Lana sortu da museoa handitzeko lanak egiten diren bitartean bertako aretoetan jartzeko, lan-eremu horretako bildumako obrak husteak eman dion aukera aprobetxatuz. Hamahiru Centaurusera lanak egoera ezin hobe bat aprobetxatu du eskultura eta museo barruko arkitektura lotzen dituen esperientzia bat proposatzeko.

Eskala handiko modulu pneumatikoen sekuentzia batek gorputz arkitektonikoa osatzen duten elkarren ondoko hamar aretoen pertzepzioa eraldatzen du. Museoaren alde zaharrenaren barnean dago. Nagusiki 14 moduluk osatzen dute instalazioa; espazioan kokatuta daude, berean hartu dituzten aretoen neurrira eginda. Gainera, elementuok aretoen arteko simetria-ardatzen arabera daude antolatuta, eta kateatutako elementuak txandakatuz osatutako patroi bat sortzen dute. Elementu batzuk jarraitasun fisikoa dute, eta beste batzuk bereizita daude, gelak banatzen dituzten hormen bidez edo geometrikoki analogoak izanik espazioan paraleloak diren ertzen arteko gune hutsen bitartez.

Moduluen mintzak tetraedroa eredu abstraktu gisa hartzen du bere egiturarako. Solido erregularrik sinpleena eta egitura-sendotasun handienekoa da; triangelu formako lau alde berdin ditu. Tetraedroak berezitasun bat du: haren ertzak ez datoz bat koordenatuen sistema ortonormalaren ardatz axialekin eta, gainera, ez da egokitzen kubikatze-sistema batera. Hau da, forma horiek espazio bat hartzen dutenean, ezin dute erabat bete; aldiz, zirrikituak uzten dituzte elkarren artean. Ondorioz, sortzen den geometria ez da guztiz egokia museo-aretoak edukitzaile gisa ulertuta; izan ere, aretoen egitura desitxuratuta geratzen da, eta tetraedroen presentziak haien pertzepzioa oztopatzen du. Mintza puztean, horietako bakoitza topologia baten antza duen forma kurbatu eta organiko bihurtzen da, eta haietan identifikatu daitezkeen elementu geometriko bakarrak tetraedro-katea osatzen duten moduluak lotzen dituzten bi ertzak dira. Egitura pneumatikoak forma organiko gisa sailka daitezke, esaterako, organo edo organismoen moduan, zeinak bere baitan ixten den mintz bat diren eta barnealdearen eta kanpoaldearen arteko harremana erregulatzen duten zuloak dituzten. Forma organiko horien ezaugarriak mintzen gainazaleko tentsioaren plastikotasunaren araberakoak dira.

Esku hartutako arkitektura-gorputzaren hegal bat osatzen duten aretoetatik bostetan, zenbait mintz zeharrargi daude, espazioan gorputz arrotz gisa sartuta. Masek zehatz-mehatz bost areto horien zabaleraren erdia hartzen dute, elkarren artean konektatzen dituzten atalaseak dauden aldean; hala, ibilbide linealean sartuta daude eta zirkulazio bihurri bat sortzen dute. Ibilbidean zehar, batzuetan, ikuslea horiekiko oso hurbil dago, ukitu ere egin ditzake; beste zati batzuetan, argizuloetatik datorren argia bahetzen duten mintzen azpian aurkituko da. Egitura ez-ortonormalak aretoetako espazioaren pertzepzioa eta igarotzeko modua eraldatzen ditu.

Beste bost aretoek osatzen duten kontrako hegalean, moduluak mintz beltz eta opaku batez eginda daude. Beste batzuk, berriz, aretoak lotzen dituzten atalaseek marraztutako igarotze-lerro zuzenaren beste aldeko erdian daude, luzetara. Eskultura-katea hormatik esekita dago, errodapiaren eta berori goitik mugatzen duen molduraren arteko eremuak sortutako frisoaren gainean. Hegal horretan, gorputz beltz handiak zirkulazioaren kontrako aldean daude jarrita, kontenplazio-distantzia batera dauden izakiak balira bezala.

