"Promesen testura"

Donostia-San Sebastián 2022(e)ko azaroaren 25(e)tik 2023(e)ko otsailaren 19(e)ra
  • "Promesen testura"

Alejandro Castellote komisarioak Asiako hainbat lekutatik etorritako 8 artistaren lanetan oinarrituta eraiki du erakusketa-diskurtsoa. Artiston lanak oso desberdinak dira batzuk besteetatik, bai edukian bai forman, baina oso abiapuntu interesagarria dira sortaldeko artean sakontzen hasteko.Izan ere, erakusketaren izenburuak adierazten duen bezala, argazkiek "promesak" egiten dizkigute, baina irudietan arakatu eta murgildu beharra dago haien benetako esanahia argitzeko.Bai, zalantzan jarri behar da haietan irudikatuta dagoenaren identifikazio erraza, haien egiazkotasuna eta errealitatearekiko fideltasuna.Oro har, argazki bat ikusten dugunean, esanahi garbikoa izatea espero dugu, haren adierazgarritasun-maila hitzezko hizkuntzarena baino handiagoa izan daitekeela sinesten dugu, eta hori guztia argazkiaren ageriko lehen geruzan bertan -haren "testura" bisualean- agertzea itxaroten dugu.

Argazkiak komunikazio-tresna gisa duen arrakastaren zati handi bat iraganean erakutsi zituen ezaugarrietan oinarritzen da: izan ere, errealitatearen ikuspegi sendoa ematera etorri zen argazkigintza. Handik aurrera, mundua iruditan islatzeko zeregin hori ez zen gehiago hitzezko edo idatzizko oroimenaren mende egon, ez eta irudikapen zientifiko eta artistikoen mende ere, dokumentu horiek izan zitzaketen subjektibotasunak eta zehaztasun-gabeziak gorabehera.

Argazki baten ageriko lehen geruzak mami narratibo eskasa badu, sarbide-gako bat behar izaten du, pasahitz-lana egingo duen testu bat, obrari atxikita. Serie baten sarrerako testuek, kartelek edo argazki-oinek, askotan, zeregin hori izaten dute. Informazio ez-bisual horrek argazkiak ulertzeko bidea ematen digu. Irudien polisemia –irudietatik atera daitezkeen esanahi askotarikoak− murrizteko modu bat da hori.

Argazki batek erakusten duena identifikatu bai, baina egilearen asmoa ezagutzen ez badugu, orduan irudimena aktibatzen zaigu, irudiak zer esanahi izan ote dezakeen espekulatzen hasten gara, geure esperientzietan eta lehen pertzepzio horrek eragindako zirraretan oinarrituta. Hala ere, prozesu hori zaildu egiten da argazkietan agertzen diren zeinuek elkarren artean hurrentasun kulturalik ez dutenean. Hala gertatzen da, adibidez, Asiako herrialde batzuetan erabiltzen diren adierazpen-zeinu eta -eredu tradizionalekin. Kultur erreferenteak ezagutzea funtsezkoa da irudiak behar bezala ulertuko badira. Funtsezkoa da argazkia nondik ateratzen den eta argazkiaren objektuari nondik begiratzen diogun jakitea.

Erakusketa honetan, Asiako argazkigintzako izen handiak eta artista gazteak bildu dira. Txinakoak, Japoniakoak, Singapurrekoak, Indiakoak eta Hego Koreakoak. Errealitatea irudikatzeko modu desberdinak dituzte denek, sarritan beren lanen irakurgarritasuna nahita higatuz. Nola egiten duten hori? Bada, beren herrialdeko pintura tradizionalari buruzko erreferentzia lausoak eginez; beren praktika artistikoen jatorri sekularra ahopean aldarrikatuz; Mendebaldetik proiektatzen ditugun estereotipo orientalistak zalantzan jarriz; irudikapen errenazentistaren parametroak —perspektiba, narratibotasuna edo hiperrealismoa— alde batera utziz; irudikatutakoaren irakurketa konplexuak proposatuz— ikuslea irudiaren barne-geruzetan, hain esplizituak ez diren horietan, zerbait gehiago bilatzera bultzatzeko—; edo naturarekin dugun harremanari buruzko hausnarketa kritikoa eginez. Metafora bisualak erabiltzen dituzte gure pertzepzioaren izaera guztiz subjektiboa eta memoriaren eta kontakizun historikoaren ezegonkortasuna ikusarazteko. Interpretazio posible ugariko lurraldeetara aldatzen dituzte irudien esanahiak. Azken batean, anbiguotasuna sustatzen dute, gure irudimena aktibatzeko.

  • Informazio gehiago nahi izatekotan sartu hemen

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2022(e)ko azaroaren 25(e)tik 2023(e)ko otsailaren 19(e)ra
  • Ordutegia12:00-14:00 eta 16:00-20:00
  • Lekua Kutxa Kultur Artegunea
    Mandasko Dukearen pasealekua, 52 (Tabakalera)
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Kutxa Kultur Artegunea

Non

Euskadi, auzolana