BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA (2022-2023 DENBORALDIA)

Bilbao 2022(e)ko urriaren 17(e)tik 2023(e)ko apirilaren 3(e)ra
  • BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA (2022-2023 DENBORALDIA)

Bilboko Udal Txistulari Bandak 2022-2023 denboraldiari begira antolatu dituen kontzertuen egitaraua aurkeztu du gaur goizean.

Denboraldia datorren astelehenean, urriak 17, hasi eta datorren urteko apirilaren 3an amaituko da.

Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia; Gorka Zabaleta, Udal Txistulari Bandako zuzendaria, eta Idoia Kareaga, Bilboko txistulari boskoteko kidea, arduratu dira kontzertu zikloaren xehetasun guztiak azaltzeaz.

Aurkezpenean izan dira, halaber, Ana Madariaga Bilbao Musikako zuzendari gerentea, Bilboko Udal Bandako gainerako kideak eta denboraldiko laguntzaile nagusietako bat izango den Garazi Navas akordeoi jotzailea.

Bilboko taldeak hamabi kontzertu eskainiko ditu guztira, horietako zortzi Euskalduna Jauregian eta beste lau Bidebarrieta Kulturgunean, Guadalajaran, Iruñean eta Bermeon.

Horietan guztietan, bertaratzen den publikoak erritmo eta melodia tradizionalen eta berrikuntza eta beste musika genero eta estilo batzuen konbinazioaz gozatuko dute.

Adierazi behar da Gorka Zabaleta azkoitiarrak hasieratik amaierara zuzenduko duen lehen denboraldia izango dela, joan den denboraldiaren erdialdean Garikoitz Mendizabalen lekukoa hartu ondoren. Gorka Bilboko Udal Bandako kide eta txistularia da 2004tik.

Aurtengo denboraldiko alderdirik garrantzitsuenetako bat txistulari boskoteak bere ikuskizunetan izango duen kolaborazio sare oparo eta askotarikoa da. Bandarekin batera arituko diren artista gonbidatuen artean, Garazi Navas akordeoi jotzailea, Gorka Eskauriaza baxu jotzailea, Iñar Sastre pianista, Ainara Azpiazu eta Elisabeth Pérez ilustratzaileak, Oihana Iguaran bertsolaria, Nerea Alberdi eta Koldo Uriarte konpositoreak, Ainara Ortega abeslaria eta Oier Agirre, Nerea Sanz Olabarrieta eta Maite Guevara bezalako aktoreak daude.

Beste diziplina artistiko batzuetako taldeak ere taularatuko dira Txistulari Bandarekin, hala nola Oinkari Dantza Taldea, Beti Jai Alai dantza taldea, Miren Bernaolak zuzendutako Ahotsak abesbatza, Maite Olmos irakasleak zuzendutako haur eta gazte abesbatzak eta Bilbao Musikako eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko txistu-ikasleak.

Era berean, taldeak izan ohi dituen gainerako konpromisoei ere eutsiko die, hala nola protokolozko ekitaldiak, inaugurazioak, edozein motatako ekitaldi ofizialak, harrerak, zeremoniak, ekitaldi tradizionalak eta herrikoiak, dianak, kalejirak, erromeriak, eta abar, bere programa eta formazioak edozein leku, une eta beharretara egokituz.

Guztira, Bilboko Udal Txistulari Bandak 100 emanaldi inguru eskaintzen ditu urte osoan zehar.

ZORTZI KONTZERTU EUSKALDUNA JAUREGIAN, BAT BIDEBARRIETA KULTUGUNEAN ETA HIRU IRUÑEAN, BERMEON ETA GUADALAJARAN

Bilboko Udal Txistulari Banda laster itzuliko da bere ohiko agertoki bihurtu den Euskalduna Jauregira, eta 8 kontzertu eskainiko ditu apirilaren hasierara arte. Guztiak 19:00etan hasiko dira.

2022ko lehen musika hitzordua urriaren 17an izango da. Garazi Navas akordeoi jotzailearen laguntzarekin, “Lurra terra”, folk estiloko doinu tradizionalak eskainiko dituen ikuskizuna, aurkeztuko du Bandak. Kepa Junkera folk eta trikitixa musikaren erreferentea denaren lanak interpretatuko dira. Baita Xabier Zabala eta Aitor Furundarena musikarienak ere, besteak beste. Akordeoiarekin laguntzeaz gain, Garazi Navasek kantu batzuk abestuko ditu Bandarekin batera.

Azaroaren 9an, boskotea agertokira itzuliko da, Ainara Azpiazu ilustratzaile, komikigile eta muralista euskaldunarekin eta gaur egun Bertsozale Elkarteko Transmisio Saileko bozeramailea den Oihana Iguaran bertsolaria lagun dituela, ohiko txistu-bandaren formatuko errezitaldi zabala eskaintzeko. "Lainoen artean" izeneko emanaldian, Ainara Azpiazuk Txistulari Bandak interpretatuko dituen kantuen iradokizun musikalak eta Oihana Iguaran bertsolariak zenbait momentutan kantatuko dituen bertsoek proposatutako ideiak lerro, kolore eta formekin islatuko ditu. Musika, irudiak eta inprobisazioa uztartuko dira, publikoa leku magikoetara murgilduz.

Lehenengo irteera azaroaren 4an izango da. Gorka Zabaletak zuzendutako taldea Guadalajarako Teatro Modernora bertaratuko da Garazi Navas eta Oinkari Dantza Taldearekin batera, Siglo Futuro Fundazioaren 30. urteurrena dela eta elkarrekin kontzertua emateko.

Euskalduna Jauregiko egitarauak azaroaren 28an jarraituko du “Izar” kontzertuarekin. Bertan, boskoteak, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, Nerea Alberdiren (Bilboko konpositorea, Deustuko Unibertsitateko eta Madrilgo Musika Sortzailearen Eskolako irakaslea) eta Koldo Uriarteren (soinu unibertso pertsonal, delikatu eta minimalistak sortzeko esperimentaziotik eta intuiziotik elikatzen den disziplina anitzeko musikaria) konposizio berri eta konponketak interpretatuko ditu.

Abenduan, Bandak bi kontzertu eskainiko ditu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko txistu ikasleekin agertokia partekatuz. Lehena abenduaren 17an izango da, larunbata, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean; eta bigarrena, abenduaren 19an, astelehena, Iruñeko Kondestablearen Jauregian.

Hurrengo egunean, eta Eguberriak baino lehen, Euskalduna Jauregian berriro, abenduaren 20an txistulariek urteari amaiera emango diote “Elur malutak” izeneko kantaldiarekin. Hainbat abesbatzen laguntzarekin, Bandak sasoiko doinu esanguratsuekin atseginduko ditu ikus-entzuleak. Miren Bernaolak zuzendutako Ahotsak abesbatza eta Maite Olmosek zuzendutako haur eta gazte abesbatzak izango dira kontzertuan parte hartuko duten taldeak. Bi abesbatzak Bilbao Musikako taldeak dira. Halaber, Bilbao Musikako txistu ikasleek ere parte hartuko dute. Horrez gain, abestiak Gabon giro egokiagoan kokatzeko, Oier Agirre eta Nerea Sanz aktoreen esketx eta aurkezpenak izango dira.

2023ko lehen musika hitzordua urtarrilaren 25ean izango da, "Haize birak" ikuskizunarekin. Taldeak Beti Jai Alai dantza taldearekin batera eskainiko duen kontzertua. Gure uriko, eta orohar Bizkaiko, tradiziozko musika eta dantzako hainbat abagunez gozatzeko aukera paregabea. Txistu musikaz gain akordeoiaren doinuen laguntza izango dute Garazi Navas musikariaren laguntzarekin.

Urtarrilaren 28an Bandak Bilboko mugetatik haratago egingo duen hirugarren eta azken irteera izango da. Bermeoko Arrantzaleen Museora joango da. Oraingoan, MusEkintza Jaialdiaren egitarauaren barruan, txistulari boskoteak Elisabeth Pérez ilustratzailearen irudi eta poemekin fusionatuko ditu bere doinu tradizionalak, eta giro bero eta intimoan murgilduko dute publikoa. Ikuskizun eder eta hunkigarria izango da. Ilustratzaileak berak idatzi eta ilustratutako “Arrain on baten memoria” liburua berreskuratuko da. Bertan, neska gazte batek istorio maitagarria kontatzen du bere izebaren gaixotasunari, Alzheimerrari, buruz duen ikuspuntua erakutsiz. Kontzertu honetan une nostalgikoak eta erritmo tradizionalen alaitasuna nahastuko dira, ilustrazioaren magia eta dinamismoa eta txistuaren musika uztartuz.

Otsailaren 6ko kontzertuan, “Txistu mundua eta Martina” izenburupean, Bilboko Udal Txistulari taldeak kontraste handiko doinuak eskainiko ditu, izaera nostalgikoko abestiak alaiagoak eta dibertigarriagoak diren beste batzuekin nahastuta. Maite Guevara aktore fisikoa eta pailasoak batuko ditu elementu guzti hauek musika adin guztietako ikusleengana hurbilduz.

Bandaren azken-aurreko agerraldia martxoaren 20an izango da, Oinkari Dantza Taldearen eskutik, “Haziak eroan” izeneko ikuskizunarekin. Bi taldeek doinu tradizionalak eta indarrez eta dibertsioz beteriko dantzekin osatutako programa eskainiko dute. Erritmo tradizionalek adin guztietako ikusleak alaitasun eta jai-giroan murgilduko dituzte.

Denboraldia apirilaren 3an amaituko da. Txistulari Bandak agur esango dio Euskalduna Jauregiko kontzertu zikloari "Arnasak" izeneko kantaldiarekin. Ikusleen parte-hartzea ezinbestekoa izango da. Oraingoan, Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier Garcia eta Peio Irigoienek, Ainara Ortega abeslaria eta Iñar Sastre (pianoa eta moldaketak) eta Gorka Eskauriaza (baxu elektrikoa) musikarien laguntza izango dute.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier Garcia eta Peio Irigoien musikariek osatzen duten egungo Bilboko Udal Txistulari Banda, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, hasieratik nabarmendu da emanaldien kalitateagatik eta aniztasunagatik.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Taldeko kide bakoitzari buruzko informazio zehatzagoa esteka honetan.

Bilboko Udala

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana