Araiako Umore Antzerkiaren Jaialdia 2022: egitaraua

Asparrena 2022(e)ko abuztuaren 12(e)tik 2022(e)ko abuztuaren 15(e)ra
  • Araiako Umore Antzerkiaren Jaialdia 2022: egitaraua

Aurreko edizioaren ezaugarri nagusia izan zen edukiera murriztea eta segurtasun neurri zorrotzak jartzea, baina Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren XXIX. Jaialdiaren edizioa berriz hasiko da edukiera murriztu gabe, eta munduko hainbat lekutatik datorren antzerkia eta umorea proposatuko ditu.

Beti bezala, Araia izango da topagunea, abuztuaren 12tik 15era, eta Arabako gainerako tokietako ohiko antzerki zirkuitua izango du lagun. Hilean zehar, guztira, 43 emanaldi izango dira (iaz baino hiru gehiago), 25 herritan, 14 konpainiaren eskutik. Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Javier Alkorta “Txortas” zuzendariak eta Txelo Auzmendi Araia-Asparreneko alkateak.

Esan bezala, jaialdiak hogeita bederatzigarren edizioa izango du aurten. Arabak, bost astez, hamalau konpainiaren lanaz gozatuko du. Konpainia horietan, beti bezala, clown-a, antzerki fisikoa, zirkua, surrealismoa, musika, testu antzerkia, abangoardia eta umore dosi handiak izango dira askotariko gustuetarako programazioan konbinatuko diren osagaiak.

Jaialdia Aiaran

Araian, zeina izango baita jaialdiaren gune nagusia abuztuaren 12tik 15era bitartean, Arrazpi Berri kiroldegiak ohi bezala hartuko ditu barnealdeko ikuskizunak, 22:30ean. Aurten, edukiera murrizketarik gabe, ikusleak kiroldegiko 600 tokietan kokatuko dira. Kiroldegia beharrezkoak diren eskakizun teknikoetara egokituko da bi ikuskizunez gozatzeko gaztelaniaz, beste bat euskaraz eta beste bat keinu antzerkian oinarrituta.

  • Hilaren 12an, “The One and The One” clown-en duo komikoarekin hasiko da, Colette Gomette & Anna de Lirium konpainia franko-austriarraren eskutik.

  • Hilaren 13an, “Fadoak entzuten zituen gizona” euskarazko komedia izango da, zeinak Donostia saria irabazi baitzuen eta zeina Xake Produkzioak konpainia euskaldunaren pieza baita.

  • Hilaren 14an, umorearen bidez hausnartu ahal izango dugu “Las Aves” lan sarituari esker, La Caloricaren eskutik, eta bukatzeko, ez da faltako Els Joglars Kataluniako konpainiaren “Que salga Aristófanes” lanaren umore ganberroa.

  • Emanaldi bakoitzak 15 euroko sarrera izango du, eta laurak 42 eurokoak izango dira.

Era berean, urtero bezala, kaleko piezak egongo dira Araian, zeinak berriz ere aire zabaleko hainbat gunetan egingo baitira. Araian bost lanez gozatu ahal izango da doan, herriko hainbat tokitan banatuta, aire zabalean: Maite Guevararen “Qué buen día”; Barsanti Teatroa konpainiaren “Legea gu gara”, euskaraz; “Bidearen Amaieran”, hura ere euskaraz, Hortzmugaren eskutik; “Tartana” Trocos Lucos-en eskutik, eta Orain Bi konpainiaren “Mute”.

Aurten, gainera, abuztuaren 14an, jaialdiak lau emanaldi izango ditu Kultura Etxean, formatu txikiko ikuskizun batean: El Mono Habitado Gasteizko konpainiaren "La Buena Letra", 5 euroan.

Sarrerak

Sarrerak, bai Arrazpi Berriko ikuskizunetarako bai Kultura Etxeko ikuskizunetarako, eta abonuak abuztuaren 4an hasiko dira saltzen, www.jaraialdia.com web orriaren eta Entradium plataformaren bidez.

Halaber, abuztuaren 4, 5, 8 eta 9an, 12:00etatik 14:00etara, Arrazpi Berri kiroldegian aurrez aurreko eta aldez aurreko salmenta egongo da. Ikuskizunaren egunean bertan, ordubete lehenago, eguneko ikuskizunaren sarrera ere erosi ahal izango da leihatilan.

Ibiltaritza

Programazioko gainerako ekitaldiak abuztuan eta iraileko egun batean Araba goitik behera zeharkatuko duen herriz herriko zirkuituan egingo dira. Araian 13 emanaldi bilduko dira, eta lurraldeko beste 24 kokagunetan 30 ikuskizun banatuko dira, abuztuaren 1ean hasiko direlarik Berganzon, eta irailaren 03an amaitu, Pagoetan.

Gainera, biran egongo diren pieza horiek herri hauetara ere iritsiko dira: Amurrio, Artziniega, Bernedo, Domaikia, Eltziego, Espejo, Izarra, Bastida, Lantziego, Laudio, Luiaondo, Maeztu, Manzanos, Okondo, Oteo, Pobes, Ribabellosa, Salcedo, Birgaragoien, Iekora, Zaitegi eta Zuhatzu Kuartango. Kaleko ikuskizunak Araian eskainiko dituzten bost konpainiek ere Araban egingo dituzte ibilbide horiek, eta beste lau gehituko zaizkie: "Panoli Kabareta" Ganso & Cía-ren eskutik; "Por hacer un favor" Trapu Zaharraren eskutik; "KOBR3" Zirkozaurreren eskutik; "Piensa en Wilbur" Wilbur-en eskutik.

Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren Jaialdia berriro ere leiala izango da bere ekitaldiarekin, eta arte eszenikoak eta barrea Araba guztira eramateko itzuliko da. Premia kultural eta soziala da, eta berriz ere Arabako Foru Aldundiaren, Asparreneko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren bultzada izango du, bai eta hainbat laguntzailerena ere, eta hori guztia egin ahal izango da Arabako Porpol Teatro konpainiak jaialdia kudeatu eta ekoiztuko duelako.

“Antzerkia eta umorea berriro izango dira eragile gu biltzeko eta berriz ere barre egiteko. Inoiz baino gogo handiagoa dugulako barre egiteko. Barrea kutsatu egiten da, bai, baina sendagairik onena da” esan dute antolatzaileek.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana