Santurtziko Antzerki Jaialdia 2022: egitaraua

Santurtzi 2022(e)ko azaroaren 3(e)tik 2022(e)ko abenduaren 3(e)ra
  • Santurtziko Antzerki Jaialdia 2022: egitaraua

Santurtziko Antzerki jaialdiak ilusioz eta motibazioz lepo aurkezten du 43. edizioa. Aurten aspaldiko agertokia berreskuratuko da, murrizketak atzean utziz eta eszena-arteak bizitzeko aukera berria aprobetxatuz.

Azaroaren 3tik abenduaren 3ra Serantes Kultur Aretoa izango da inguru honetako izar nagusia. 18 ikuskizun eskainiko dira, eta umorea, komedia bihurtutako tragedia greziarra, musika, zirku-arteak eta bestelakoak izango ditugu lagun.

Tanttaka Teatroak “Sexberdinak” antzezlana eskainiko digu (azaroak 3). Lan horrek, Telmo Iruretak eta Kepa Errastik idatzia eta Telmo bera eta Aitziber Garmendia dituela protagonista nagusi, dibertsitate funtzionala dutenen sexualitateari heltzen dio oso modu zintzoan. Publikoak ikuskizuna oholtzatik bertatik ikusiko du.

Biharamunean, azaroak 4, “Redada familiar” izango dugu ikusgai, Interneten gertatzen den jazarpena eta pribatutasunaren suntsiketa lantzen dituen komedia katartikoa.

Titzina Teatro konpainiak “Buho” antzezlana aurkeztuko digu azaroaren 5ean, non amnesiaren drama eta oroitzapenak berreskuratzeko oroimenaren barruan egin beharreko bilaketa lantzen den.

Azaroaren 6an, Serantes Kultur Aretoan “Cigarreras” ikusiko dugu. Lanak, Emilia Pardo Bazánen “La Tribuna” eleberrian oinarrituta, drama indibidual eta kolektiboa uztartzen ditu.

Las niñas de Cádiz konpainiak ohiko umore zorrotz eta jario itzela erakutsiz “Las bingueras de Eurípides” (azaroak 11) eskainiko digu, non gai apolineo eta dionisioakoen arteko borroka amaigabea ikusiko dugun

Pascal Rambertek, Europako antzerki garaikidearen figura bikainetako batek, “Finlandia” aurkeztuko digu azaroaren 12an. Protagonistak Irene Escolar eta Israel Elejalde dira, eta agerian jarriko ditu giza-harremanen gorabeherak oso modu zorrotz eta bizian.

Azaroaren 13an “¡Ay, Carmela!” antzezlanean Pepon Nietok eta Maria Adanezek Paulino eta Carmelaren rolak egingo dituzte. Beti amestu dugun mundua, non tolerantzia, berdintasuna eta elkartasuna nagusi diren, goitik behera suntsitu eta hondoratuko dela erakutsiko digute.

Azaroaren 17an La Chivata Teatro konpainia gazteak “Particulares y patios” antzezlana eskainiko digu. Oholtzan teatro fisiko, erritmiko eta lotsabakoa  erakutsiko dute, publikoarekin bat egingo duena ikuspegi aktibo eta ausartiaren bidez.

Oceania” (azaroak 19) Gerardo Veraren testamentu artistiko eta pertsonala da. Carlos Hipólitok erregistro guztiak ondo baino hobeto jokatzen dakiela erakutsiko digu. Erraztasun handiz maitasunetik desamodiorako bidea egingo du, eta hainbat emozio irudikatuko ditu maisutasun handiz: umorea, komedia, emozioa, nostalgiak sortutako mina eta pasioa, besteak beste.

Azaroaren 20an Juan Etxanobe izango dugu gure antzokian. Ernst Lubitschen “To be or not to be” film mitikoa bikaintasunez oholtzaratuko du “Ser o no ser” komedia paregabean. Etxanoberekin batera, beste aktore on-on batzuk arituko dira.

Azaroaren 24an “Hondamendia” ikuskizuna izango dugu, non Zaldibarreko zabortegiaren tragediaren historia erakutsiko diguten, atzean pandemia eta berak ekarritako egoera daudela.

Aurten ere Companhia do Chapitô izango dugu gurean, trilogia grekolatindar klasikoari “Antigona” antzezlanaren bidez amaiera emanez. Sofoklesen tragedia komedia bihurtuko dute azaroaren 25ean.

Azaroaren 26an La Calórica antzerki-konpainiak Aristofanesen komediaren bertsio bat eskainiko digu, umorea diskurtso politikoaren mende jarriz. Izan ere, “Las aves” antzezlanak populismo neoliberala nagusi den garai hauetan demokraziak dituen ajeei kritika egiten die komediaren formatua erabiliz.

Jaialdian familia osoarentzako antzerkia ere eskainiko da. Azaroaren 27an “La fábula de la ardilla” antzezlana eskainiko dugu, FETEN sariaren irabazlea bera Ekoizpen eta Eszena Espazio onenaren kategorietan. Ikuskizun honen bidez, La Baldufa taldeak gure arteko aldeetan eta mestizajean pentsatzea, hausnartzea eta sakontzea proposatzen digu.

Egun horretan bertan, 20:00etan “La reina del Arga” ikuskizuna egongo da ikusgai. Lan honi esker 2022an Estefanía de Paz Asínek Feten saria irabazi zuen Interpretazio Onenaren kategorian.

Jaialdiaren azken astean, abenduaren lehenean, “Una noche sin luna” eskainiko dugu berriro, Juan Diego Botoren eskutik (Antzerkiaren Sari Nazionalaren irabazlea) datorren bakarrizketa paregabea. Lanak bi MAX sari jaso ditu, Antzerki-ikuskizunaren eta Aktore onenaren kategorian.

Lan hunkigarri eta harrigarri honetan Federico García Lorcaz arituko zaigu XXI. mendeko sentiberatasunetik abiatuta, eta bere obraren alderdi ezezagunenaren berri emango digu.

Abenduaren 2an P6 GAZTE KONPAINIAK “Rey desnudo, chico muerto” ekarriko du, munduaren historia 2 ikuspegitan bildua.

Jaialdiari amaiera borobila emateko “Adictos” antzezlana izango dugu (abenduak 3) ikusgai. Lola Herrerak, Ana Labordetak eta Lola Baldrichek istorio distopikoa aurkeztuko digute, non teknologien erabilera maltzurrari eta eraiki nahi dugun gizarte ereduari buruzko hausnarketa egitera bultzatuko gaituzten.

Ikuskizunen sarreren prezioak ez dira garestiak, 4 eta 18 euroren artekoak dira eta. Gainera, Jaialdian jende gehiagok har dezan parte aretoan eskainiko diren obra guztiak ikusteko (euskarazkoak eta umeentzakoa izan ezik) bonu bat jarri da salgai. Bonuaren truke 120 euro ordaindu beharko da (110 € bazkideentzat).

Serantes

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana