"Liburuaren arbola" erakusketa ibiltaria (Amorebieta-Etxano)

Amorebieta-Etxano 2022(e)ko abenduaren 19(e)tik 2023(e)ko urtarrilaren 9(e)ra
  • "Liburuaren arbola" erakusketa ibiltaria (Amorebieta-Etxano)

Euskararen Etxeak Liburuaren arbola erakusketa ibiltaria aurkeztu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren alguntzarekin, Bizkaiko bost herritan ikusiko dena. 

Liburuaren arbola erakusketa jarri du abian Euskararen Etxeak, liburua bera zer den ulertu eta bere garrantzia azpimarratzeko. Erakusketak liburuaren atal nagusiak erakusten ditu: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia eta baita liburuan parte hartzen duten eragileak aztertzen ditu ere: idazlea, editorea, irakurlea, inprenta eta, aldi berean, herritarrei euskal literatura eta argitaletxeen ekoizpena hurbiltzen laguntzen die, Bizkaikoari arreta berezia eskainiz.

Erakusketak Bizkaiko bost udalerri bisitatuko ditu. Portugaleten hasi du bere ibilbidea, eta herriko Gazte Gelan egongo da urriaren 11ra arte. Ondarruko Kofradia Zaharra izango du bigarren geltokia, urriaren 20tik azaroaren 10era. Erakusketak aurrera jarraituko du, azaroaren 17tik abenduaren 9ra, Getxoko Punta Begoñako Ekitaldi Aretoan. Amorebieta- Etxanoko Zelaieta Zentroak abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra hartuko du Liburuaren Arbola. Eta azkenik, Gernikako Euskal Herria Museoak erakusketa erakutsiko du 2023ko otsailaren 7tik martxoaren 5era arte.

Gorka Arrese editoreak apailatu du erakusketa, eta hitzaldi bana egingo du udalerri horietako bakoitzean. Bisita gidatuen erreserbak egiteko, deitu telefonoz, 94 402 80 81 (astelehenetik ostiralera, 8:00-20:00) edo bidali mezua, info@euskararenetxea.eus

Liburuaren Arbola

Gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako bat da liburua. Beste batzuk dira, adibidez: gurpila, aulkia, artaziak, anestesia, elektrika. Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean.

Liburuaren arbola erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz. Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena.

Gorka Arrese

Gorka Arrese (1965, Zarautz) kazetaria eta argitaratzailea da. Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta Berria agerkarietan lan egin zuen. Hogeita hamar urtez Susa literatura argitaletxeko editorea izan zen, 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehenbiziko liburuak argitaratu ditu, hala nola Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Alonso, Miren Agur Meabe, Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea, Beñat Sarasola eta abar. Literaturaren historiari buruzko perspektiba osoago bat izaten lagundu dio Armiarma.eus ataria osatzen jarduketak.

bizkaia.eus

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2022(e)ko abenduaren 19(e)tik 2023(e)ko urtarrilaren 9(e)ra
  • Lekua Zelaieta Zentroa
    Zelaieta Parkea, z/g
    Amorebieta-Etxano
  • ZenbatekoaDoan
  • Web Zelaieta Zentroa

Non

Euskadi, auzolana