Erakusketa: "Vagos, Maleantes y Peligrosidad Social. Historia gráfica de una persecución (1933-1995)"

Vitoria-Gasteiz 2023(e)ko urtarrilaren 13(e)tik 2023(e)ko otsailaren 2(e)ra
  • Erakusketa: "Vagos, Maleantes y Peligrosidad Social. Historia gráfica de una persecución (1933-1995)"

Arabako Foru Aldundiak “Alferrak, Gaizkileak eta Arriskugarritasun Soziala. Jazarpen baten historia grafikoa (1933-1995)” izeneko argazki erakusketan ikusarazten du frankismoan jazarritako talde sozialek jasandako errepresioa. Erakusketaren helburua da ahaztutako errepresio haren errealitatea ezagutzera ematea, 24 panelez osatutako erakusketa baten bidez. Panelak lau paneleko 6 taldetan multzokatuta daude, eta kubo bana osatzen dute.

Erakusketa hori foru erakundeak Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren eta Kultura Sailaren bidez bultzatutako memoria demokratikoaren proiektuaren emaitza da. Lana izan da Gasteizko Espetxe Probintzialean eta Langraiz Okako espetxe-kolonian 1959 eta 1977 bitartean Espainia osotik preso sartu ziren pertsonen fitxak osorik katalogatzea, Alfer eta Gaizkileen Legeak eta Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legeak epaitu ondoren. Dokumentu funtsa Arabako Artxiboan gordetzen da, eta, katalogazioari esker, datu base batean presoen 5.645 fitxa deskribatu dira, identifikatu ahal izateko.

Panelak Gasteizko Probintzia Plazan izango dira otsailaren 2ra arte, eta bertan dokumentuen kopiak, argazkiak, prentsa ebakinak eta ilustrazioak daude, Alfer eta Gaizkileen Legeari eta Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legeari lotutako erakusketak jorratzen duen egoera ulertzen laguntzeko, bai eta zer helburu zuen, nola aplikatu zen eta zer ondorio eta biktima izan zituen ulertzeko ere.

Kubo bakoitzak modu erraz eta ulergarrian planteatzen ditu Langraiz Okako espetxeko historiari lotutako hainbat alderdi, hala nola modernizazio ekonomikoaren aurreko eta ondorengo probintzia nolakoa zen, gaueko aisialdia, trabestismoa eta homosexualitatea, edo Langraizko presoak nola bizi ziren eta zergatik kondenatu zituzten.

Langraiz Okako espetxe-kolonia Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialeko Epaitegi Bereziek zigortutakoen kontzentrazio handieneko zentro bihurtu zen. Lan dokumental horrek egiaztatu du 1959 eta 1979 bitartean espetxeratutako presoen kopurua handia dela, 5.661 guztira, gehienak sexu arrazoiengatik. Izan ere, Langraizko espetxea, Fuerteventurako Tefía, Huelva eta Badajozeko espetxeekin batera, homosexualitatea zigortzeko zentro nagusietako bat izan ziren.

Valentín de Foronda Unibertsitate Institutuak, Arabako Foru Aldundia haren patronoa izanik, erakusketaren edukiak lantzen lagundu du, Javier Gómez Calvo Historiako doktore, Unibertsitate Institutu horretako ikerlari eta “Matar, Purgar, Sanar” lanaren egile denarekin batera. 1939 eta 1945 bitartean frankismoak Araban eragindako errepresio politikoari buruzko erreferentziazko lan akademikoa da lan hura.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko urtarrilaren 13(e)tik 2023(e)ko otsailaren 2(e)ra
  • LekuaProbintzia Plaza

    Vitoria-Gasteiz
  • HizkuntzaBat ere ez

Non

Euskadi, auzolana