Euskaraldia 2022: AHOBIZI, BELARRIPREST

Vitoria-Gasteiz 2022(e)ko azaroaren 18(e)tik 2022(e)ko abenduaren 2(e)ra
  • Euskaraldia 2022: AHOBIZI, BELARRIPREST

Badator Euskaraldia!

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da.

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko* hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

Bigarren ariketa 2020an burutu zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten. Ariguneak sortu ziren.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik.

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko
Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
Inertziak apurtzea
Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea
Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez
Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea

Lehen Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatu zen, Euskal Herri guztiko ehunka herritako milaka parte hartzailerekin. Bigarrena, hamabost egunez, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egin zen (ikusi aurreko edizioak)

 

AHOBIZI naiz

Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute; baina, orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.

Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik. Ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.

Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

AHOBIZI izan daiteke…

16 urte baino gehiago izan eta…

euskaraz ongi moldatzen dena eta euskaraz egingo duena ulertzen duten guztiekin. Izan daiteke orain arte horretan saiatu den kidea, edo hizkuntza jokaera orain aldatzea erabaki duena.
euskaraz erdizka moldatzen dena, baina prest sentitu eta hemendik aurrera euskaraz egingo diena ulertzen duten guztiei.

 

BELARRIPREST naiz

Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.

Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.

Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!


BELARRIPREST izan daiteke…

16 urte baino gehiago izan eta…

Euskaraz ongi egiten duena baina erdaraz hitz egiten duen zenbaitekin (nahiz eta ulertu) ez du euskaraz soilik hitz egiteko ariketa egin nahi; edo ez da prest sentitzen, adibidez, orain arte erdaraz izan dituen harremanak euskaraz izateko pausoa emateko.
Euskaraz gutxi gorabehera hitz egin dezakeena baina ez dena ausartzen.
Euskaraz ulertzen duena baina ez dena hitz egiteko gai sentitzen.


Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2022(e)ko azaroaren 18(e)tik 2022(e)ko abenduaren 2(e)ra
  • LekuaVitoria-Gasteiz
  • HizkuntzaEuskara

Non

Euskadi, auzolana