Paraleloan, moduluek betetako hormen beste aldean, paperean egindako zenbait marrazki figuratibo daude erakusketan zehar barreiatuta. Marrazkiak dira bizitza eta gizatasuna irudikatzeko modu ezagunenak guretzat, eta elementu modular pneumatikoen presentzia abstraktu eta aldi berean organikoak sortzen duen indarkeriarekin solasean eta kontrastean daude.

Proiektuak, halaber, bildumako bizpahiru lanen irudietatik abiatutako esku-hartze bat barne hartzen du, bildumaren azken antolamenduan zuten kokapen berean. Horrela, proiektua hustutako museoaren testuinguruan inskribatuta geratzen da, hala espazioari dagokionez, beren forma arkitektonikoan, nola denborari dagokionez, betetzen duen kontserbazio-funtzioarekin lotuta. Aretoko frisoetan kokatutako mintz pneumatiko batean edo bitan, hautatutako obren eskala errealeko zenbait argazki daude. Beraz, ikuslearen eta argazkiaren artean jarritako mintz plastiko zeharrargia tartean egongo da haiek begiratzean eta, gainera, marko bat balitz bezala, babes-funtzioa betetzen du, ikuslea iruditik aldenduz eta irudiaren pertzepzioa lanbro batean margulduz.

Zientzia-fikziozko Thirteen to Centaurus (Hamahiru Centaurusera) kontakizunean, J. G. Ballardek esperimentu bat deskribatzen du; horretan, pertsona batzuk kupula batean isolatuta bizi dira, izarren arteko belaunaldiarteko bidaia baten kondizioak simulatuz, kanpoko errealitatea ukitu eta ezagutu gabe. Helburua da jakitea giza portaeraren zein faktorek eragin duten espazioa kolonizatzeko aurreko saiakerek porrot egitea. Roger Francis doktorea arduratzen da ikerketaren subjektuen jarraipen psikologikoa egiteaz, eta erregulartasunez ateratzen da isilpean kupulatik, proiektuaren aurrerapena, euskarri-lanak eta mantentze-lanak koordinatzera, instalazioak mantentzen dituen kanpoko taldearekin. 50 urteren ondoren, babes publiko eta politikoa galtzen hasi direnez, proiektua arriskuan dago, eta doktoreak etsi-etsian defendatzen du ikerketarekin jarraitzea, etorkizun oso urrun batean amaitu ahal izateko:

"...Proiektua eteten bada, gure porrota izango da, ez haiena. Ezin dugu krudela edo desatsegina dela esanez arrazionalizatu. Kupulan dauden hamalau pertsonei zor diegu, proiektuak martxan jarrai dezan zor diegu."

Chalmersek maltzurkeriaz begiratu zion.

"Hamalau? Hamahiru esan nahiko duzu, ez, doktore? Edo zu ere kupularen barruan zaude?"

Kontakizun ilun horretan, etorkizunari buruzko irudi utopiko eta distopikoak elkartzen dira, modernitatearen bereizgarri izan diren aurrerapen-moduak zalantzan jartzearekin lotuta; hain zuzen ere, aurrerapen horien garapenak talka egin du giza esperientziaren ondoriozko zenbait jarrera etiko eta moralekin. Lotura hori 1960 eta 1970eko hamarkadetako arkitektura erradikalean berezkoak ziren zenbait esperimentutan hauteman daiteke, zeinetan egitura pneumatikoak erabiltzen ziren. Besteak beste, José Miguel de Prada Poolek, Event Structure Research Group eta Ant Farm taldeek eta Hans Walter Mullerrek egin zituzten esperimentuok; guztiak artistarentzat erreferente izan dira eta hala dira oraindik ere. Haien lanean, arkitektura pneumatikoak zalantzan jarri du baliabide materialak masiboki erabiltzea bizitzeko beste modu batzuk prestatzeko orduan. Asmo esperimental berberaz, baina eskulturaren genealogian txertatuta, arrazoi batengatik erabiltzen dira mintz pneumatikoak: masa materiala espazioko esperientzia osatzen duen elementu bat dela zalantzan jartzea.

Sergio Prego