Jazz uhinak hirian barrena 2022-2023: Tord Gustavsen Trío

Vitoria-Gasteiz 2023(e)ko Urtarrilak 10
  • Jazz uhinak hirian barrena 2022-2023: Tord Gustavsen Trío

2022-2023ko Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloaren barruan.

Tord Gustavsen pianistak, bere talde eta hirukotea lagun, ECM Records etxearekin, bederatzi album argitaratu ditu: Changing Places (2003), The Ground (2005), Being There (2007), Restored, Returned (2009/2010), The Well (2012), Extended Circle (2014), What was said (2016), The Other Side (2018), eta Opening (2022). Haren musikak kritikaren onespen itzela jaso du mundu osoan.

Urte askoan gehienbat hirukote gisa jo ondoren, Tordek 2008an kaleratu zuen bere proiektu berria, Tord Gustavsen Ensemble, Norvegiako Vossajazz jaialdirako enkargatutako obra batekin. Ondoren, 2009an, beste grabazio bat egin zuen. Gero, 2011-2015 bitartean, laukotea izan zen Tordek biretarako erabilitako talde nagusia, taldeko musikariekin eratutako bikote eta hirukote formatuekin batera. Proiektu zabalagoak egin zituen Kristin Asbjørnsen eta Susanna Wallumrød lagun zituela; bi emakume horiek ahotsean multzoarekin bat egin zuten, Cecilie Jørstadek spoken word egiten zuelarik, eta Nils Øklandek biolina jotzen zuelarik.

2016an, hirukote alternatibo berri batekin osatu zen taldea, Simin Tander abeslari afgano-alemaniarra eta Jarle Vespestad bateria-jotzailea lagun zituela. Album bat eta bira luze bat kaleratu zituzten, antzinako norvegiar ereserki birlanduen proiektu korapilatsu bat aurkeztuta, hala nola Siminen aita zenaren ama hizkuntza den Afghanistango pashto hizkuntzara itzulitako poema sufiak.

2018an, beste album bat argitaratu zuen, piano hirukotearen formatuan, Sigurd Hole baxu-jotzailearen eta Jarle Vespestad bateria-jotzailearen parte hartzearekin. Nahiz eta hirukoteko albumen lehen trilogiarekin lotzen den, Torden album berriak elektronika sotil bat ere badakar, eta paradoxikoki lehen hirukoteak baino soinu sakonagoa, ilunagoa eta irekiagoa dakar.

2022an, Tordek bidaia hirukote formatuan jarraitzen du, orain Steinar Raknes baxu-jotzailea sartuta, Jarle Vespestad bateria-jotzailearekin batera. Hirukoteak beste maila batera daramatza elkarrekintza asmatzailea eta birtuosismo apala.

Bakarkako ibilbideari ekin baino urte batzuk lehenagotik ere, Tord dagoeneko bazen Norvegiako jazzaren eszenaren parte garrantzitsu bat. Haren jotzeko modua giltzarri izan da zenbait proiektutan, eta proiektu horiek partaide izan zituzten Norvegiako abeslari garrantzitsuenetako batzuk, hala nola: Solveig Slettahjell, Silje Nergaard, Siri Gjære eta Kristin Asbjørnsen. Bakarkako adierazpenerako grinak bat egiten du arreta handiz entzutearekin, elkarrekintza sortzaile batean, eta horrek oso esperientzia berezia bihurtzen du Tord, bai bakarlaritzat, bai taldean.

Nahiz eta besteak beste Eskandinaviako musika folklorikoarekin, gospelarekin, Karibeko musika eta cool jazzarekin erlazionatzen den, Torden taldeek lirismo eta funk sotilaren unibertso paregabea agertzen dute. Jazzaren historia «eskandinaviar» gogoetazko aldarteekin eta edertasun lirikoarekin fusionatzeko duen moduak ahots intrigagarria sortzen du, gaur egungo musika eszenan.

Bere izena duten albumez gain, Tord entzungai dugu 30 albumetan baino gehiagotan, hainbat formaziorekin. Argitalpen ugari daude, honako hauek lagun: Solveig Slettahjell, Kristin Asbjørnsen, Mahsa Vahdat eta Silje Nergaard abeslariak; SKRUK, Det Norske Jentekor eta Osloko Katedraleko Korua; Nymark Collective, Ulrich Drechsler Quartet eta Carl Petter Opsahl bandak; eta Aire & Angels bikotea, Torden lehendabiziko grabazio proiektuan (1998an).

Tordek bere taldearekin birak egiten ditu mundu osoan zehar, hainbat formatu erabiliz. Australiako, Estatu Batuetako, Kanadako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Frantziako, Portugalgo, Espainiako, Italiako, Poloniako, Turkiako, Japoniako, Koreako eta eskandinaviar herrialdeetako jaialdi eta kontzertu areto nagusietan jo du. Sari ugari jaso ditu, hala nola Norvegiako Grammy saria (Spellemannsprisen), CHOC kritikaren sariak (Frantzia), nazioarteko jazz disko onenaren Bell Award saria (Australia), Stereophile aldizkariaren hilabeteko grabazioarena (AEB), Preis der Deutschen Schallplattenkritik (Alemania) eta Norvegiako jazz konposiziorik onenaren NOPAs Musikkpris saria. Enkarguak jaso ditu Vossajazzerako, Cheltenhamgo Jazzaldirako, Osloko Jazzaldirako, Osloko Elizako Nazioarteko Musika Jaialdirako eta Nidarosko Katedraleko Abesbatzarako.

  • Tord Gustavsen: pianoa
  • Sigur Hole: kontrabaxua
  • Jarle Vespetad: bateria


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana