Mungiako San Antontxu Jaiak 2023: egitaraua

Mungia 2023(e)ko urtarrilaren 14(e)tik 2023(e)ko urtarrilaren 29(e)ra
  • Mungiako San Antontxu Jaiak 2023: egitaraua

Osasun egoera dala eta, urte biko geldialdiaren ostean, urtarrilaren 18an itzuliko dira Mungiara San Antontxu jaiak, Mungiako Udalak herriko alkarteakaz, Jataondokaz eta BBK-kaz alkarlanean antolatuta jente guztiarentzako ekintzez beteta egongo dan jai programagaz. Urteko lehenengo hilebetean Bizkaian ospatzen dan jairik ezagunenetakoa danak San Antontxu ganadu azoka berreskuratuko dau, baita, ohikoa dan lez, San Anton egunaren biharamonean egingo dan txorizo eta odoloste lehiaketaren XXV. edizinoa be. Modu berean, jaiegunagaz zerikusia daben jarduerak aurreko eta hurrengo egunetara luzatuko dira.
 
Holan, programazinoa urtarrilaren 14an hasiko da, idi probakaz, eta 16an amaituko da San Antontxu saria banatuz. Zapatu horretan, DJ Peio, DJ Blessive eta DJ Txurru arituko dira Kukai Konpainiaren ‘Jazoerak' dantza ikuskizunaren aurretik. Aurton itzuliko dan beste ohiko jarduera bat urtarrilaren 15ean ospatuko dan Lapikoko Eguna izango da. Makilaren Kofradiak Mungiako Udalagaz alkarlanean antolatutako lehiaketaren XI. edizinoa Matxin plazan eta Foru plazan egingo da. Parte-hartzaileek, putxerak eta lapiko azkarrak ezin erabilteaz gan, osagai honeek bakarrik erabili ahal izango ditue: indaba gorria, (tolosarra, baltza edo pinta) patatak, barazkiak, piper txorizeroa barne, urdaia, saiheskia eta txorizoa. Balorazinoak eta sarien banaketa arratsaldez egingo dira. Ekitaldia Txikuri Fanfarreak girotuko dau.
 
Urtarrilaren 15ean, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Mikel Goiriena bertsolarien saioa izango da, eta amaieran, "Bertso Paper Lehiaketaren" XXIV. edizinoko sariak banatuko dira. San Anton eguna urtarrilaren 17an ospatuko da, 11:30ean San Anton Ermitan egingo dan ohiko mezagaz. Arratsalde horretan bertan, 20:00etan, Olalde Antzokiak, ‘Hortz aina hots' disko barria aurkeztuko dauen Ezpalak taldearen kontzertua hartuko dau.
 
Jente guztiarentzako jarduerak San Antontxu egunean
Urtarrilaren 18an San Antontxu Azoka Handia itzuliko da Mungiara, ganadu, animalia, artisau-produktu, landare eta fruten erakustaldiakaz, Euskadiko txorizo eta odoloste lehiaketagaz, etab. Gure Ametsa Txistulari Taldeak, trikitixek eta Amilotx Dantza Taldearen kalejirak girotuta eta mota guztietako entretenimenduz betetako eguna izango da. 11:30ean, abereen erakusketako arrazak aurkeztuko dira, haien ezaugarriei buruzko azalpenegaz. Nekazaritzako eta lorezaintzako makinen, fruta-arbolen, apaingarrien eta autoktonoen eta nekazaritzarako tresnen erakusketa ere egongo da. Azpimarratzekoa da nekazaritzako elikagaien salmenta postuak eta txosnak 95 izango direla, eta 60 erakusmahaitan banatuko direla, gehienak Bizkaikoak, baina Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko ordezkariagaz.
 
Horrez gain, arratsaldean, Mungiako Udal Pelotalekuan bikoteen arteko Esku Pelota partiduen txanda izango da, eta Olalde Antzokiak umeentzako ‘Munduari bira 80 egunetan' antzerki emonaldia jasoko dau. Urrats Taldeak emongo deutso amaiera egunari Mungiako karpan eskiniko dauen kontzertuagaz.
 
Txorizo eta odoloste lehiaketaren XXV. edizinoa
Urte biko geldialdiaren ostean, Andra Mari plazak Txorizo eta odoloste lehiaketaren XXV. edizinoa jasoko dau, herriko Merkatari eta Ostalarien Alkartearen eskutik. Bost izango dira lehiaketaren kategoriak: barazki odolostea, arroz odolostea, txorizoa, herriko barazki odolostea eta herriko txorizoa. Lehenengo sariek 500 € jasoko ditue, bigarrenek 300 € eta herrikoek 250 €. Aurton, barrikuntza lez, Andra Marin egositako txorizoa euro batean saltzeaz gain, sari banaketaren ostean txorizo irabazleen enkantea egingo da. Batutako diru guztia Friedreichen Ataxia Alkartera bideratuko da. Hori gitxi balitz, urtarrilaren 16an, ‘Guri Zer' txokoaren eskutik, bi showcooking saio egingo dira Makilaren Kofradiagaz alkarlanean. Goizeko saioa Mungiako DBHko 4. mailako ikasleakaz eta arratsaldeko saioa ostalaritzako profesinonalei zuzenduta. Topaketa horren helburua slow life produktuen kultur ondarea eta Mungiako Cittaslow kontzeptua eustea da.
 
Baina egitaraua urtarrilaren 18tik harago joango da. Zapatuan, hilaren 21ean, Bitxiak Kirol Alkarteak gimnasia erritmiko erakustaldia egingo dau Kiroldegian; arratsaldean, barriz, San Antontxu Errugbi Txapelketa jokatuko da, Mungiako Torpedo Gorria Errugbi Taldeak antolatuta. Urtarrilaren 22an Mungiako Herri Krosaren XXIII. edizinoa ospatuko da, Atletismo Klubak antolatuta. Azkenik, urtarrilaren 29an, San Antontxu Mountain Bike Zeharkaldiaren XXIX. edizinoak itxiko dau agenda.
 
Mungiako Herri Krosaren XXIII. edizinoa
Urtarrilaren 22an Mungiako Herri Krosak herriko kaleak beteko ditu barriro, bere XXIII. edizinoan. 2020ko lasterketan, 600 persona heldu inguruk eta 1.200 ume inguruk hartu eben parte. Aurton, parte-hartzaileen kopurua bardina edo handiagoa izango dala uste da. Holan, helduen lasterketak 10:30ean hasiko dira, bai 5 kilometrokoa, bai 10 kilometrokoa. Zirkuiturik laburrena aurreko edizinoetako bera izango da, eta luzeak, barriz, ibilpide bihurgunetsua izango dau, desnibel metatu handirik bakoa, baina nahiko gatx bihurtuko daben aldapatxo bi ditu. 10 kilometroko lasterketa amaitu eta gero, txikien txanda helduko da. Sei adin-tartetan banatuta, aurreko edizinoetako ibilpide berean lehiatuko dira.
 
 
mungia.eus/

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana