren arabera zabaldu eta itxiko baita. 

Pregok erreferente bikoitza darabil: XX. mendeko hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako arkitektura erradikalaren mugimenduen esperimentalismoa, eta mugimendu haiek egitura pneumatikoak –ia beti iraungikorrak– erabiltzeko zeukaten joera, beste habitatze-forma batzuk antolatzeko. Bide horretatik, Pregok, hemen, masa materiala erlatibizatzen du bizipen espazialaren osagai gisa, eta, aldi berean, bere lana txertatzen du eskulturaren genealogian.

Hamahiru Centaurusera zientzia-fikziozko kontakizunean, egileak, J. G. Ballardek, etorkizuneko irudi utopikoak eta distopikoak lotzen ditu elkarrekin, ezbaian jartzeko modernotasunaren ezaugarri izan den, eta, maiz, giza esperientziatik eratorritako jarrera etikoekin borrokan aritu den aurrerapen-kontzeptua. Narrazio horretan oinarrituta, Pregok museoan egingo duen esku-hartzeak egitura geometrikoen agerpen espaziala kontrajartzen dio haiek osatzen dituzten mintz pneumatikoen gorpuztasunari.

Hamahiru Centaurusera Sergio Pregok Bilboko Arte Ederren Museoan egingo duen bigarren esku-hartze espezifikoa da. 2001ean, museoaren azken eraberritzea inauguratzeko egin zen Gaur, Hemen, Orain erakusketaren barruan, artistak bere lehen soinu-instalazioetako bat gauzatu zuen: House, Where is House?. Orduko hartan ere, arkitektura berria hartu zuen bere obra islatzeko espazio modura.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2022(e)ko maiatzaren 6(e)tik 2024(e)ko azaroaren 30(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non