"Vive le cinéma!"

Donostia-San Sebastián 2022(e)ko uztailaren 9(e)tik 2023(e)ko urtarrilaren 8(e)ra
  • "Vive le cinéma!"

Vive le cinéma! erakusketan lau zinemagilek zinema-aretoetarako filmak egiteko praktika erabili dute erakusketa-areto honetarako instalazio zinematografikoak sortzeko. Dea Kulumbegashvili, Jeremiah Lemohang Mosese, Isaki Lacuesta eta Jia Zhang-ke izan dira gonbidapen horri erantzun eta pantailaren mugak aztertu dituztenak.

Zinemagile bakoitzak argia eta soinua hartu eta zenbait gai landu ditu: bizitza eta heriotza, politika eta egunerokoa, gorputzaren presentzia eta absentzia. Dispositibo zinematografikoa bera berrasmatu egin da praktika artistikoentzako propioagoa den teknologia erabiliz, film-esperientzia sustatze aldera.

Gero eta ohikoagoa da erakusketa-areto batean filmak ikustea, edo zinema-areto batean ikus-entzunezko piezak, baita truke horri buruzko esperimentazioa ere. Zinemaren eta erakusketen arteko gurutzaketak espazio-denbora berri bat sortzen du. Denborari dagokionez, ez dago hasierarik ezta amaierarik ere, mugitzen diren irudiak etengabe proiektatzen baitira. Espazioari dagokionez, pantaila zinematografikoen izaera estatikoa eta bi dimentsiotakoa, hiru dimentsioko esperientzia bilakatzen da, eta hor mugitzen da ikuslea.

Vive le cinéma! erakusketa Amsterdameko Eye Filmmuseum eta Tabakaleraren arteko ekoizpen bat da, Donostia Zinemaldiaren lankidetzan. Erakunde hauen programetan funtsezkoak dira zinema eta ikus-entzunezkoak eta, horiek hedatzeaz gain, euren sorkuntza ere sustatzen dute. Hori dela eta, aurkezten diren lau obrak ekoizpen berriak dira, eta Kulumbegashvili eta Lacuestaren lanak Tabakaleran aurkeztuko dira lehenengoz.

Erakusketa-aretoaren ordutegia

2022/07/09-2022/09/25
Asteartea-Igandea
12:00 - 20:00

2022/09/27-2023/01/08
Asteartea-Igandea
12:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00

Astelehenetan itxita

 

  • ISAKI LACUESTA

IDAZLEA ETA ZINEGILEA

Isaki Lacuestak (1975, Girona) hamar film luze idatzi eta zuzendu ditu. Film luze horietako azkena, Un año una noche (2022), Berlingo Nazioarteko Zinemaldiaren sail ofizialean estreinatu da.

Bere aurreko filmari esker, Entre dos aguas (2018), Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen, bigarrenez, bai eta film onenari eta aktore onenari saria Mar del Platako Zinemaldian, zilarrezko Fotogramas saria urteko espainiar film onenari, eta zazpi Gaudí sari ere, besteak beste katalanez ez den film onenari eta zuzendari onenari saria.

2018an Parisko Georges Pompidou Zentroak bere obra osoaren atzerabegirakoa egin zuen, eta Le cinéma d'Isaki Lacuesta liburua argitaratu zuen (Brice Castanon eta Sergi Ramos, arg.).

Bere filmak mundu osoko zinemaldietan eta arte zentroetan erakutsi dira, besteak beste: New Yorkeko MoMA, Lincoln Center, Anthology Film Archives eta CCCB.

  • LEMOHANG JEREMIAH MOSESE

ZINEMAGILEA

Lemohang Jeremiah Mosese Hlotsen (Leribe, Lesotho, 1980) jaiotako zinemagilea eta artista bisuala da. Bere lanak identitateari buruzko ikerlan konplexuak dira, baita horrek denborarekiko duen ezaugarri amorfoari buruzkoak ere. Izan ere, Moseseren artea da bizitzaren, heriotzaren eta birsorkuntzaren ziklo fisikoak geruzaz geruza esploratzeko modu bat, gizakien subjektibotasunari dagokionez.

Zinemagile autodidakta honen Mother, I am Suffocating. This is My Last Film About You film luze eta entsegu bisuala Final Cut in Venice programan parte hartzeko hautatu zuten, eta sei sari eskuratu zituen. 2019an estreinatu zuten, Berlingo Zinema Jaialdiko Forumean eta oraindik ere proiektatzen dute zinema jaialditan eta museotan, adibidez, MoMAn eta Bruselako BOZARen. This Is Not A Burial, It's A Resurrection bere bigarren film luze narratiboari esker, Biennale College Cinema programan hautatutako hiru zinemagileetako bat izan zen. Lan horrek 30 saritik gora eskuratu zituen, artean, 2020ko Sundanceko Zinema Jaialdiko Zinema Irudikorraren Epaimahaiaren Saria.

Bere azken lana, Eye museoak eskatuta egindakoa, Bodies of Negroes. I Will Sculpture God, Grim and Benevolent izeneko zazpi pantailetako bideo-instalazio bat da. Halaber, Humboldt Forumek eskatutako beste bideo-instalazio bat ere badu, lau pantailatan proiektatzen dena, NEW GOD.

Epaimahai-kide aritu da zinema-jaialdi askotan, hala nola Berlinekoan, Rotterdamekoan eta Locarnokoan. Erakunde askok hitzaldiak ematera gonbidatu dute, adibidez, Cambridgeko Unibertsitateak.

  • DEA KULUMBEGASHVILI

ZINEMAGILEA

Dea Kulumbegashvili 1986an jaio zen gidoilari eta zuzendari georgiarra da. Egun Tbilisin bizi da. Bere lehen film laburra, Invisible Spaces, Canneseko Zinema Jaialdian Film Labur Onenaren Urrezko Palma irabazteko izendatuta egon zen 2014an. Gainera, Canneseko Sail Ofizialean parte hartu zuen lehen film georgiarra izan zen, herrialdeak independentzia lortu ondoren. Bere bigarren film laburra, Léthé, 2016eko Canneseko Zinema Jaialdian estreinatu zen, Zuzendarien Hamabostaldiaren hautaketan, eta mundu osoko beste jaialdi ugaritan proiektatu zen.

Beginning izeneko bere lehen film luzeari esker, Canneseko Cinéfondation egoitza-programara eta Jerusalengo Sam Spiegel Nazioarteko Zinema Laborategira gonbidatu zuten eta bietan saria jaso zuen, Sofia Meetings-etan eta Rotterdameko jaialdiko Hubert Bals Funtsean bezala. 2020an, Beginning bere pelikulak Canneseko Zinema Jaialdiko Hautaketa Ofizialean parte hartu zuen, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, historian lehen aldiz, lau sari eskuratu zituen: film onenarena, zuzendari onenarena, gidoi onenarena eta emakumezko aktore onenaren saria. Besteak beste, Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdian FIPRESCI saria eskuratu zuen eta New Yorkeko Zinema Jaialdiko sail ofizialean izan zen. Oscar sarietan, Beginning Nazioarteko Film Luze Onenaren Sarirako Georgiako hautagai izendatu zuten.

  • JIA ZHANG-KE

ZINEMAGILEA

Jia Zhang-Ke zuzendaria, ekoizlea eta gidoilaria da. 1970an jaio zen Fenyang-en (Shanxiko probintzia, Txina), eta Beijingo Zinema Akademian graduatu zen. 

Bere lan nagusien artean honakoak daude: Xiao Wu (1998), Platform (2000), Unknown Pleasures (2002), The World (2004), Still Life (2006), 24 City (2008), I Wish I knew (2010), A Touch of Sin (2013), Mountains May Depart (2015), Ash Is Purest White (2018) eta Swimming Out Till The Sea Turns Blue (2020). Xiao Wu bere estreinako film luzeak sari nagusia lortu zuen International Forum of New Cinema foroan, Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 48. edizioan. 2006an, Still Life filmarekin Urrezko Lehoia eskuratu zuen Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 63. edizioan. Jia Zhang-Kek Ohorezko Lehoinabarra jaso zuen 2010ean, Locarnoko Zinema Jaialdiaren 63. edizioan. 2013an, Gidoi onenaren saria irabazi zuen Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiko 66. edizioan. 2015ean, Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiak Urrezko Karroza eman zion, bere ibilbideagatik.

2017an, Pingyaoko Nazioarteko Zinema Jaialdia abiarazi zuen, zinemagile gazteen lanak sustatzeko eta Txinako eta atzerriko egileen arteko zubilana egiteko. 2019an, Lüliango Literatura Jaialdia sortu zuen herri horretan, landa-ingurura literaturaren giroa eta irakurzaletasuna sustatzeko.  


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana