Tolosako Sanjoanak 2022: egitaraua

Tolosa 2022(e)ko ekainaren 23(e)tik 2022(e)ko ekainaren 26(e)ra
  • Tolosako Sanjoanak 2022: egitaraua

Bi urteren ondoren, bueltan dira tolosarrentzat hain bereziak diren San Joan jaiak. Aurten betiko moduan ospatuko dira, eta ohiko egitarau aberatsa antolatu du Udalak tolosar guztientzat.

Olatz Peon, Tolosako alkateak, prentsaurrean adierazi duenez, “jaiez gozatzeko irrikaz gaude, gogotsu dago herria. San Joan jaien ospakizunaren bueltan, Tolosak berreskuratuko du tradizioa, ilusioa, alaitasuna… Gogoz eta desioz har ditzagula aurtengo San Joan jaiak, eta gozatu ditzagula festa giroan, zentzuz, arduraz eta errespetuz jokatuta”.

Egitarau aberatsa, ohiko ekintza guztiekin

Izarne Iglesiasek, kultura saileko zinegotziak, eman du aditzera aurtengo San Joanetako egitaraua: “Tolosako Udalak egitarau aberatsa antolatu du, hainbat eragileen parte hartzearekin. Bi urteren ondoren, ohiko moduan ospatuko dira San Joanak, eta, aurten bai, hainbat ekintzez gozatu ahal izango dute tolosarrek”.

Aurtengo txupina Udal dantza taldearen balet irakasleak, Katixak, jaurtiko du, dantza taldearen 25. Urteurrena dela-eta, omenaldi gisa.

Gainera, berritasunak ere badaude egitarauan, hala nola, aurten San Joan egunean, Triangulo plazan eskopetari talde guztiak bildu ordez, erdiak soilik elkartuko dira, herritarrek korporazioaren eta alkatearen dantza ikusteko aukera izan dezaten.

Musika emanaldiei dagokienean, Udalak bertako taldeak sustatzen jarraitzen du, eta goi mailako ikuskizunak izango dira Tolosako San Joan jaietan. Esaterako, Huntza, Nikotina, Joseba Tapia, Skakeitan, Dupla, Bulego, Kerobia eta musikari gehiagoren kontzertuak egongo dira.

Ikusi jaietako egitarau osoa hemen.

Jai berdinzaleen alde

Tolosako Udalak jai berdinzaleen alde lanean dihardu azken urteetan eragileekin eta herritarrekin lankidetzan. Amaitu berri du 2022-2024 Jaien Behatokiaren Ekintza Plana berdintasunaren eta parekidetasunaren aldeko urrats sendoak egiten jarraitzeko.

Olatz Peon alkateak adierazi duenez, “jaiak era baketsu, alai eta parte hartzailean bizi nahi ditugu, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta. Tolosak ez dituelako eraso sexistak onartzen ezta onartuko. Ez dugu Inauterietan gertatutakoa errepikatzerik nahi. Ozen gaitzetsi genuen eraso sexista eta ozen diogu oraingoan ere horrelakoek ez dutela lekurik Tolosan. Tolosak jai berdinzaleak nahi dituelako, emakumeak aske sentitzen garen jaiak nahi ditugu”.

Zentzu horretan, San Joan jaietarako indarkeria matxistaren aurkako kanpaina berezia jarriko du martxan Udaleko berdintasun sailak. Batetik, #LIBRENonahi kalkamoniak banatuko dira eta eskuragarri egongo dira, baita ere, eraikin publikoetan. Horrez gain, Joka Sano kartelak jarriko dira herrian zehar, non 24 orduko arreta telefono zenbakia agertuko den. Egitarauko eskuorrietan, aldiz, indarkeria matxistaren aurkako mezuak txertatu ditu Udalak eta udaltzaingoaren telefonoa ere agertzen da. Azkenik, tabernariei alkateak sinatutako gutun bat bidaliko zaie, eraso sexista bat gertatuko balitz jarraitu beharreko gomendioekin.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana