"NARRATIBAK ZABALDUZ" ("Sekzioak / Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte")

Bilbao 2022(e)ko urriaren 19(e)tik 2023(e)ko otsailaren 26(e)ra
  • "NARRATIBAK ZABALDUZ" ("Sekzioak / Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte")
    "Bakarrik haizearekin, denborarekin eta soinuarekin ", Anselm Kiefer

2022an 25 urte betetzen ditu Guggenheim Bilbao Museoak eta, urteurrena ospatzeko, areto guztiak hartzen dituen erakusketa handi bat antolatu du Bildumako lanekin. Erakustaldia triptiko handi baten moduan dago taxututa, elkarrekin hartu-emanean diharduten hiru gairen inguruan egituratuta. Museoaren barrualdea eta kanpoaldea historikoki definitu dituzten obrak bestelako argitan behatu ditzake horrela ikusleak. Eraikineko solairu bakoitzean Bildumaren atal bat dago aurkezgai: Sekzioak/Intersekzioak. Bizitza materiala, 105. aretoan [irailak 8]; Narratibak Zabalduz, bigarren solairuan [urriak 19]; eta Historiaren mugarriak, hirugarrenean [irailak 20]. Hiru gai horiek ardatz hartuta, sortu zenetik gaur egun arte Museoak eskuratu dituen funtsen ikuspegi panoramikoa eskaintzen du, lehen aldiz, erakusketa-triptiko honek. Halaber, 25. urteurrenaren ospakizunaren baitan, Yayoi Kusama artistaren instalazio berezi bat dago ikusgai 103. aretoan [urriak 19].

Komisarioak: Lekha Hileman Waitoller, Manuel Cirauqui, Geaninne Gutiérrez-Guimarães, Lucía Agirre, Maite Borjabad

NARRATIBAK ZABALDUZ

Obra narratiboek esanahi-geruza desberdinak aletzen dituzten gertakari erlijiosoak, elezaharretakoak, historikoak, abstraktuak, adierazgarriak edo mitologikoak ilustratu ohi dituzte maiz, esperientzia indibiduala baliatuz historia partekatuak transmititzeko bitarteko gisa, direla historia errealak nahiz fikziozkoak. Batzuetan, kontakizuna gaien eta pertsonaien inguruan egituratzen da; beste batzuetan, sakon errotutako lotura kulturalak dituzten egunerokotasuneko objektuetan eta materialetan oinarritzen da, eta badira ikuslearen irudimena hura osatzeko edo zalantzan jartzeko moduan suspertzen duten fikzioetan jatorria dutenak ere.

Artista garaikideek duten konpromiso hori eta molde narratiboak berrasmatzeko egiten duten ahalegin hori narratiba handien kontrako erresistentzia batetik eratorriak dira. Termino hori Jean-François Lyotard frantses filosofoak sortu zuen 1979an, azaltzeko nola aurkezten ziren diskurtsoak, eta, haiekin batera, esperientziak eta ezagutzak, modu totalizatzailean eta egia absolutu gisa. Ikuspegi kritiko erresiliente eta, hein batean, emantzipatzaile harekin, Lyotardek iradoki zuen erdigunean jarri behar zirela mikronarratiba edo petit récits deritzenak, non irudikapenek abiapuntu duten kultura aniztasun zatikatua eta ikuspegi pertsonala.  Gure gizarte garaikide honetan, artistek bere egiten dute ikuspegi berri hori, eta narratibotasunaren ahalmen bisuala eta poetikoa handitu eta eraldatu, norbere historiak ehundu eta narratiba tradizionalaren forma lokalizatua hedatu dituzte.

Atal honetan, hogei artistak 1957 eta 2019 bitartean askotariko inguruneetan sortutako piezak bildu dira; pieza horiek narrazioaren paradigmen ikuspegi hedakorra eskaintzen dute, eta XX. mendearen bigarren erdiko ezin konta ahala mugimendu historikoen oihartzuna dakarte. Premisa horri jarraituz, Narratibak zabalduz erakusketako aretoak kapitulu gisa ageri dira, gaika multzokatutako kronologia, mugimendu eta estilo ugari zeharkatzen dituzten obren aukera koherente baten bidez. Galerietan, obra bakarrak ageri dira batzuetan —hala nola  Espirituala denetik haratago eta Memoria bati atxikirik kapituluetan—, eta beste batzuetan, berriz, zenbait artistaren obrak bildu dira, adibidez Identitateak mozorrotzen, Adierazpen-moldeak, Errealitateen egoera anbiguoak eta Eraldaketa-egoerak izenekoetan.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2022(e)ko urriaren 19(e)tik 2023(e)ko otsailaren 26(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik igandera 10:00-20:00. Uztaila eta abuztuan, astelehenetik igandera: 10:00-20:00
  • Lekua Guggenheim Bilbao Museoa
    Abandoibarra Etorbidea, 2
    Bilbao
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Guggenheim Bilbao Museoa

Non

Euskadi, auzolana