"BBKateak" erakusketa

Bilbao 2022(e)ko ekainaren 17(e)tik 2022(e)ko irailaren 30(e)ra
  • "BBKateak" erakusketa

Museoak eraikin zaharreko 21 areto irekiko ditu BBKateak ekimenaren bidez, eta bildumako bi artistaren arteko ezusteko topaketa bat erakutsiko du horietako bakoitzean. Aurrez aurreko horretan, artistak elkarrengandik urrunekoak izan daitezke denborari eta haien jatorri kultural eta geografikoari dagokienez, antzinako eta gaur egungo maisuen arteko elkarrizketa estimulatzaileak eragiteko, askotariko estiloak, interesak, formatuak eta diziplinak lotuz.

Museoaren ondare artistikoaren kronologia zabalari eta aberastasunari esker, erakusketa-aukera ugari eta narratiba berriak egin daitezke, bilduma birformulatu eta bisitaldia aberaste aldera; hain zuzen ere, horixe egin zen 2018an, Kirmen Uribe komisario zela aretoei eman zitzaien antolamendu berriarekin: ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa. Orduan, hitz batek garai desberdinetako obrak biltzen zituen areto bakoitzean, eta haietako bakoitzaren historia protagonista bihurtzen zuen. Orain, hitzen ordez, bildumako artisten izenak, biografiak eta haien obra ederrak aurki daitezke.

Modu horretan, eta ekainaren 21etik aurrera, berriz bisitatu ahal izango da museoa, oraingoan, funtsen txandakatzean oinarritutako proposamen berri baten bidez, eta aldian-aldian berritzen joango gara, artista gehiagori ikusgarritasuna emateko eta publikoarekin harreman dinamikoagoa izateko.

Bildumaren erakusketa antologiko bat egiteko ideiaren aurrean, garai berezi hauetan, museoko arterako bestelako hurbilketa bat proposatu nahi izan diegu gure bisitariei. Eraikin zaharreko areto klasikoek espazioan sortzen duten sareak, areto eraberrituekin oraingoan, etenik gabeko topaketa-sekuentzia bat aurkezten digu, Icaza hallean hasi eta amaitzen den begizta batean kateatuta –halla Museoko sarrera nagusi bihurtu da–, Juan Muñozen Hanging Figures eta Nemesio Mogrobejoren eta Moises Huertaren obra klasikoak buru dituela.

Behin-behinekotasuna malgutzen da eta, diziplina arteko ikuspegi askeagoa izanik, sorkuntzako harremanetan jartzen du arreta; hala, ikusleek bisita pertsonalago bat egin dezakete, artelanak ikuspuntu berrietatik interpretatzeko. Helburu horrekin, pinturaren genero tradizionalak –paisaia, natura hila eta biluzia– eta bestelako interes eta diziplina garaikideak aurki daitezke elkarrekin.

Eskulturaren eta arkitekturaren arteko harremana aztertzen duen hitzaurre gisa, maiatzaren 6an, Trece a Centauro inauguratu zen, museoak Sergio Pregori (Donostia, 1969) egindako enkarguaren ondoriozko instalazioa. Eskala monumentaleko instalazio pneumatiko batek beteko du hurbileko handitze-lanak dituzten aretoak, gaur egungo lengoaia artistikoen eta eraikinaren zati horretako errepertorio arkitektoniko klasikoaren arteko norgehiagoka batean.

Ekainaren 21etik (asteartea) aurrera –eta jada udako ordutegian, museoa asteko egun guztietan zabalik dela–, lehenengo 21 topaketak ikusi ahalko dira; udazkenetik aurrera, berriz, aldatuz joango dira, 50 muntaketatik gora osatu arte, zeinetan 100 artista baino gehiagok eta bildumako 300 artelan inguruk parte hartuko duten. Programa martxan egongo da handitze-lanak egiten diren bitartean. Lehen atal honetan 43 artista aurkeztuko dira (15 jardunean daude gaur egun).

Artelanekin batera, zenbait iruzkin eta aipamen biografiko egongo dira, eta areto bakoitzean begiratze aktiboa bultzatzen duen interpretazio bat emango da. Material horrek guztiak areto birtualeko orri bat osatzen du (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez); museoaren webgunean dago eskuragarri, eta doan deskarga daiteke gailu mugikorretan, aretoan dagoen QR kode baten bidez.

Ikasturtea hastearekin batera, Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak zenbait hezkuntza proposamen egingo ditu, hainbat formatutan, eta proiektuaren izaera dinamikora eta hartzen dituen askotariko ikusleetara –ikasleak, prestakuntza jasotzen ari diren helduak eta beste talde batzuk– egokituko dira.

