Igartza Musika Programa 2022 (bigarren seihilekoa)

Beasain 2022(e)ko uztailaren 14(e)tik 2022(e)ko abenduaren 18(e)ra
  • Igartza Musika Programa 2022 (bigarren seihilekoa)

Musika estilo aniztasuna adierazten duten bederatzi emanaldiz osatua dago Igartza Musika Programaren bigarren seihileko egitaraua.

Cumbia erritmoek irekiko dute egitaraua

Egitaraua irekiko duen lehen emanaldia Cumbiam Bero iparraldeko taldeak eskainiko du. Uztailaren 14an arratsaldeko 20:30ean izango da Erauskin plazan. Afro-amerikar erritmoak uztartzen dituen musika estiloarekin ariko dira iparraldekoak eta Dantzaki eskolakoak izango dira emanaldian. 

Abuztuaren 4an Erauskin plazan 20:30ean ere, Urbil Artolak, Jose Mari Pulido, Gorka Arranz, Jon Arzelus eta Julen Maestrorekin osatzen duen Howdy Bluegrass taldeak EEBBtako tradiziotik sortutako blues, jazz, country doinuen nahasketa berritzaileak eskainiko dituzte.  

Irailera pasaz, 30ean Usurbe antzokian 20:30ean Xabi Aburruza Band-ek Aurrez Aurre proiektua aurkeztuko du. Triki munduan ezaguna, azken 20 urte hauetako lanen seigarren bilduma eskainiko du. Aukeran dantza taldea izango du lagun. Sarrerak 12 euroan egongo dira salgai. 

Urrian aldiz, 9an lau kantari ezagunez osatutako ikuskizuna izango da Igartzako jauregian 19:00etan. Peio Ospital, Mixel Ducau, Paul Smet eta Andoni Salamero, Arnasa…Hatsa…Bizia izeneko proiektuarekin aurkeztuko dira Beasainen. Urriaren 23an bertako Loinatz abesbatzaren txanda izango da Loinazko San Martinen baselizan 19:00etan.

Azaroaren 2rako aurreikusita dago Tolosako abesbatzen nazioarteko lehiaketa burutzen dela aprobetxatuz, bertara aurkeztuko den nazioarte mailako abesbatza baten kontzertua. Data eta ordua zehaztu gabe dago oraindik. Kontzertua Andre Mari Zeruratuaren parrokian izatea espero da. 

Azaroaren 19an Musikeneko ikasleen txanda izango da. Igartza Musika Bekaren sariak emateko entzunaldiak burutuko dira Igartzako jauregian, aukeraketa saio-kontzertu irekiak izango dira egun osoan. 

Apostu indartsua ere azaroaren 25ean eskainiko den emanaldiarekin etorriko da. Jon Maiak Kantu bat gara proiektua aurkeztuko du. Bertso munduan ezaguna bada ere, talde eta abeslari askoren kantuetako hitzen egilea da. Sortu dituen hitzekin eta hainbat musikariekin sortu duen ikuskizuna da Beasainen eskainiko duena. Usurbe antzokian izango da 20:30ean eta sarrera 12 euroan izango da. 

Azkenik abenduaren 18an Andre Mari Zeruratuaren parrokian 19:00etan, Loinatz abesbatzak Eguberriko kontzertua eskainiko du. Jon Aizpururen zuzendaritzapean urteroko saioa eskainiko dute Beasaingo abesbatzako kideek. 

Egitarauan aldaketak izanez gero, zehaztasunak uneoro web orrian argitaratuko dira. Emanaldi bakoitzaren azken orduari buruzko informazioa aurreko egunetan jakinaraziko da.

beasain.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana