Finala: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

Pamplona/Iruña 2022(e)ko Abenduak 18
  • Finala: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean izango dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak. Txapelketaren egutegi osoa eta bestelako xehetasunak aurkeztu ditu gaur Bertsozale Elkarteak egindako agerraldian. Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan izan da, eta bertan hartu dute parte Gontzal Agotek, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak; Idoia Trenorrek, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak; eta Oier Iurramendik, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko koordinatzaileak.

Sei saio izango dira lehen fasean: irailaren 24an hasita, bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian: asteburuko saio bat jokatuko da, larunbatero, zehazki. Eta azkenik, abenduaren 18an finala izango da Iruñeko Nafarroa Arenan.

Pandemiak eraginda, azken Txapelketa Nagusitik bost urtera egingo da datorren hau, Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena. Azken urteotan, ahalegin handia egin du Bertsozale Elkarteak tokian tokiko antolatzaileekin, bertso-eskolekin eta sortzaileekin beraiekin batera plaza biziberritzeko: “Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”, azaldu du Gontzal Agotek. Izan ere, Bertsozale Elkarteak plazaren irakurketa egin du aldian-aldian, eta datu onak dira azken hilabeteetakoak.

“Azken urteetan gertatutakoak gertatuta ere, argi esan dezakegu bertsolaritza oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar”, jarraitu du Idoia Trenorrek, eta erantsi: “Garrantzitsua da bizitasun hori nondik datorren azaltzea. Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da”: hezkuntzan, ikerkuntzan nahiz plazan egiten den lana azpimarratu ditu, sei Bertsozale Elkarteen, Lanku Kultur Zerbitzuen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik. Hain zuzen, aurkezpenean izan dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteetako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak.

Sarrerak salgai

Oier Iurramendik gogorarazi du, duela astebete iragarri bezala, www.bertsosarrerak.eus atarian jarriko direla salgai sarrera guztiak, bihar, ekainak 23, 9:00etatik aurrera. “Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua eskainiko da, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, ekainaren 23tik 30era, asteburuan salbu”. Halaber, egun horietan finalerako sarrera bermatuta izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek.

Egin beharreko lanak

Lehenengo Fasea
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian. 
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Finalaurrekoak

Lehen itzulian

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian. 
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Bigarren itzulian

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Finala

Goizean

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldean

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Buruz burukoan

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Ganbarako lana:
  1. Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
  2. Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Bertso-estrofak izendatzeko irizpideak lanaren arabera:
- "Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 6 puntuz" deitzen zaio seiko motzari Hegoaldean, eta "Sei puntukoa, berdinaren moldekoa" Iparraldean.
- "Hamalaukoa, txikiaren moldekoa, 9 puntuz" deitzen zaio bederatziko txikiari Hegoaldean, eta "Bederatzi puntukoa, txikiaren moldekoa" Iparraldean.

Bertsozale

Laburrean

  • Mota Bertsolaritza
  • Data 2022(e)ko Abenduak 18
  • Lekua Navarra Arena
    Aizagerria Plaza, 1
    Pamplona/Iruña
  • HizkuntzaEuskara
  • Web Navarra Arena

Non

Euskadi, auzolana