Joseba Sarrionandiaren literatura: bitakora kaiera (UPV/EHUko Uda Ikastaroak)

Bilbao 2022(e)ko uztailaren 18(e)tik 2022(e)ko uztailaren 19(e)ra
  • Joseba Sarrionandiaren literatura: bitakora kaiera (UPV/EHUko Uda Ikastaroak)

Udako Ikastaro honetan Joseba Sarrionandiaren sorkuntza izango dugu hizpide, eta horretarako, egilea bera izango dugu gure artean. Xede nagusia Sarrionandiaren unibertso literarioaz hausnar egitea da, eta ikastaroan zehar, haren testuei buruz pentsamendua eraikitzea. Bi egun iraungo duen plaza xumea sortu nahi dugu. Finean, autorearekin, adituekin, eta zer esana duten irakurleekin auzolanean, Sarrionandiaren sorkuntzaz gogoeta egiteko gunea izango da.

Izatez, gure idazle bizkaitar-habanarrak ez du inolako aurkezpenen beharrik. Pott Bandaren hondarretan argitaratu zituen lehendabiziko poema eta narrazio haietatik, 2022. urtean barrena, ezin genezake Euskal Literaturaz hitz egin Sarrionandiaren ekarpena aipatu barik. Bere ibilbide literarioa biziki oparoa da; euskal literaturari ia urtero lan berri bat eman dion idazluma joria dugu Josebarena.

Hamarkadaz hamarkada hainbat literatur sariketetan sarituak izan dira haren lanak. 1980ko hamarkadan Ignacio Aldekoa saria, Resurrección Maria Azkue saria eta Bilboko Udalaren ipuin lehiaketa irabazi zituen, Maggie, indazu kamamila, Izuen gordelekuetan barrena, eta Enperadore eroa lanengatik, hurrenez hurren. Kritika Saria birritan irabazi du; Atabala eta euria lanagatik 1986. urtean, eta Lagun izoztua eleberriagatik, milurteko berriaren hasieran. Azkenik, Moroak gara behelaino artean? saiakeragatik Euskadi Saria jaso zuen, 2011. urtean. Saritutako horiez gain, ezin ahantzi genitzake Ni ez naiz hemengoa (1985), Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985), Marginalia (1988), Gartzelako poemak (1992), Hnuy illa nyha majah yahoo (1995), Kolosala izango da (2003), edota Habanako gaukariak (2018 – 2020 trilogia). Halaber, Sarrionandiak argitaratutako liburuen zerrenda luzeagoa da. Horrez gain, euskarara ekarri ditu, maisuki ekarri ere, T.S Eliot, Coleridge, Fernando Pessoa, Kavafis lako autoreen testuak. Bere irakurleak ditu egile batek sari kuttunenak, eta horretan, zalantza izpirik gabe, aspalditik da Sarrionandia saridun.

uik.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana