Euskadiko Orkestra (Abonu denboraldia): "Carmina Burana"

Vitoria-Gasteiz 2022(e)ko azaroaren 21(e)tik 2022(e)ko azaroaren 25(e)ra
  • Euskadiko Orkestra (Abonu denboraldia): "Carmina Burana"

Euskadiko Orkestrak musika klasikoaren historiako obra ospetsu eta interpretatuenetako baten aldeko apustua egingo du Denboraldiko hirugarren programan: Carl Orffen Carmina Burana. Gainera, musikagile alemaniarraren obra ikaragarriaren aurretik Richard Straussen Don Juan interpretatuko du orkestrak datozen egunetan ohiko lau hiriburuetan emango dituen bost kontzertuetan: azaroaren 21ean, astelehena, Gasteizko Principal Antzokian; azaroaren 22an, asteartea, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; azaroaren 23an, asteazkena, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta azaroaren 24an eta 25ean, osteguna eta ostirala, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

O Fortuna ospetsuarekin hasten da Carmina Burana, obraren amaieran ere itzultzen den ereserki hunkigarria, gure bizitzak Fortuna jainkosaren apeten mende daudela gogorarazteko. Zalantzarik gabe, musikaren historiako partitura koralik ospetsuenetako bat da, eta gaur gurekin daukagun abesbatzari oso lotua egon da beti. Izan ere, Donostiako Orfeoia espezialista da Orffen partituran. 1960an sartu zuen bere errepertorioan eta, ordutik, hainbat eta hainbat aldiz interpretatu du oso orkestra garrantzitsuekin, hala nola Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin, Royal Philharmonic-ekin eta London Symphony Orchestrarekin. José Antonio Sainz Alfaro Orfeoiaren zuzendariaren hitzetan, «zenbat eta gehiagotan interpretatu, orduan eta aberastasun handiagoa eskuratzen duzu harengandik», eta munduan abesbatza gutxik interpretatu dute Donostiako Orfeoiak adina aldiz. Beraz, obra ezin hobea da Orfeoiaren 125. urteurrena eta Euskadiko Orkestraren 40. urteurrena elkarrekin ospatzeko.

Hiru ahots-solistarekin partekatuko dute agertokia. Jone Martinez, Sopelan jaiotako soprano gaztea, proiekzio zinez handia duen euskal abeslari liriko bat da, eta honako hau bere debuta da Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian. Carlos Mena gasteiztarra gure abeslari ezagunenetako bat da nazioartean. Horrez gain, moldakortasun handiko kontratenorra da, Errenazimentuko eta Barrokoko musika nahiz XX. eta XXI. mendeetakoa jorratzen baititu. Javier Franco galiziar baritonoak, besteak beste Bartzelonako Viñas eta Irungo Luis Mariano lehiaketa ospetsuen irabazleak, osatzen du hirukote bokala. Pablo González, programaren buru izango dena, RTVE Orkestraren zuzendari titularra da eta, lehenago, Orquesta Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunyakoa izan zen.

Carl Orffek 1935. eta 1936. urteen artean idatzi zuen bere Carmina Burana kantata eszenikoa, berrogei urte bete berritan. Hain zuzen, bere ibilbidearen une horretan, gaztaroko obretan landutako Schoenberg eta Strauss maisuen estiloko kromatismoa alde batera uztea erabaki zuen, doinu sinpleen eta erritmo primitiboen obsesioan bete-betean murgiltzeko. Horretarako material ezin egokiagoa aurkitu zuen XI., XII. eta XIII. mendeetako goliardoen poema bilduma batean. Horrekin guztiarekin sortu zuen partituran musikaren dimentsio biziena gailentzen da, eta mugimendu bakoitza behin eta berriz errepikatzen diren sekzioetan oinarrituta eraikitzen da. Koruak eta ariak ere efektu eta antzerki-jite handikoak dira; izan ere, Orffek ez zuen Carmina Burana kontzertu-bertsioan interpretatzeko sortu, baizik eta Theatrum Mundi deitzen zuen ikuskizun oso gisa. Eta, hain zuzen, ikuskizun-ideia horretan nota bakoitzak lotura estua izan behar zuen dantzarekin, diseinu bisualekin eta ekintza eszenikoarekin.

Programa berri honetan, Carmina Buranaren aurretik Don Juan interpretatuko du orkestrak, 25 urteko Richard Strauss gaztea famatu egin zuen poema sinfonikoa. Lanak irauten duen 17 minutuetan, poema sinfonikoak pertsonaiaren aurkezpen distiratsua, maite-jolas bat, bi erromantze eta hil arteko duelua eskaintzen ditu.

Sarrerak salgai daude Bilboko kontzerturako eta gutxi batzuk Donostiakoetarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumetako webguneetan eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean. Dagoeneko bukatu dira Gasteizko eta Iruñeko sarrerak.

EGITARAUA

R. Strauss
Don Juan [17']

C. Orff
Carmina Burana [59']

Pablo González
Zuzendaria

Jone Martínez

Carlos Mena

Javier Franco

Donostiako Orfeoia

DATA ETA LEKUA



Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2022(e)ko azaroaren 21(e)tik 2022(e)ko azaroaren 25(e)ra
  • Ordutegia19:30
  • LekuaDonostia, Bilbo, Iruñea eta
    Vitoria-Gasteiz
  • Zenbatekoa10 / 38 €
  • Sarrerak Erosi

Non

Euskadi, auzolana