Museoaren metamorfosi arkitektonikoa etengabe aldatzen ari den bilduman islatzen da; gainera, aukera emango du etengabeko hezkuntza- eta hedapen-jarduera sortzeko.

  • Proiektuaren zuzendaritza: Miguel Zugaza, zuzendaria
  • Koordinazioa: Javier Novo, Kontserbazioko eta Ikerketako koordinatzailea, eta Silvia García Lusa, Jardueren koordinatzailea
  • Muntaketa: Ana Isabel Román eta Edu López
  • Kontzeptu grafikoa: Mikel Garay
  • Obren iruzkinak: José Luis Merino Gorospe, Antzinako Artearen kontserbatzailea
  • Aretoen iruzkinak: Marta García Maruri, Komunikazioko zuzendariordea

 

Aretoetako ibilbidea

Alberto Durero – Eduardo Chillida.-Beltza zuriaren gainean

  1. aretoa

Durerok bere estanpa apartak –zurezkoak xilografien kasuan, eta metalezkoak gubilarekin egindako lanean– marrazten dituen xafletan duen trazuaren sakonerak bat egiten du Chillidaren kaligrafiaren biribiltasunarekin. Batzuetan informala eta beste batzuetan geometrikoa, espazioaren poetika pertsonala garatzen du hala paperean nola eskulturan.

Anton van Dyck – José Luis Zumeta. Keinuak

  1. aretoa

Adierazpen eta keinu larrien katalogo oso bat, erregu-keinuetatik hasi eta babesgabetasuneraino, garatzen da Kristoren gorputz hilaren aurrean, kolore distiratsuak tragediaren intentsitatea arintzen duen eszenan. Zumetaren pintura neoespresionistak ere gatazka bat islatzen duela dirudi, keinu-tentsioak eta larritasun kromatikoak indartua kasu batean, eta erdiko zuriaren bidez neurtua bestean.

Francisco de Goya – Román. Atzealde neutroa

  1. aretoa

Goyaren hiru erretratuek emoziozko istorio bat ezkutatzen dute, Eusko Jaurlaritzak jaso baitzituen Gerra Zibilaren lehen hilabeteetan, eta 1937an Frantziara eraman baitzituzten, zaintzeko. 2019an, haren ondorengoen eskuzabaltasunari esker, lehen aldiz aurkeztu ziren areto hauetan. Orain, Románen figura grafiko eta sintetizatuekin partekatzen dute pareta; irudi horiek ere, geldirik eta ekintzarako prest, serio ohartarazten gaituzte beren presentziaren potentzial misteriotsuaz.

José de Ribera – Ángel Bados. Lurrera jaitsi

  1. aretoa

Minimoaren sinpletasunak argiaren, espazioaren eta bolumenaren lezioak ezkutatzen ditu Badosengan, bai zinta itsaskorrez lotutako bi kristal finetan, bai lurzoruaren gainean dagoen burdinazko, berunezko eta trapuzko pieza enfatikoan. Haren ondoan, Riberak San Sebastian etzanekoaren alde jokatzen du –beste ikonografia batzuek nahiago dute bertikala eta martirioaren zutabeari lotua–, drama barrokoz argiztatzen dituen oihal batzuen tolesez inguratuta.

Hans Vredeman de Vries – Darío Urzay. Ispilu-Jokoa

  1. aretoa

Ispilu-joko batean bezala, Urzayk museoaren arkitektura klasikoa irudikatu zuen 1982an, 2021ean berriro, biluziago eta geldiago, errepikatutako amarru batean. Oraingoan, Behatzailearen sabela-ren argi-kutxa eta Francisco Durrioren musa leihotik zehar ikusteko aukera eragozten du. Bien bitartean, Vredeman de Vries margolari eta tratatugileak bere arkitektura-kapritxoa agertoki monumental eta ez oso probablean gortea egiten ari diren irudiekin animatzen du.

María Blanchard – Pablo Palazuelo. Kubismoaren seme-alabak

  1. aretoa

Blanchard mugimendu kubistaren parte izan zen Parisen, harik eta 1920an utzi zuen arte. Hala ere, gazte garaiko zor gisa, forma lau eta larriz jositako pintura bati eutsi zion. Halaber, Palazuelok konposizio horietan duen lotura kubistaren berri ematen du, espazialtasun erabat abstraktuan zabaldu edo bateratzen diren planoekin. Bietan, kolore neurritsu eta sakon batek dimentsio espirituala erakusten du.

Orazio Gentileschi – Ibon Aranberri. Leize-zuloa

  1. aretoa

Atal biblikoa garatzen den haitzuloan zulo bat dago, eta handik ageri da Loten mozkorraldiaren metafora den mahats-parra bat. Haren eskuek Sodoma hiri zaharrera, gaur egun Itsaso Hilaren azpian dagoen haranera, begira jartzen gaituen erritmoari ekiten diote. 2003an, Aranberrik historiaurreko leize-zulo bat itxi, eta haren barrutik bizitza filmatu zuen, irekidura zirkular batetik zehar. Bi hamarkada geroago, artistak leizea ireki eta itxitura geometrizatu zuen.

Doménikos Thoetokópoulos, El Greco – Ignacio Zuloaga. Grekomania

  1. aretoa

Zuloagak Espainiako pintura-tradizioarekiko grina erakusten du, Gaztelako paisaia lehorrera irekitzen den barnealdeko kardinal baten irudikapenean, sabai-leiho hautsi batek argiztatua. Purpuraren distirari eta oparotasunari elizgizon gaztea eta, agian, Franciscoren aurpegi meharra –artistaren ohiko modeloa– kontrajartzen zaizkio, Asisena gogorarazten duena; Grekoak maisutasunez interpretatzen du azken hori, txundiduraz eta eta mistikoki, Alvernia mendiko erretiro-aldian

Jorge Oteiza – Itziar Okariz. Conversation Piece

  1. aretoa

Igeltsu kontzentratu eta isil batean, Oteizak itxura arkaikoa eta gaur egungo sintetismoa duen emaztea erretratatzen du. Zazpi hamarkada geroago, Okariz Estatuak izeneko ikus-entzunezko proiektu baten testuinguruan mintzo da lan horrekin. Proiektu horretan, noranzko bakarreko elkarrizketak begiespen-ekintza hutsa gainditzen du, eta, aldi berean, galderak eragiten ditu artistaren eta eskulturaren arteko ezohiko komunikazio horretan parte hartzen duenarengan.

Francis Bacon – Pello Irazu. Formaz

  1. aretoa

Irazuren geometria garbiak, sinplea eta kontrolatua, koadroaren esparrutik jauzi egiten du, esperotako bidimentsionaltasunari iskin egiten dion corner piece moduko bat osatzeko, eta, neurri batean, haren hedapenean sartzen gaitu. Baconek ere geometria erabiltzen du, oraingoan ispilu handi baten itxurakoa, eta, modu gupidagabean, deformazio izugarria duen irudi bat islatzen du.

Francisco de Zurbaran – Isabel Baquedano. Still Life

  1. aretoa

Natura hila (bizitza geldiarazia) arteak objektuen, landareen edo animalia bizigabeen irudiak definitzeko erabiltzen duen terminoa da. Beraz, gauzen ezaugarri materialak irudikatzeko lan onaren generoa da: jangela bateko mahaia mihise zuriko mahai-zapia doi-doi baxerak etenda duela, edo fruta-plater baten distira. Hala ere, beharbada, Baquedano eta Zurbaran existentziaren errealismo hutsalaz mintzatuko zaizkigu, modu erlijiosoan.

Sofonisba Anguissola – Miren Arenzana. Ahizpatasuna

  1. aretoa

Aurkitutako objektuekin egiten du lan Arenzanak, berak genero-aldarrikapentzat hartzen duen praktika artistiko batean. Buruzapiak, lumak eta brodatuak, tradizionalki femeninoari lotuak, ironia finarekin erabiltzen dira hemen. Anguissola margolariaren laneko ongailuak, perlak eta brokatuak ere emakume-mundu batekoak dira. Baina orain baino ez ditugu ospatzen horien merezimenduak eta horien intimitate dotorea.

Darío de Regoyos – Daniel Tamayo. Paisaia

  1. aretoa

“Leku jakin batetik beha daitekeen lurralde baten zatia”. Regoyosek eta Tamayok hitzez hitz jarraitzen diote pinturan “paisaia” terminoaren definizio horri. Baina Regoyosek bilatzen dituen argiaren, mendien, landarediaren eta paisaiako jendearen ñabardurak geometrizatu egiten dira Tamayoren objektuen mundu nahasian, zeina irudimentsuagoa, trinkoagoa eta anitzagoa den.

Antonio de Guezala – Andrés Nagel. Bilbo chic

  1. aretoa

Bertsio zinetikoan, mihise handian, eta pop-ean, eta eskultura-instalazioan, Guezalak eta Nagelek itxura sofistikatua duten emakumeak erretratatzen dituzte arintasun zinematografikoz. Horietako bat festa batean sartzen da Bilboko Carlton hotelean, 1920ko hamarkadaren amaieran; beste bi, berriz, mende erdi geroago, gaza beltz batek inguratuta, inguru mundutarrago batean, burlesque-tik gertukoagoan, daudela dirudi.

José María de Ucelay – Jesus Mari Lazkano. Biosfera

  1. aretoa

Bi pintoreek paisaiaren, espazioaren eta objektuen balio plastikoekiko partekatzen duten sentikortasunak errealitatearen eta irudikapenaren arteko jolas sotila iradokitzen du biengan. Horrez gain, etxe familiarraren leihotik eta estudiotik, hurrenez hurren, islatzen duten lurrarekiko maitasuna ere partekatzen dute. Baina, Ucelayk margotuak eta Lazkanok aipatuak, hegoaldeko haize-hodeiek adierazten dute, ezinbestean, naturaren ikuspegi erromantikoa.

Gauguin – Aitzkoa

  1. aretoa

Aitzkoaren lanaren izenburua bere jaioterritik hurbil dagoen aintzira baten izenetik hartua dago; uretako koloretako pigmentuz baketutako babeslekua osatzeko darabiltzan eskaiolazko piezetan dakar gogora artistak aintzira hori. Gauguinen latsariek, aitzitik, ibai bateko ur zurrunbilotsuetan lan egiten dute, hartan 1888ko udazken hartako landarediaren kolore biziak islatzen direla, antza denez; orduantxe jarri zen margolaria Frantziako Arles herrian bizitzen, Van Goghekin batera.

Hokusai – Gema Intxausti. Hitz-jokoa

  1. aretoa

Hogeita hamar marrazki dituen taula baten bidez, Intxaustik interesgarriak zaizkion kontzeptu eta errealitate konplexuen aztarnak eskaintzen ditu hitzaren bidez. XIX. mendearen hasieratik, surimono deritzon generoa dago Japoniako estanpan, liburuen eta poemen ilustrazioari emana. Hokusai da haren adierazle onenetako bat, liburutegi txiki baten gainean etzandako irakurlearengan ikusten dugun bezala. Baietaz estalitako eskultura-objektu batek antzeko intimitate-eremua dakar gogora Intxaustirengan, beste asmo batekin.

Martin de Vos – Jacques Lipchitz. Europa

  1. aretoa

Martin de Vosek lausodura leunen bidez margotu zuen biluzi liluragarriak begirada erakartzen du, emakumearen jarreraren ezintasuna estali arte –halaxe erakutsia, bete-betean–, eta egiten duen bidaia izugarria, mantu gorria puzten duen haizeak eta horizontean ikusten den itsasontziaren oihalek bultzatua. Lipchitzek, aldiz, eskuz moldatzen du igeltsuzko eskultura kementsua, latz eta zuri uzten duena, non kontakizun mitologikoaren indarkeria guztia kontzentratzen baita.

Paul Cézanne – Juan José Aquerreta. Biluziak

  1. aretoa

Cézanne eta Aquerreta bat datoz: inspirazio klasikoa dute erreferente nagusi. Arkadia zoriontsu batek inguratu ditu Cézanneren gizonezko biluzien taldeak, bareak eta naturarekin bat eginda. Bitartean, Aquerretaren mihise ederrean, berdin-berdin eta aldaezin, Apoloren irudia errepikatzen da, biluzia hori ere; paradoxikoki, bizitza etengabeko aldaketan oinarritzen dela adierazi zuen filosofo grekoaren hilobirako friso bat osatzen du.

Mary Cassatt – Gabriel Cualladó. Amatasuna, edo ez

  1. aretoa

Cassattek zehatz-mehatz deskribatzen du bere pinturaren gaia tituluan. Hala ere, baldintzatutako historiografiak “amatasun” hitza hartzen du, maiz, emakume batek, bizkarra emanda eta besaulki dotore batean, haurrari eusten dion eszena deskribatzeko. Dena den, batzuek zaintzaile bat ikusten dute, eta mutil koxkorraren keinuan, pena, ikusten ez dugun amarengandik banantzen delako. Cualladók nahiago du aurrez aurre jokatu, eta inguru-minguruka ibili gabe erretratatzen du ama kulunkaulki xume baten ondoan, bai eta bere burua ere, soil eta neorreal.

Quintín de Torre – Txomin Badiola. All Iron

  1. aretoa

Lanaren ahalegina adierazten duten arketipo eskultorikoak sortu zituen Torrek. Lemazaina tinkotasun estatiko batez altxatzen da, eta artistak irmo gobernatzen duen diagonal ahaltsuarekin egiten dio aurre. Badiolaren obra, Malevitxen miresle aitortua izaki, horman bermatutako hainbat eskulturaren sailekoa da. Espazioa formen eraikitzaile gisa eta altzairua lerro gisa erabiliz, kaxa angeluzuzen batetik abiatzen da, eta egonkortasun ortogonala eta dinamismo diagonala kontrajartzen dituen egitura bat sortzen du.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2022(e)ko ekainaren 17(e)tik 2022(e)ko irailaren 30(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non

Euskadi, auzolana